
Laster urtea beteko da Udaltzaingoan salaketa online jartzeko zerbitzua martxan jarri zutenetik, eta 920 espediente erregistratu dira: horien % 50 2024ko ekainetik abendura bitartean sartu ziren, eta beste erdiak, denbora gutxiagoan: 2025eko lehen bost hilabeteetan. Salaketen hileko batezbestekoa handitu egin da, 71tik 84ra, seihilekoaren arabera, eta datu horiek erakusten dute bide berriak interesa piztu duela bai herritarren artean eta bai gorabehera asko izaten dituzten atxikitako enpresen eta entitateen artean ere (Eroski, Inditex, Mercadona, Corte Inglés, finken hainbat administratzaile eta Telpark, besteak beste).
Salaketen edukiari erreparatuta, aipatutako bi aldietan ebasketa-delituak dira nagusi: 2024ko bigarren seihilekoan, salaketen % 66 izan ziren mota horretakoak, eta 2025eko urtarriletik ekainera bitarte, % 69,66. Gainerakoak kalte materialekin, ibilgailuetan eginiko kalteekin, maula-delituekin, eta galdutako objektu eta dokumentuekin lotutakoak izan ziren. Datuen argitan, ikusten da halako salaketak telematika bidez jartzeko sistema oso erabilgarria dela delitu arinak eta egile jakinik gabeak izapidetzeko, salaketa jartzen duena polizia-etxera joan beharrik gabe.
Bestelako salaketak, hala nola indarkeria fisikoarekin eta larderiarekin lotutakoak, eta sexu-izaera dutenak eta indarkeriazkoak Udaltzaingoaren bulegoetan egin behar dira: Iratxeko Monasterioaren kalea 2. Dena den, delitua gertatzen ari den momentuan bertan zer gertatzen ari den salatzeko 092 (948420092) telefonora deitu behar da, Poliziak lehenbailehen esku hartu dezan.
Komunikazio-kanpaina
Salaketak online jarri ahal izateko sistemak hainbat abantaila ditu: herritarrendako erosoagoa da, aurrez aurreko zerbitzua arintzen du... Halaber, edonoiz jartzen ahal denez salaketa (eguneko 24 orduetan, asteko zazpi egunetan, urrutitik eta ziurtagiri digitala bakarrik izanda), lehen ezkutuan geratzen ziren zenbait jokabide gehiago salatzen dira orain, gehien bat bide publikoan eta merkataritzako establezimenduetan egindako ebasketa txikiak.
Bere garaian, Udalak informazio-kanpaina bat egin zuen zerbitzu berria iragartzeko, bai kanpoan eta bai barnean: Komunitate Poliziako langileek triptiko batzuk banatu zituzten, eta argibideak eman, merkatariei nagusiki. Saltoki handietara ere eraman zuten kanpaina, eta enpresa horietako segurtasun-langileekin aritu ziren lanean nagusiki: tresna nola erabili erakutsi zieten. Hiri-finken administratzaileei ere berariazko prestakuntza eskaini zieten.
Nola egin salaketak online
Udaltzaingoan salaketak online jartzeko, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikora jo behar da: ‘Abisuak, erreklamazioak eta salaketak’ atalean sartu, eta ‘Zure ondasun pertsonalei eragiten badiete/Salaketa penala’ azpiatalera jo behar da. Nolanahi ere, Interneteko edozein bilatzailetan “salaketa penala Iruña” jarrita ere agertzen da esteka. Ele bitan egiten ahal da salaketa, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz.
Salaketa izapidetzeko, sinadura digitala erabiltzen ahal da, izan Clave iraunkorra edo ziurtagiria delakoa. Sinadura elektronikorik gabe ere egiten ahal da onlineko salaketa, baina orduan bulegora joan beharra dago aurrez aurre sinatzera. Sistemak salatzailearen datu pertsonalak, harremanetarako datuak eta etxebizitzaren datuak eskatzen ditu, eta gero, salatu nahi den gertaerarenak, gertatutakoaren deskripzioa barne. Modu elektronikoan sinatu ondoren, salaketa bidaltzea da azken pausoa.