Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren egoitza lekuz aldatu da, herritarrendako arreta zerbitzuarekin eta langileen kudeaketarekin batera, Descalzos kaleko 72. zenbakira. Toki berri horretan biltzen da, joan den urriaren 14az geroztik, 0-3 hezkuntza-zikloaren inguruko udal-jarduera osoa. Lekualdatzeari esker, espazio zabalagoa da orain, eta herritar ororendako irisgarriagoa. Izan ere, bulegoak udal-eraikinaren beheko solairuan daude, sarreretan ez dago oztoporik, eta horrela familiak haurrekin sartzen ahal dira zalantzak argitzera eta izapideak egitera. Herritarren Aferen Batzordeak, Cristina Ibarrola alkatearekin batera, egoitza berria bisitatu du gaur goizean eta erakundearen eguneroko lanaren berri jaso du.
Gaur egun 12 lagunek egiten dute lan erakunde autonomoaren egoitza berrian: gerenteak, zuzendari teknikoak, 7 administrarik, giza baliabideetako teknikari batek, gizarte langile batek eta kontu-hartzaile batek. Horiei guztiei haur-eskoletan beharrezkoak diren beste sei profil profesional gehitzen zaizkie, hala nola gizarte-langilea, lantegigileak, psikologoa, nutrizionista eta erizaina; erakunde autonomoaren mende dauden arren, Udalaren haur-eskola guztietan modu ibiltarian lan egiten dute. Haur-eskola batetik bestera joan behar ez dutenean, lantegigileek lanpostu finko bat dute Goiz Eder Haur Eskolan, eta Lezkairuko Haur Eskolan, gainerakoek.
Descalzoseko 72.ean egiten den lana, batez ere, haur-eskola batera nola sartu jakin nahi dutenei arreta ematea da, eskolen pedagogiaren eta ezaugarrien berri ematea edo haur-eskolan zuzenean konpondu ezin den arazoren bat dutenei erantzutea. Helburua da egoitza berri horretan datorren ikasturtera begirako onarpen-prozesuaz arduratzea eta epez kanpo heltzen diren eskaera horiek izapidetzea. Zentzu horretan, eremu zabalagoak dituenez, izen-emateko prozesuak bertan eginen dira. Aurreko urteetan beste udal-espazio batzuk erabili behar izan ziren, hala nola Calderería aretoa eta Geltoki, antzinako instalazioetan ezinezkoa zelako horrenbeste jenderi arreta ematea.
Berez, Descalzos kalera heldu aurretik, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak autobus-geltoki zaharrean zuen egoitza, Oliveto Kondearen etorbidean. Higiezina joan den mendeko 30eko hamarkadakoa da, eta oinarrizko gabezia batzuk zituen –esaterako, ez zuen igogailurik–, eta horrek herritarrak bulegoetara iristea zailtzen zuen, bigarren eta hirugarren solairuetan baitzeuden. Lekualdaketa, beraz, beharrezkoa zen haien kargura 0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten guztien kontsultei erantzun ahal izateko.
Hamabi haur-eskola, ia mila leku
Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bidez, Iruñeko Udalak hiriko auzoetan sakabanatuta dauden hamabi haur-eskola kudeatzen ditu. Hala ere, 2023-2024ko ikasturtean, Donibane auzoan dagoen Donibane Haur Eskola itxita dago, berritze-lanak egiten ari baitira. Horregatik, aurten plaza kopurua murriztu egin da aurreko ikasturteekin alderatuta: 102 plaza gutxiago.
Guztira 219 langilek egiten dute lan zabalik dauden hamaika haur-eskoletan. Horietatik 159 hezitzaileak dira, 39 laguntzaileak eta 10 sukaldariak. Horrez gain, haur-eskola bakoitzean zuzendari bat dago.
2023-2024ko ikasturte honetan Udalak guztira 967 plaza eskaini ditu. Horietatik 850 egonaldi osokoak dira, eta 117, egonaldi erdikoak. Une honetan bi plaza bakarrik daude bete gabe, biak ala biak Izartegi Haur Eskolako 2-3 urtekoen gelan. Udalaren 967 plaza horietatik 519 eskaini dira. Izan ere, gainerakoak aurreko ikasturtean izena eman zuten haurrek bete zituzten. 519 plaza libre horietatik 420 egonaldi osokoak izan ziren, eta 99, egonaldi erdikoak.
Udalaren haur-eskolen artean, azken ikasturte honetan eskaera gehien jaso dituztenak hauek izan dira: Lezkairu, 338 eskaera (% 21,47); Mendillorri, 164 (% 10,41); Mendebaldea, 159 (% 10,10); Hello Azpilagaña, 143 (% 9,08); Printzearen Harresi, 134 (% 8,51); Hello Buztintxuri, 121 (% 7,68), eta Goizeder, 82 (% 5,20). Horiez gain, 71 eskaera jaso ziren (% 4,51) Izartegin; 78 (% 4,95) Haurtzaron; 34 (% 2,16) Hello Egunsentin, eta 38 (% 2,41) José Mª Huarten.
Behin-behineko izen-emateen kopuruaren eta leku hutsen arteko alderik handiena Lezkairun eman da –338 eskaera jaso zituen eta 66 leku huts zituen (behin-behineko izen-emateen % 19,53ari erantzun zion)–, eta ondoren Mendillorrin –164 eskaera eta 51 leku huts (% 31,1i erantzun zion).
IRUÑEKO UDALEKO HAUR ESKOLAK
- Jendaurreko arretarako bulego berriak Descalzos kaleko 72. zenbakian (beheko solairuan)
- Telefonoa: 948 420 098
- Arreta-ordutegia: 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera