Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntzaren eredu berriak herritarren itxarote-denbora murriztu, arreta hobetu eta antzemate goiztiarragoa ahalbidetzen du

Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntzaren eredu berriak herritarren itxarote-denbora murriztu, arreta hobetu eta antzemate goiztiarragoa ahalbidetzen du
Eredu berriaren ebaluazioak agerian uzten du itxarote-zerrenden murrizketa eta Auzo Unitateetan lantalde iraunkorren finkapena

 

Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntzaren eredu berriak herritarren itxarote-denbora murriztu, arreta hobetu eta antzemate goiztiarragoa ahalbidetzen du. Hauek dira Gizarte Zerbitzuetako Alorraren eta Udaleko Estrategia Bulegoaren artean egindako Oinarrizko Laguntzaren Ebaluazioaren ondorioetako batzuk. Gaur aurkeztu du Herritarren Aferen Batzordean eta prentsaurrekoan Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Zinegotzi Ordezkari María Caballerok, zeinak azaldu baitu helburu nagusia dela “Iruñean bizi direnei Gizarte Zerbitzuetako alorrean ematen diegun arreta hobetzea, eta horretarako bi ildotan lan egin dugu: giza-baliabideak eta baliabide ekonomikoak handitzea eta ematen ari ginen arretaren eraginkortasuna hobetzea”.

Parte-hartzean ere gogoratu du Auzo Unitateek ez zutela Alarma Egoeran inoiz bere jarduera eten, aurrez aurreko arreta mantenduz, Udaleko baliabide horietara doazen pertsona askok duten eten digitala ekiditeko. Are gehiago “beste entitate edo departamentuei laguntza eman zieten, hala nola hezkuntzari, etxebizitzari, Gizarte Segurantzari edo Estatuko Enplegu Zerbitzuari, arreta bakarrik telematikoki egiten baitzuten; izan ere, herritarrendako erreferentzia-puntua gara auzoetatik hurbil gaudelako eta gizartearen edozein premiaren aurrean laguntza-baliabide garelako”.

Ebaluazioak biltzen du, antolaketa berriaren indarguneen artean, baheketa gune bat sortzea, lehen arreta arindu duena eta itxarote-zerrendak arindu dituena, eta lantalde egonkorrak sortzea Auzo Unitate bakoitzean, langileak unitate bakarrera atxikiz, espezialitatea mantendu ordez.

Erabiltzaileendako erreferentzia profesionala hobetu da

Horrela, hobetu da erabiltzaileendako erreferentzia profesionala, profesional bakoitzaren jarduketa-eremuaren ezagutza, talde bateko kide izatearen sentipena eta auzoko gainerako eragileekiko koordinazioa, hala nola hezkuntzarekin, osasunarekin eta beste gizarte-entitateekin. Iruñeko Auzo Unitateetako langile profesionalen % 2a bakarrik itzuliko litzateke 2019an ezartzen hasi zenaren aurreko eredura.

Laburpen gisa, eredu berriaren inguruko pertzepzio orokorra da teknikoki oinarrituta dagoela eta zuzendaritzak hura bideragarri egitearen aldeko apustu argia egiten duela. Ikerlan horrek Iruñeko Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzaren eredua aztertzen du, 2019an 13 Auzo Unitateetatik 7tan txertatutakoa. Iaz gainerako 5 Auzo Unitateak gehitu ziren. Ebaluaziorako erabilitako metodologia ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboaren estrategiak konbinatu ditu eta hiru ardatzetan oinarritu da: lurraldekoa (auzo unitate bakoitza), profesionala eta existitzen diren lau programena. Honako baliabide hauek erabili dira: bigarren mailako estatistika-iturriak, Auzo Unitateetako profesionalei zuzendutako inkesta bat, elkarrizketa sakonak programen arduradunekin, eztabaida-taldeak profil profesional guztiekin eta lau programen inguruko lantegiak. Iaz hasitako azterlanaren egutegia osasun krisiaren egoerari egokitu zaio une bakoitzean.

Gizarte-premiendako erreferentzia-puntuak

Auzo Unitateak Udaleko Gizarte Zerbitzuen erreferentzia-puntuak dira herritarrentzat eta Iruñeko auzo guztietan banatuta daude. Herritarrei Oinarrizko Laguntzaren lau programetan sartzeko aukera ematen die (Harrera eta Gizarte-orientazioko programan; Norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arta emateko programan; Haurrei eta familiei laguntzeko programan eta Gizarteratzekoan) eta prestazioak eskuratzeko eta gizarte-programetan sartzeko bide dira. Adibidez, honako hauetaz arduratzen dira: etxebizitza- eta mantenu-gastuetarako dirulaguntzak kudeatzeaz, Etxez etxeko laguntza Zerbitzuaz, Familietan esku-hartzeko programez, mendekotasunarekin lotutako prestazioez eta gizarte-babeserako hainbat sistemez, apartamendu babestuetarako altez, lanera bideratzeko prestakuntzaz, eta abarrez.

Gaur egun, 101 profesionalek lan egiten dute (kopuru hori alda daiteke kontratazioen eta laguntzen arabera) eredu berria ezarri ahal izateko sartu diren langileen kontratazioaren ondoren. Alorrak Oinarrizko Laguntzaren egitura 15 profesionaletara handitu du. Auzo Unitateak urtean 43.000 arta gainditzen dituzte, eta kopuru hori iaz pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz handitu egin zen. Soilik martxoa eta urria bitarte, Auzo Unitateetara joan ziren pertsonen altak % 17 igo ziren.

Eredu berriaren 6 helburuak

Eredu berriak konpondu nahi ditu, besteak beste, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntzaren Agiri-markoan antzemandako arazo nagusiak. Honako hauek dira egungo antolaketaren 6 helburuak, ebaluazioak betetzen ari ote diren ikertzen dituenak: herritarrei erantzun homogeneoa eta arina bermatzea zatikatzeak eta bikoiztasunak ekidinez; lurralde-aniztasuna Auzo Unitateen arretan txertatzea baliabideak eremu bakoitzari egokituz (adibidez, eskaerak lehenesten dira egoera sozioekonomikoaren, herritarren zahartzearen, auzoetan dauden baliabideen eta abarren arabera); Oinarrizko Laguntza zerbitzuen zatikatzeak gainditzea; zerbitzuaren kultura eta talde-lana sustatzea; ezagutzaren kudeaketa eta praktika profesionala hobetzea eta sistemaren lidergo eragile baten alde lan egitea.

Egin diren aldaketak garrantzitsuak izan dira, langileen zuzkiduran, eskaera artatzeko formuletan, herritarrei erantzutean, kudeaketa-prozeduretan eta antolaketa-egituretan.

Baheketa gunea, eredu berriaren indarguneetako bat

Eredu berriaren helburuetako bat eskaerari erantzun homogeneo eta arina ematea da, eta horretarako gainezkatutako Harrera Programa konpondu behar zen. Horretarako baheketa -gunea sortu da, eta besteak beste, programa horrek egiten zituen zenbait funtzioz arduratzen da, batez ere prestazioen eta ziurtagirien kudeaketa administratiboaz arintzeko. Auzo Unitateetan lan egiten duten % 94k neurriaren aldeko apustua egiten dute eta % 67arentzat, eraginkorra da.

Egun, baheketan egiten diren artak % 22 dira, eta horietatik, % 72, azken hitzorduak dira. Harrera Programaren esku-hartzeek % 6,7 egin dute behera eta itxarote-zerrenda 1 edo 2 astetan murriztu da, beraz hautemate ahalmena handiagoa eta goiztiarragoa da. Hala ere, lasaitu-maila ez da horren garrantzitsua izan hasiera batean aurreikusitako langileen kopurua murrizteko.

Ereduaren beste helburuetako bat da lurralde-aniztasuna Auzo Unitateen arretan txertatzea, kontuan hartuz nabaritzen zela taldeen dimentsionamendua ez zela egokia eta % 50ek uste zutela ez zetorrela bat auzoko eskaerarekin (adibidez, eremuen artean aldaketa handia dago, Iturraman, % 0 eta Milagrosan, % 100). Ebaluazioak erakusten du % 90arentzat profesionalak auzo bakar bati atxikitzeko neurria egokia dela eta azterlanak ondorioztatzen du helburu hori lortzeko hartutako neurriak “egokiak eta koherenteak” direla.

Talde-lana eta balioaniztasuna programen arteko zatiketa gainditzeko

Programen zatiketaren inguruan, azterlanean agerian uzten da Autonomia programan argitasuna dagoela baina ez beste programa batzuetan, hala nola Gizarteratzeko programan, eta irizpiderik ez dagoela kasuak programen artean desbideratzeko. Halaber, nabarmentzen da profesionalak programa zehatzetako kide sentitzen direla, Oinarrizko Laguntzatik harago, eta beraz, eredu berrian talde-lana eta balioaniztasuna bilatu behar dira zatiketa hori gainditzeko. Ildo horretan, antolaketa berriak gainerako programen profesionalen ezagutza handitzen lagundu du, eta herritarrei erantzun balioaniztunagoa eta integralagoa ematea ahalbidetu du, talde-lanaren kontzientzia zabalduz. Izan ere, % 60k balioaniztasun horren alde egiten du.

Balorazio positiboa (langileen % 92) izan duen beste puntu bat agendan gune malguak sortzea da eta % 69k dio arreta eta plangintza hobea dakartzatela. Antolaketa berriaz  alderdi negatibo bat aipatzen da: sentsazioa dago gizarteratzeko eta haurtzaroko programetan kasuei behar den intentsitateaz ezin zaiela heldu.

Laugarren helburua talde-lanari eta zerbitzu-kulturari lotuta dago eta Auzo Unitateetan lan egiten duten % 78rentzat, hori lortzen da profesionalak auzo bakar bati atxikiz, horrela auzoaren eta lan egiten duten espazioaren ikuspegi osoagoa lortzen baita, “zerbitzu-kultura” baterako garapena bultzatuz. Horrela, % 79k Oinarrizko Laguntzaren kontzeptua partekatzen dute, % 71k erantzuten du programen arteko lankidetza handiago ematen ari dela eta % 61ek adierazten du bere Auzo Unitateko kide izatearen sentimendua duela. Halaber, % 94k balorazio positiboa egin du astero koordinatzeko gune bat izatearen inguruan, % 80k “zerbitzuaren kultura” sustatu dela dio eta % 71k uste du gune seguruak direla informazioa eta kasuetatik datozen zailtasunak partekatzeko. Puntu negatiboa lan komunitarioa faltan igartzen dela da.

Intzidentzietarako irizpiderik ez eta eredu berriaren balorazio positiboa

Ezagutzaren kudeaketa eta praktika profesionala hobetzearen inguruan, Oinarrizko Laguntzan lan egiten dutenek ebaluazioan aipatzen dute arreta erregistratzeko erremintak ez direla nahikoak, ez daudela prozedura argiak intzidentziak konpontzeko eta Alorrean informazioa transmititzeko katea ez dela guztiz eraginkorra. Halaber, prestakuntza-planteamendua ez da modu egokian garatzen ari eta horren komunikazioa ez da nahikoa.

Azkenik, eredu berriak Gizarte Zerbitzuetako alorreko arduradunen rol bikoitza ekarri du. Orain arte arduradunak lau programetakoak ziren eta orain eremuko-ardura bat egotzi zaie, hau da, hiru auzo unitate bitarte hartu dute bere gain. Hori positiboki baloratu dute inkestetan parte hartu zutenen % 80k.

Langileen banaketa doitzea eta erremintak eta irizpideak hobetzea

Ebaluazioaren amaieran, eredu berria hobetzeko 6 helburuekin lotutako gomendio batzuk ematen dira. Adibidez, langile profesionalen banaketa programaren eta auzoaren arabera doitzearen alde egiten da, eta Auzo Unitateetan eskaeraren presioa eta erantzun egokia arintzearen alde. Era berean, programen arteko ezagutza hobetzearen alde eta Oinarrizko Laguntzan lanaren aldeko sentimendua bultzatzearen alde agertu dira, eta ez programa jakin batean, bai eta komunikazio-bideak eta barne-koordinazioa hobetzearen eta programen arteko desbideratzeko bidea arintzearen alde ere.

Halaber, azterlan soziodemografikoa egitea proposatzen da auzoko errealitateak hobe ezagutzeko, bahetze-irizpideak homogeneizatzeko eta kalitatea handitzeko informazioko eta eguneroko kudeaketako baliabideetan eta erregistroetan.

¿Te ha sido útil esta página?