
Gazteluko Plazan haur eta nerabeendako Eguberrietako jolas-karpa izanen da datorren ostegunetik (abenduak 26) aurrera. Eskaintza ludikoa da, txikienek jolas libreez gozatzeko eta hainbat jarduerarekin esperimentatzeko aukera ematen duena, ingurune seguru batean.
Iruñeko Udalak Haur, Nerabe eta Familiendako Programako jardueren barruan antolatu du Eguberrietako karpa hori. Eguberrietako karparen haurrendako eta familiendako aisia eta denbora librerako proposamen hori 250 metro koadroko gune batean gauzatuko da; sarrera doakoa izanen da, eta esperimentazio-jarduerak, lantegiak, jolasak eta jarduerak egin ahal izanen dira bertan. Karpa abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitarte egonen da zabalik. Oro har, goiz eta arratsaldez irekiko da (11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara), salbu eta abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, goizez bakarrik irekiko baita.Urtarrilaren 1ean itxita egonen da
Karpan jardueretarako hainbat txoko sortu dira, adingabeek modu librean jolastu eta parte hartu ahal izan dezaten. Begiraleak izanen diren arren, haurrek beren kabuz ezarriko dituzte helburuak eta jolasteko moduak, era aktiboan parte hartu eta ikusle huts izan ez daitezen. Berez, txoko guztiak taldean eta elkarlanean aritzeko diseinatu dira.
Barrutian ‘Familiarteko aurpegi margoketako txokoa’ sortu da, hezitzaileek lagunduta txikiek eta haien senitartekoek elkar margotu dezaten. ‘Ganbara’ izeneko gune bat ere izanen da. LEGO Soft eta eraikuntzako hainbat material jasangarriz hornituta egonen da gunea, txikiek libreki esperimentatu dezaten. Horiez gain ‘XL Jolasen Eremua’ sortu da, haien arteko elkarrekintza teknologiarik gabeko ingurune batean sustatzeko, tamaina erraldoiko mahai-joko berritzailez osatutako bildumak baliatuz. Era berean, ‘Lego Jolasen Eremua’ ere izanen da, non Lego piezak ikaskuntza aktiborako tresna izanen diren, eta helburua sormena, pentsamendu logikoa eta gizarte-trebetasunak sustatzea. Izan ere, eraikuntzaren eta elkarlaneko jolasaren bidez, haurrek mugitzeko trebetasunak, autonomia eta lankidetza garatzen dituzte, eta ikaskuntza esanguratsua sustatzen dute aurkikuntza- eta lankidetza-giroan. Sormen horri keinu bat egiteko, hain zuzen ere, hiriko hainbat leku enblematikotako eraikinak izanen ditu guneak, besteak beste, Gazteluko plazako kioskoa.
Txikienendako ‘Ludoteka eta Hondar-eremua’ diseinatu da, zentzumenen esploraziorako eta garapen psikomotorrerako ingurune seguru bat eskaintzeko.
Azkenik, ‘Nolako herria halako Eguberria’ izeneko eremu bat prestatu da, euskarazko jarduerak eskaintzeko.
GAZTELUKO PLAZAKO EGUBERRIETAKO KARPA
Tokia: Gazteluko plazan
Ordutegia: abenduaren 26tik urtarrilaren 5era
o Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra: 11:00 – 13:30 eta 17:00 – 20:00
o Abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean: goizez bakarrik, 11:00 – 13:30
o Urtarrilaren 1ean: itxita.
Doakoa
Eremuak:
o ‘Familiarteko aurpegi margoketako txokoa’
o Ganbara, eraikuntzak egiteko gunea
o ‘XL Jolasen Eremua’
o ‘Lego Jolasen Eremua’
o ‘Ludoteka eta Hondar-eremua’
o ‘Nolako herria halako Eguberria’