Gaztediaren Etxeak orientazio praktikoez osatutako informazio-eskuliburu bat aurkeztu du, gazteen elkarteek deskonfinamenduari bermez hel diezaioten

Gaztediaren Etxeak orientazio praktikoez osatutako informazio-eskuliburu bat aurkeztu du, gazteen elkarteek deskonfinamenduari bermez hel diezaioten
Deskargatzeko moduan dagoen ‘Itzulera etorkizunera’ izeneko gida hau bertako aholkulariek egunero sare sozialetan argitaratzen dituzten informazio ‘ogi-txigortuen’ osagarri da
Fitxategi

etorkizunera itzulera

Gaztediaren Etxeak ‘Itzulera etorkizunera’ gida prestatu du, askotariko aholkuak biltzen dituen eskuliburu ireki bat, hiriko gazteen elkarteei zuzendua, deseskalatzean segitu beharreko jarraibideen inguruko informaziorik onena eduki dezaten. Diseinatutako material horrek askotariko gaiei heltzen die, hala kontu orokorrei, adibidez, norberaren segurtasun eta higienerako neurriei, deskonfinamenduaren faseei buruzko informazioari, paseoak emateko edo ariketa fisikoa egiteko ordutegiei eta mugikortasun proposamenei, nola kontu zehatzagoei, elkarteentzat berariaz pentsatutakoei. ‘Itzulera etorkizunera’ proposamenak alarma-egoera baino lehenagoko garaira itzultzeari egiten dio erreferentzia; itzulera horrek, aitzitik, ezinbestean ekarriko du agertoki fisiko, ekonomiko zein mental berriei aurre egin beharra.
 

Hori horrela, gazteek honelako informazioa aurkitzen ahalko dute gida horretan: bilera-tokiak “seguru” mantentzeko formularik onenak; pandemiak elkarteei dakarzkien ondorio legalak; behin deseskalatzea hasita programatu daitezkeen jarduera mota egokienen inguruko aholkuak, eta beste zenbait kontu, esate baterako edukierak, sarbide-kontrolak saioetan eta abar. Izan ere, kezka horiek piztu zaizkie gazteen elkarteei eta gazteei zerbitzu ematen dieten entitateei, COVID-19ak eragindako osasun-alertako egoera arindu eta mailakako deskonfinamendua hasitearekin batera berrabiatuko baita haien jarduna.
 

Zenbat lagun bildu daitezke metro koadroko? Zer datu dira erregistroa eramateko bezain interesgarriak? Zer da koronatalde bat eta nola gauzatzen da kontrol- eta jarduketa-protokolo bat? Zer online jarduera izan daitezke interesgarri, prestakuntza edo emozio-hezkuntzaren ikuspegitik? Kontu horiek guztiak lantzen dira elkartegintzan espezializatuta dagoen Gaztediaren Etxeko aholkularitza-zerbitzuan mamitu den argitalpen horretan. Gida deskargatzeko moduko formatu digitalean prestatu da, hala gaztelaniaz nola euskaraz. Sistema honek astez aste eguneratzeko aukera ematen du, egoera sanitario, sozial eta normatiboak duen bilakaera zein den eta horren arabera.
 

‘Itzulera etorkizunera’ gida www.pamplonajoven.es webgunean dago eskuragarri dagoeneko, eta koronabirusari buruzko berariazko webgunetik ere https://www.pamplona.es/eu/koronabirusa/ekimenak iris daiteke bertara. Diseinatutako materiala etengabeko berritze-prozesuan egonen denez, Gaztediaren Etxeak gidaren hartzaileak animatu nahi ditu nahi beste ekarpen edo iruzkin egitera, hura osatzen joan eta eguneratuta edukitze aldera.
 

Informazio gehiago: 777 hartzaile “ogi-txigortu” bakoitzeko
 

Gida hau Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Espezializatuen azkeneko ekimena da, baina izan dira aurrez beste batzuk; izan ere, joan den hilabetetik ari dira informazio-mokadu txikiak argitaratzen, bideo-formatuan, @PamplonaJoven eta @IruñaGaztea, profiletan, Facebooken, Twitterren eta Instagramen. Gaztelaniaz eta euskaraz prestatu dituzte “ogi-txigortu” delako horiek: 60 segundoko ikus-entzunezkoak dira, sare sozialetarako pentsatuak, eta Gaztediaren Etxeko postontzietara iritsi diren zalantzarik ohikoenak argitzea dute xede.
 

Baina horrez gain, proaktiboak dira, hau da, gazteek beren etxeetatik protagonizatzen dituzten informazio-tarte txiki horietan iradokizunak egin eta aholkuak ematen dituzte, eta uneotan interesgarri izan litezkeen baliabideak ere aurkezten dituzte. Lan hori Gazteendako Informazio Bulegoak koordinatu du, eta aholkularitzetako kudeatzaileek zein bertan praktikak egiten dituzten ikasleek parte hartu dute.
 

Gaur-gaurkoz 14 “ogi-txigortu” argitaratu ditu Gaztediaren Etxeak sareetan, eta www.pamplona.es/coronavirus/jovenes-responden webgunean ere eskuragarri daude. Egunez egun, gisa honetako gaiak hartu dituzte hizpide, besteak beste: zer gertatzen da bi hilabete hauetan iraungi diren NAN edo gidabaimenekin?; zer baliabide daude online ikasteko?; nola lortu Iruñeko Liburutegi Publikoetako txartel birtuala?; nola hartu alta modu digitalean Gazte Bermearen Sisteman?, edota nola jardun behar da eraikinetako gune komunetan?. Bideo horiek 10.888 erabiltzailerengana iritsi dira, eta edukiak 436 aldiz partekatu dira (interakzioak). Oraingo egoera normalizatu arte, egunean argitalpen bat egiten jarraitzea aurreikusi dute.