Gaztediaren Etxeak informaziozko ‘ogi-txigortuak’ zabaldu ditu sare sozialetan gazteei zalantzak argitu eta aholkuak emateko konfinamenduak iraun bitartean

Gaztediaren Etxeak informaziozko ‘ogi-txigortuak’ zabaldu ditu sare sozialetan gazteei zalantzak argitu eta aholkuak emateko konfinamenduak iraun bitartean
Proposamen berri hori Gazte Informazioaren Europako Egunaren ekimenen baitan dago, zeina ostiral honetan izanen baita

Ikusi bideoak

Picatostes

 

Covid-19 koronabirusaren pandemiaren hedapena dela bide Gaztediaren Etxeak ate fisikoak itxi egin behar izan ditu, baina baliabide berriak jarri ditu abian Iruñeko gazteekin harremanean jarraitzeko. Hain zuzen ere, noiz eta gaur ekin dio ‘Gaurko ogi-txigortua’ izenez bataiatu duen ekimen berriari. Informazio-dosi txikiak dira, bideo formatuan, eta egunez egun argitaratuko dituzte haien Facebook, Twitter zein Instagrameko @IruñaGaztea eta @PamplonaJoven profiletan. Ez hori bakarrik, informazio-pilula horiek https://www.pamplona.es/eu/koronabirusa/gazteen-erantzunak udal-webgunean ere jarriko dira, hiritar orok izan dezan euskaraz nahiz gaztelaniaz kontsultatzeko aukera. Bideo horien helburua da Gaztediaren Etxeko postontzira iristen diren zalantzak argitzea, iradokizunak egitea, aholkuak ematea eta konfinamendu garaian interesgarriak izan litezkeen baliabideak ezagutaraztea. Guztia minutu batera ere iristen ez diren dosi txikietan, mezua argi irits dadin.
 

Gaur, ostirala, Gazte Informazioaren Europako Eguna dugu, eta horren ekitaldien baitan egin da proposamena, aurten herritarren konfinamenduak eta funtsezkoak ez diren zerbitzuen itxierak ospakizuna lausotu badute ere. Nolanahi ere, Gaztediaren Etxeak data hau baliatzea erabaki du  informatzen jarraitzeak duen garrantzia azpimarratzeko, are gehiago krisi garai honetan, non aise zabaltzen baitira desinformazioa eta albiste faltsuak.
 

Informazio ‘ogi-txigortuak’ Gazteendako Informazio Bulegoan eta aholkularitza espezializatuetan eginen dira, aholkularitza horietan praktikak egiten ari diren ikasleen parte-hartzearekin. Pilula horien bidez hauen gisako galderei erantzunen zaie: eraikinen eremu komunetara joan daiteke kirola egitera?; zer egin behar da NANa Alarma egoeran iraungiz gero? Bestalde, gazteek eskura dituzten online-prestakuntzako baliabideei buruzko informazioa ere emanen dute. Helburua da egunean bideo txiki bat argitaratzea informazio dosi batekin. Baliabide hau eskaintzeaz gain, Gaztediaren Etxeak gogoratu nahi du kontsultei erantzuten jarraituko duela casajuventud@casajuventud.com helbidean eta  948233512 telefonoan.
 

8.000 kontsulta baino gehiago 2019an

Ekimen berri honek Gaztediaren Etxeko Gazteendako Informazio Bulegoak konfinamendu aldian burutzen duen jarduna ikusarazten lagunduko du; izan ere, 1992az geroztik doako zerbitzu publiko gisa dihardu, informazioa tresna erabilgarria izan dadin Iruñeko gazteentzat. Urtero milaka gaztek jotzen dute bertara gai ezberdinen inguruko argibideen bila, hala beka eta lehiaketei buruzkoak, nola ikastaro zein lan-eskaintzei buruzkoak, besteak beste. Urrunera joan gabe, iaz 8.673 pertsona artatu zituen Gazteendako Informazio Bulegoak.
 

Kontsultagairik ohikoenak ikasketak, prestakuntza eta kultur ikastaroekin loturikoak izan ziren; 3.021 kontsulta (guztizkoaren % 35). Haien atzetik aisia eta jarduerei buruzko kontsultak datoz, guztira  2.632 kontsultarekin (% 30). Horiez gain 492 kontsulta jaso ziren (% 6) enpleguari lotuta, 320 (% 4) beken gainean, 297 (% 3) sari eta lehiaketei buruz, 194 (% 2) osasun gaiez, eta 46 kontsulta (% 1) etxebizitzari buruz.
 

Gazteendako Informazio Bulegoak zuzenean ematen duen arretaz gain, Gaztediaren Etxeak beste zerbitzu osagarri batzuk ere eskaintzen ditu, gai batzuen inguruko informazio espezializatuagoa emateko. Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Espezializatuko Zerbitzua Iruñeko Udalak sortutako baliabide bat da 14tik 30 urtera bitarteko gazteei arlo jakin batzuetan harrera profesionala, konfidentziala eta doakoa eskaintzeko. Aholkularitza juridikoa, asoziazionismoari buruzko aholkularitza, aholkularitza psikologikoa, ikasketako, irtenbide profesionaleko eta aisialdiko aholkularitza eta gazte-ekintzailetzarako aholkularitza eskaintzen ditu.
 

Beste baliabide batzuk

‘Gaurko ogi-txigortua’ ekimena Gaztediaren Etxeko informazio-zerbitzuetan egiten ari diren lana osatzera dator. Izan ere, Gaztediaren Etxeko sarreran egon ohi zen informazio-panela sareetara eraman eta panel birtual bat sortu dute gazteendako interesgarria izan daitekeen informazioa argitaratzeko, hala nola, Nafar Lansareren lan-eskaintzak, lehiaketak, jarduerak eta ikastaroak...


Halaber, Aholkularitza espezializatuek gaurkotasuna duten gaiei buruzko artikuluak, infografiak eta haiekin zerikusia duten agiriak argitaratu dituzte, gero Gazteriako sare sozialen bidez hedatzeko, eta haien eskumeneko gaiekin zerikusia duten jarduerak ere prestatu eta antolatu dituzte gazteendako. Egun hauetan argitaratu diren infografien artean konfinamendu aldian gazte-elkarteak nola kudeatu edota etxean ikasteko aholkuak azaltzen dituztenak aurkituko ditugu, besteak beste.

¿Te ha sido útil esta página?