Gaztediaren Etxeak 50.000 euro bideratuko ditu eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta gunea egokitzeko, bertan klimatizazio-sistema bat instalatze aldera

Gaztediaren Etxeak 50.000 euro bideratuko ditu eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta gunea egokitzeko, bertan klimatizazio-sistema bat instalatze aldera
Sarreran ate lerragarri bikoitzak jarri dira eta burutu da eraikineko leiho guztiak aldatzeko prozesua
casa de la juventud

Gaztediaren Etxean zenbait lan egin dituzte azken asteotan, 1960ko hamarkadako eraikin horren energia-eraginkortasuna hobetzeko. Guztira lau obra txiki egin dituzte, 50.000 euroko kostuaz. Aurrekontu horren gehiengoa kanpo-arotzeria ordezkatzeko lanetara bideratu dute, oraindik berritu gabe zeuden eta. 15 leiho-zulotan egin dira lanak, eta hemendik aurrera aluminio berdekoak eta lerragarriak izanen dira leihoak. Esku-hartze horrek 27.317 euro jo du, eta hari esker Gaztediaren Etxeak berritutzat eman ditu leiho guztiak.
 

Baina hori ez da izan udal-zerbitzuan energia-eraginkortasuna eta erabiltzaileen erosotasuna hobetze aldera eraikinean egin den obra bakarra. Zehazki, ate lerragarri bikoitza jarri da eraikinaren sarreran, 13.791 euroko kostua izan duena. Zaharberritze-lan horrez gain, aire-gortina bat jarri da, eraikin barruko tenperatura doitzeko sarreratik bertatik. Instalazio horrek 5.257 euroko inbertsioa behar izan du.
 

Azkenik, zenbait lan egin dira eraikinaren estalkian, zertarako eta Gaztediaren Etxeak aurreikusita dituen klimatizaziorako kanpo-sistemei eutsiko dien hesi metaliko bat paratzeko. Horrek 3.664 euroko inbertsioa behar izan du.
 

Jarduketa horiek guztiak 2020an zehar eginen diren klimatizazio-lanen aurretik egin dira, eta orain arte egindakoei jarraipena emanen diete. Izan ere, eraikin honen orientazioa dela-eta –leihate zabalak ditu hegoalderantz– barneko tenperatura bereziki altua da udaberri amaierako hilabeteetan eta udan. Horregatik klimatizazio-sistemak jarri dira, apurka-apurka, hori gehien antzematen den guneetan, eta lan horiei jarraipena emanen zaie aurten.
 

Eraikin sariduna
 

Iruñeko Gaztediaren Etxea, Zangoza kalean kokatua, eraikin sariduna da. Espainian Gaztediaren Etxea izateko asmoz sortutako lehen eraikina da. Frantziako urratsei jarraituz egin zen, eta orduan aitzindaria izan zen. Estanislao de la Quadra-Salcedo eta J. Capdevila arkitektoen obra 1966an eraiki zen. Nafarroako Gobernua da jabea, baina Udalari laga zaio hitzarmen baten bidez, zeina 2016an berritu baitzen hurrengo 30 urteetarako. Duela zazpi urte, DOCOMOMO Ibérico Fundazioak Gaztediaren Etxeko eraikina saritu zuen, XX. mendeko arkitekturari egindako ekarpenarengatik.
 

Joan den urrian, Etxeak 50. urteko ibilia ospatu zuen, eta ospakizun-ekitaldi hartan ibilbidea egin zen bereziki Iruñeko eta, oro har, Nafarroako gazteei zerbitzu eta laguntza ematen igarotako bost hamarkadatan barna. Gazteendako elkargunea da Etxea, eta askotariko proposamenak eskaintzen ditu, hala ludikoak nola prestakuntzakoak zein sozialak, denboraren poderioz bilakaera bat eduki dutelarik. 2018an, eskainitako zerbitzuek 96.800 erabiltzaile izan zituzten, eta guztira 279 ikastaro, lantegi, erakusketa zein askotariko ekitaldi programatu ziren.

¿Te ha sido útil esta página?