‘Pamplona Iruña’ app berriak Udalak eskaintzen dituen eduki turistiko guztiak biltzen ditu, eta erraz eskuratu zein erabiltzeko moduan jartzen ditu bisitariek hiriburua ezagutu eta bertako egonaldia aprobetxatu dezaten. Aurtengo udako eskaintzan badira zenbait gauza azpimarragarri: bisitariendako prezio erakargarriak dituen ostatu- eta menu-kanpaina bat, musika eta kultura ardatz dituzten zenbait jaialdi eta hiria ikuspuntu desberdinetatik ezagutzeko dozenaka bisita gidatu, besteak bete.
Ezohiko uda honetan, Iruñeak gustu guztietarako kultur proposamenak eskaintzen ditu. Ziudadelan paratutako agertokian programatutako kontzertu-zikloez gain, beste musika-jaialdi gailen batzuk ere ospatuko dira hirian, uztail eta abuztuan. Izan ere, uztailaren 28tik abuztuaren 1era ‘Iruña Reclassics’ Musika Klasikoko Nazioarteko Jaialdiaren lehen edizioa eginen da; abuztuaren 4tik aurrera ohiko Harresietako Jaialdiaren txanda izanen da, eta abuztuaren 26tik 30era, izen handiko ‘Flamenco on Fire’ Iruñera iritsiko da berriro.
Horrez gain, Iruñeak bere izaera askotarikoa erakutsiko die turistei uda osoan zehar, egunero, hirian barna egiten diren bisita gidatuen bidez. Historia, harresiak, katedrala, sanferminen garrantzia edo entzierroak; horiek dira ibilbide horiek abiapuntu izaten dituzten gaietako batzuk. Bisita-ibilbideak https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/eu webgunean erreserbatu daitezke. Eskaintza osatzen dute Taconerako sekretuak arakatzen dituen ihes-joko batek eta gotorlekuei buruzko antzerki erako bisitek.
Baliabideak online eta Iruña app baten bidez ezagutzeko erraztasuna
Bisitariaren egonaldia errazagoa eta probetxugarriagoa izan dadin, Iruñeko Udalaren Turismo Zerbitzuak mugikorrerako aplikazio bat jarri du martxan, eta haren bidez Iruñearekin harreman birtual bat sortzen ahalko da, euskarri bakarra erabilita. Irisgarritasun unibertsaleko arau guztiak betetzen ditu app-ak, eta Apple zein Androiden online dendan deskargatu daiteke.
Bisitariendako argibide praktikoak biltzen ditu ‘Pamplona Iruña’ aplikazioak, esate baterako, nola iritsi hiriburura edo nola mugitu Iruñeko kaleetan barna denbora ahalik eta hobekien aprobetxatzeko. Sarbidea dauka, halaber, asteko jardueren agendara eta beste zenbait baliabide erabilgarrira, turismoko sare sozialetara eta sanferminei buruzko historia eta xehetasun guztiak biltzen dituen aplikazio ofizialera, adibidez. Gainera, hiria ikuspuntu desberdinetatik baina sakon ezagutzeko bi ibilbide proposatzen ditu app-ak. Harresietako ibilbidea eta Donejakue Bidearen ibilbidea dira, eta turista Iruñeko interesgune nagusietako batzuetan barna gidatzen dute.
Udalak badu turisten egonaldia ahalik eta probetxugarrien egiteko beste bide bat: Pamplona Iruña Card (PIC) txartela. Baliabide horrek dozenaka deskontu eta abantaila ematen ditu museoak eta gune turistikoak bisitatzeko, ikuskizunetarako sarrerak erosteko, bisita gidatu zein txangoetarako eta saltoki eta jatetxeetan gastronomiaz eta aisialdiaz gozatzeko. Doakoa da, eta https://www.pamplona.es/eu/turismo-n eros daiteke.
Iruña, gastronomia- eta ostatu-helmuga
Gastronomia- eta ostatu-eskaintza ‘Jan ezazu Iruña’ ekimenaren bidez gauzatzen ari da uztailean; Iruñeko Udalak, Iruñeko Hotelen Elkarteak eta Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak, haren bidez, Iruña sustatu nahi dute turismo-jomuga gisa. Asmoa baliozko proposamen bat egitea da, hiriko gastronomian eta hiriko turismo-ostatuen kalitatean oinarriturik, eta hura doako bisita gidatuekin osatzea.
Iruñeko Hotelen Elkarteko 26 hotelek eta Nafarroako 40 jatetxek prezio berezietan eskainiko dizkiete haien zerbitzuak, hilabete osoan zehar, hirian gaua pasa edo bazkaldu zein afaltzen dutenei, horrela Iruñeak dituen gauza erakargarriak sustatzeko, sektorearen kalitatea ezagutarazteko eta eskaintza turistikoa zabalik eta abian dagoela aditzera emateko, hura izan baita pandemiaren ondorioak maila guztietan eta gehien pairatu dituen eskaintzetako bat.