Datorren asteartean amaituko da Pompelok Iruña sortu zueneko 2.100. urteurrena dela-eta hiriaren historiari buruz antolatutako hizketaldi-zikloa. Euskarak Iruñean izan duen bilakaera izanen dute hizpide hain zuzen ere. Gaika eta modu kronologikoan aztertuko dute euskarak Nafarroako hiriburuan izan duen bilakaera, historiaurretik gaur egun arte.
Beraz, maiatzaren 20koa zikloko zazpigarren eta azken hizketaldia izanen da: Kondestablearen jauregian eginen dute, 19:00etan. Sarrera librea da, baina aurrez gonbidapena hartu behar da (bakoitzak bi gehienez), hizketaldia hasi baino ordubete lehenagotik aitzina, Kondestablen bertan. Enrike Díez de Ultzurrun Sagala itzultzaile eta kazetaria eta Ekaitz Santazilia Salvador euskal filologian lizentziaduna arituko dira hizlari, eta hainbat alderdi jorratuko dituzte: besteak beste, funtsezkoak izan diren zenbait garai, hala nola erromanizazioa; euskararen eta arabieraren arteko elkarbizitza; Nafarroako Erresumako gorteetan nola erabiltzen zuten euskara, eta Erdi Aroko zenbait erreferentzia, esaterako Codex Calixtinus edo Kalistoren Kodexa eskuizkribua, berriki eginiko aurkikuntzak aintzat hartuta. Hala, euskararen egoera eta haren inguruko aurreiritziak azalduko dituzte. Halaber, euskarak burguen arteko gatazkan izan zuen eraginaz hitz eginen dute, herritarren bizitzan eta erlijioan izan duen presentziaz ere bai, eta zuzenbideko eta literaturako dokumentuetan berresten duten moduan gizartean izan zuen garrantzia azalduko dute.
Gainera, Nafarroa konkistatu zutenetik aitzina euskarak mendetan eta mendetan atzera nola egin duen ere erakutsiko dute, eguneroko bizitzan, toponimoetan eta idazkietan izan duen presentzia ahantzi gabe. Azkenik, Iruñeak euskararen estandarizazioan izan duen eraginaz arituko dira. Ohiko moduan, saioa grabatu eta bideoa YouTubeko kanalean kargatuko dute; gainera, www.pamplona.es/eu webgunearen bidez ere eskuratzen ahalko da eduki hori, eta hizketaldiaren laburpenak zabalduko dituzte Udalaren sare sozialetan.
Hizlariak
Enrike Díez de Ultzurrun Sagala (Iruña, 1962) itzultzailea eta kazetaria da. Gerraostean, 1965ean, Iruñeko lehen ikastolan hartu zituen eskolak, Pozo Blanco kalean, eta gerora kazetaritzan aritu da lanean nagusiki. Idatzizko kazetaritza eta irratia landu ditu gehien, eta Euskalerria Irratian aritu da urte askoan (1988-2001), bai eta Navarra Hoy egunkariaren Nafarroa Gaur euskarazko gehigarrian eta Nafarkaria eta Argia aldizkarietan ere.
Gaur egun, itzultzaile aritzen da lanean, eta igandero Diario de Noticias egunkarian idazten du Iruñeko eta Iruñerriko gaien inguruan. Gaztelaniaz ere idazten du, Ze Berri aldizkarian.
Nafarroako Euskaldunen Mintzamoldeak liburua idatzi zuen beste egile batzuekin batera, eta Iruña Gida ere bai. Halaber, Euskara aleka podcasten sailean ere jardun du, bai eta Nafarroako euskaltzaleen marrazki bizidunak sortzen ere. Gidari lanak ere egiten ditu Iruñea, euskaldunon hiri buruzagia bisita gidatuetan. Iruñeko Komunikabideak Fundazioko (IKF) burua da, eta lan handia egiten du euskal kultura sustatzeko. Lan dibulgatiboa ere egiten du, Iruñeari eta inguruko eremuari buruz bereziki: euskara, euskal kultura, euskaltzaleak, ohitura herrikoiak, sanferminak, etab.
Ekaitz Santazilia Salvador (Iruña, 1987) Euskal Filologian lizentziaduna eta Hizkuntzalaritzan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. 2011tik irakasle dihardu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailean. Nafarroako euskararen historia, euskal testu zaharren edizioa, hizkuntzalaritza historikoa eta hizkuntza-ideien historia ditu ikerketagai.
Fontes Linguae Vasconum: studia et documenta aldizkariaren zuzendaria da, eta erredakzio batzordeko kide da bai Príncipe de Viana aldizkarian eta bai Nafarroako Gobernuaren Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenetan. Gainera, 2024tik Euskaltzain urgazlea da.
Hurrengo ekitaldia: Harresietako Jaialdia
Esan bezala, Iruña, 2.100 urteko elkarbizitza hizketaldi zikloa asteartean amaituko da hizketaldi horrekin. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte duela 2.100 urte erromatarrek hiria sortu zutela eta duela 600 urte Karlos III.a Noblea hil zela oroitzeko, estatus modernoa eman baitzion Iruñeari, eta nabarmendu nahi izan dute hiriaren historia desberdinen arteko elkarbizitzaren isla dela.
Hurrengo hizketaldia amaituta, historian, euskal filologian, arkeologian, arkitekturan eta hirigintzan adituek eskainitako zazpi saioko zikloa osatuko dute, martxoaren 26an hasi eta maiatzaren 20an buka, baskoien garaitik Zabalguneen Iruña sortu zen garaira arte, XX. mendearen erdialdean. Historiaurrean, Erdi Aroan eta Aro Modernoan adituak aritu dira hizlari, eta hainbat unibertsitatetatik etorri dira: hiriko unibertsitateetatik, Euskal Herriko Unibertsitatetik (EHU) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsetik (UCM) besteak beste. Halaber, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, hainbat kazetarik eta zenbait filologok ere hartu dute parte.
Sanferminen ondoren berriz ekinen diete Iruña, 2.100 urteko elkarbizitza programako ekitaldiei, baina udako programazioarekin lotutako ospakizunak izanen dira nagusi ordutik aurrera. Zehazki, Harresietako Jaialdiaren hasierako ekitaldian, abuztuaren 5ean, Kukai Dantza taldeak beren-beregi programazio horretarako prestatu duen ikuskizuna eskainiko du.