Baluarteko Ziudadela aretoan, aste honetan, Iruñerriko Mintzodromoaren bosgarren edizioa egin dute: euskararen erabilera sustatzeko eta ikasten ari direnen artean sareak sortzeko ekimena da. 160 lagunek parte hartu dute hitzorduan, giro lasaian, eta lau gonbidatu berezi ere izan dira bertan: Claudia Rodríguez musikaria, Sarai Robles musikaria, Joseba Beramendi (Exprai) ilustratzailea eta Oskar Alegría zinema-zuzendaria.
Jardunaldia Mintzakide programaren barruan dago: Iruñeko Udalak bultzatzen du, egunerokoan euskararen ahozko erabilera sustatze aldera. Xedea da euskara modu naturalean erabiltzea, presiorik gabe, erabiltzeko beldurra eta lotsa kentzea, eta hizkuntza-trukea egiteko pertsonak ezagutzea. Saioa Euskalerria Irratiko profesionalek girotu dute, eta gainera, programa bat egin dute auditoriotik bertatik.
Parte-hartzaile gehienak 50 urtetik gorakoak izan dira, dena den 20 urtetik gorako gazteak eta 70 urtetik gorako hogei bat lagun ere izan dira bertan. Ehuneko handi bat Zubiarte euskaltegi publikoko, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizileko, AEK-ko, IKA-ko eta Euskarabideko ikasleak eta Mintzakide programako parte-hartzaileak dira, eta bere kontuz edo beste erakunde batzuetan ikasten dutenak ere badaude. Gutxieneko maila B1a da eta ez da beharrezkoa inolako zentrotan matrikulatuta egotea.
Lau pertsonako talde txikietan aritu dira solasean, mahai baten inguruan bilduta. Gaur egungo gai erraz eta gertuko bat proposatzen dute elkarrizketa sustatzeko eta 15-20 minutuko hizketaldi lasai bat izaten dute, ondoren, mahaiz aldatu eta beste talde batekin gauza bera egiteko. Sistema hori hiru aldiz errepikatzen da, hizkuntza aktibatu eta euskara jakitetik aktiboki erabiltzera pasatzeko.
Iruñeko Udalaren Mintzakide programan 504 pertsonak parte hartzen dute aurten, eta 4 eta 6 lagunez osatutako taldetan biltzen dira. Gutxienez, 16 urte eta B1 maila izatea beharrezkoa da. Ekimena doan da eta urte osoan dago zabalik. Era berean, mintzapraktikako saioak eta jarduera osagarriak barne hartzen ditu hilabetean behin, eta zaletasunei loturiko taldeak ere sortzen ari dira. 2025-2026ko programaren aurrekontua 27.660 eurokoa da.