Etxerik gabeko pertsonak artatzeko udal zerbitzuko teknikariek COVID Batzordean azaldu dute osasun-krisiak jada bazterturik zeudenei eragiten diela batez ere

Etxerik gabeko pertsonak artatzeko udal zerbitzuko teknikariek COVID Batzordean azaldu dute osasun-krisiak jada bazterturik zeudenei eragiten diela batez ere
Jesús eta María aterpetxean 3.082 ostatu-gau egin dituzte 168 lagunek urriaren 30etik otsailaren 11ra bitarte
Centro de atención

 

Osasun-krisiak gizarte-bazterketan bizi diren pertsonengan inpaktu handia izan du, eta oso litekeena da bazterketa-arriskuan daudenen egoera are okerragoa izatea datozen hilabete eta urteetan, egun dituzten baliabideak eta sareak agortutakoan. Hala jasota dator Etxerik gabeko pertsonak artatzeko udal zerbitzuko teknikariek egindako azterketan, zeina gaur goizean COVID Batzordean aurkeztu baitute. Horrez gain, orokorrean, jada baztertuta zeuden pertsonak izaten ari dira kaltetuenak, lehendik ere udal-baliabideak erabiltzen zituzten horiek, eta ez hainbeste profil berriak; azken horiek egon badaude, baina gutxi dira.

Ondorio horiek azaldu dituzte Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitarioseko Zentroa (pertsona horiendako ohiko uda-baliabidea) eta Compañía kaleko Jesús eta María Aterpetxea (gunea aldi baterako irekita dago arreta horiek egiteko) koordinatzen duten hiru teknikarik. Teknikari bat Gizarte Zerbitzuetako Alorrekoa da; bestea, DYAkoa –bere gizarte-arloak batez ere boluntarioen bidez laguntzen du–, eta hirugarrena, Xilema enpresakoa, Trinitarioseko zentroko kudeatzailea eta Compañía kalekoan ere laguntza ematen duena. Jesús eta María aterpetxean 3.082 ostatu-gau egin dituzte 168 lagunek urriaren 30etik otsailaren 11ra bitarte.

Emandako azalpenean gogora ekarri dituzte osasun-krisia hasi eta lehen alarma-egoera deklaratu zenetik hartutako neurriak, krisiaren balantzea etxerik gabeko pertsonak artatzeko baliabideei dagokienez, inpaktua gizarte-bazterketan eta etxerik gabe bizi diren pertsonengan, eta etorkizuneko ikuspegia (profil berriak, mehatxuak eta erronkak). COVIDaren zuzeneko inpaktua udal-zentroetako erabiltzaileengan oso baxua izan da, sintoma arineko bi kasu baino ez baitira detektatu; ezarritako neurriak eta protokoloak eraginkorrak izan dira, orain arte ez baita agerraldirik egon.

Arreta Compañía kalean 24 orduz, otorduak eta garbitzea barne

COVID-19 Batzordean Jesús eta María aterpetxearen erabilerari buruzko datuak eman dira, izan ere, etxerik gabekoentzat aldi baterako irekita dago iazko martxoaz geroztik (ekainaren 9tik urriaren 30era bitarte izan ezik). Hasiera batean ostatu-gauak baino ez zituen eskaintzen, baina urtarrilaz geroztik egunez ere irekita dago. Horrela, 23:00etatik aurrera dagoen etxeratze-aginduari eta hotz- nahiz elur-denboraleei erantzuten zaie.

Gaur egun, 24 orduz irekita dago, eta honakoa eskaintzen du: hiru otordu, dutxa- eta ikuztegi-zerbitzua, higienerako kit bat eta, hala behar izatera, aldagarriak eta arropa. Ordutegi-zabalpenaren ondorioz Udalak kontratatutako langileei laguntze aldera, Xilemako langileak eta DYAko boluntarioak daude. 40 leku ditu, eta erabiltzaileak bazterkeria larrian daude, hainbat arazo mota dituzte eta etxerik gabekoendako udal-baliabideak ez dituzte haien oldez erabili ohi.

Urritik, hilero artatutako pertsonen batez besteko kopurua handituz joan da; urrian berriz ireki zen bi egunetan 10 lagun egon ziren; azaroan, 25; abenduan, 26; urtarrilean, 36, eta otsailaren 11ra arte, 34. Urriaren 30etik otsailaren 11ra bitarte artatutako 168 lagunak 19 nazionalitatetakoak dira, gehienak espainiarrak (61) eta marokoarrak (45). Sexuen arabera, 147 gizonak dira (% 87,5), eta 21, emakumeak (% 12,5). Adinari dagokionez, ehunekorik altuenak 40 - 50 urte bitartekoak (% 24), 20 - 30 urte bitartekoak (% 26) eta 50 - 60 urte bitartekoak (% 21) dira.

337 pertsona salatu dituzte COVID inguruko arau-hausteengatik azken batzordetik

Bestalde, COVID-19aren Batzordearen azken saioa egin zenetik, urtarrilaren 31tik otsailaren 11ra bitarte, Iruñeko Udalak, Herritarren Segurtasuneko Alorraren bidez, 337 pertsona salatu ditu COVID-19ari lotutako osasun-segurtasuneko arauak urratzeagatik. Kopurua aurreko hamabostaldikoaren antzekoa da, 342 izan baitziren.

Denbora-tarte honetan, herritarrak bereziki sentsibilizatuta daudenez, Alorrak abisu ugari jaso ditu pisuetan festak egiten ari zirelakoan, baina askotan ez da halakorik gertatu. Etxebizitza horietan zeudenak haien eskubideen jakitun ziren, eta polizia agertze hutsak berekin ekarri du arazoak konpontzea. 50 salaketa egin ziren (guztizkoaren % 16).

Salaketa-moten arabera, kale-zurrutarekin lotuta 99 salaketa egin dira azken bi asteetan, guztizkoaren % 31. Izan ere, Txantrean egindako kale-zurrutari lotuta 30 zehapen baino gehiago jarri ziren, eta horrek arau-hauste mota horrekin lotutako salaketen igoera ekarri du. Aurreko hamabostaldian zehapenen % 8 ziren. Horien ondotik, 83 zehapen jarri dituzte maskara ez erabiltzeagatik (guztizkoaren % 26), eta 57, ordutegiak ez betetzeagatik (% 18). Distantzia gorde gabe erretzeagatik 28 zehapen jarri dituzte (% 9).

Establezimenduei jarritako zehapenak jaitsi dira

Datuen arabera, establezimenduei jarritako salaketa-kopurua zertxobait jaitsi da. Oraingoan 20 izan dira, eta batzordeen arteko aurreko epean 30 izan ziren. 20 horietatik, 15 higiene-arauak ez betetzeagatik izan ziren; 4, ostalaritza-ordutegia ez betetzeagatik, eta 1, edukiera gainditzeagatik.

Azken hamabost egunetan, COVID-19aren batzordea bildu zen azkeneko alditik, 9 positibo diagnostikatu berri kontabilizatu dira udal-plantillan. Egun 11 langile daude bajan COVIDa dela-eta, hau da, Udaleko eta haren erakunde autonomoetako plantillaren % 0,6 inguru. Bigarren olatu honetan, irailaren hasieraz geroztik guztira baieztatutako kasuak 106 dira (udal-langile guztien % 5,9).

¿Te ha sido útil esta página?