Eremu urdina Ipar Arrotxapera, Txantreara eta Sanduzelaira helduko da irailean, eta 10.800 aparkaleku-plaza baino gehiago arautuko dira

Eremu urdina Ipar Arrotxapera, Txantreara eta Sanduzelaira helduko da irailean, eta 10.800 aparkaleku-plaza baino gehiago arautuko dira
Hilabete honetan informazio-saioak eginen dira auzoetan, eta uztail eta abuztuan bulego finko batzuk jarriko dira bizilagun-txartelak izapidetzeko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Datorren irailean jarriko da martxan eremu urdina Txantrea eta Sanduzelai auzoetan, eta Ipar Arrotxapean. 10.800 aparkaleku-plaza baino gehiago arautuko dira: % 54, laranja kolorekoak, % 45,2, urdinak, eta % 0,8, berdeak. 2020ko urrian hirian aparkatzeari buruz aurkeztutako azterlan batek hiru auzo horiek gainezka zeudela egiaztatu zuen, okupazioa % 100etik gora izanda eguneko zenbait ordutan, hau da, bidegabeko aparkatzeak izanda ere, eta % 15 baino ratio txikiagoarekin libre dauden aparkaleku-plazen eta eremu horietan matrikulatuta dauden ibilgailuen kopuruaren artean.

Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak eta Patxi Fernández alorreko zuzendariak prentsaurrekoa eman dute Mugikortasun Batzordearen ondoren, hiriko iparraldeko auzoetan aparkatze arautuaren handitze berriaren xehetasunak azaltzeko. Beste helburu batzuen artean, honako hau lortu nahi da: muga efektuaren ondorioak murriztea, bertakoei aparkatzeko irtenbide bat bermatzea, bide publikoan espazioa libre uztea jasangarriagoak diren beste desplazamendu-aukera batzuetarako, auzo horietako zirkulazioa eta gizarte-jarduera arintzea, eta eremu horietako auzotarrenak ez diren eta bide publikoan beti aparkatuta dauden ibilgailuak kentzea.

Kaltetutako auzoetako herritarrei informazioa emateko, ekainean aurrez aurreko hiru saio antolatu dira. Ekainaren 8an bilera bat eginen da Andre Maria Laguntzakoaren ekitaldi-aretoan, Auzo Unitatearen ondoan, Txantreako arazoei buruz hitz egiteko; ekainaren 14an Juslarrocha Civivoxean, Ipar Arrotxapeko eremu urdinari buruz aritzeko, eta ekainaren 16an Sanduzelaiko Civivoxean, eremu urdina auzo horretara hedatzearen oinarrizko alderdien berri emateko. Hiru saioak 19:00etan izanen dira, eta sarrera librea da, leku guztiak bete arte. Uztailean eta abuztuan, arreta bulego finkoak gaituko dira, hiru auzoetako bakoitzean bana, zalantzak argitzeko eta bizilagun-txartelak izapidetzeko. Halaber, triptikoak banatuko dira kaltetutako auzoetako etxeetan eta saltokietan. Informazioa Udalaren webgunean kontsulta daiteke eta zalantzak nuevazonaazul@pamplona.es helbide elektronikora igor daitezke.

12.500 bizilagun-txartel inguru jaulkiko direla aurreikusten da: 2.900 inguru, Sanduzelain; 1.900 inguru, Ipar Arrotxapean, eta 7.700 inguru, Txantrean. Bizilagun-txartel horren urteko prezioa 48,35 euro da. Beste hiru auzo horien kasuan, azken lau hilabeteetan bakarrik aplikatuko denez, irailetik abendura, prezioa 16,12 euro izanen da. Udan eginen diren pintaketa-lanek behin betiko leku-kopurua zehaztuko dute. Era berean, beharrezkoa izanen da dagokion seinaleak jartzea, parkimetroak kokatzea, eta hiriko gainerako lekuetan zerbitzuaren adjudikazioduna den Donier enpresak sektore berri horiek kudeatzea. Aurreikuspenen arabera, handitze horri lotutako kostua 539.983,89 eurokoa izanen da Iruñeko Udalarentzat.

Okupazio handia gaueko ordutegian Sanduzelain

Sanduzelain aparkatzeko dauden arazoak nagusiki goizean gertatzen dira, 08:00etatik 13:00etara, lekuen % 90 baino gehiago okupatzen baita. Aparkaleku-plazen eguneko batez besteko okupazioa % 87 da, eta gauekoa, berriz, % 90. Aparkatze arautuko eremuak —9. sektoreak—, auzoan 2.534 leku sortuko ditu: 1.074 urdin (% 42,3), 1.376 laranja (% 54,3) eta 84 berde (% 3,4). Auzotarrendako bakarrik den eremu berde hori egungo disuasioko aparkalekuan kokatuko da, Udalaren futbol-zelaiaren ondoan. Eremu gorri gisa mantenduko da tren geltokiaren parean dagoen eremua.

Plaza laranjak bat datoz honako kale hauekin: Kaiko kalea, El Irati, Canalejo Doktorearen kalea, Reparaz doktorearen kaleko zati bat, Juaristi doktorearen kalea, futbol-zelaitik Nafarroako etorbideraino, eta Nafarroako etorbide horretan bertan dauden plazak. Halaber, laranjak izanen dira Santa Bizenta Maria, Fleming doktorea, José Alfonso doktorea eta Sanduzelai kaleetako plazak, azken kale horretako tarte bat izan ezik. Sanduzelaiko etorbide gehiena eremu urdina izanen da (aparkaleku-plaza laranja batzuk izan ezik, Juana García de Orcoyen doktorearen plazaren inguruan), eta baita ere Húder doktorea, Gortari doktorea, Blasco doktorea, Galán doktorea, Repáraz doktorearen zati bat, Geltokiaren plaza eta Kaiko kalearen zati bat, Cuatrovientosetik plaza horretaraino. Sanduzelai, Saduzelaiko etorbidea, Simonena doktorearen eta Salva doktorearen kaleek mugatutako koadrantea ere urdina izanen da.

Txantrea: 6.500 aparkaleku-plaza baino gehiago

Iparraldeko auzo guztietan eremu urdina handitzea Txantreara helduko da, 6.500 aparkaleku-plaza baino gehiago dituen auzora. Hirian aparkatzeari buruzko azterlan horren arabera, batez besteko okupazioa % 80 da: gaueko ordutegian, % 87, eta goizetan, zenbait ordutan, okupazio-maila % 100era gerturatzen da. Auzoa bi eremutan bana daiteke, Atarrabiako etorbidea muga dutela, baina biak 10. sektorearen parte izanen dira.

Hego Txantreak 4.472 aparkaleku-plaza ditu, eta 2.040 urdinez margotuko dira (% 45,6), eta 2.432, laranjaz (54,38). Gutxi gorabehera, urdinak izanen dira auzoko bide nagusiak, hala nola Magdalena, San Kristobal, Nafarroako etorbidea, Juan de Tarazona, Iruñerria, Ororbia, Zizurreko Zendea, Berriogoiti, Miravalles, Zuñiga, Etxarri-Aranatz eta Atarrabiako etorbidetik gertuen dagoen Ezkabako tartea. Laranjak izanen dira Aita Adoain (zati handi batean), Izako Zendea, Larrasoaña, Santa Teresa Jesusenaren plaza, Doneztebe, Lesaka, Elo eta haiekin mugatzen den Mendigorria kaleko tartea, Ezkaba, Azoz, Fermín Daoíz eta Mugazuri, barnealdeko beste batzuen artean. Egin gabe badago ere, aurrikuspenen arabera, Hego Txantrea parkearen ondoko urbanizazio berria etorkizunean eremu laranja izanen da.

Orvina eta Ezkabako eremuan, Atarrabiako etorbideko iparraldean, 2.089 aparkaleku-plaza zenbatu dira, eta horietatik 1.196 laranjak izanen dira (% 54,3) eta 1.006, urdinak (% 45,7). Ezkabako eremu osoa laranja izanen da, Kanalea kalea barne, iparralderago dagoen zatiari dagokionez. Urdinak izanen dira Kanalea kaleko hegoaldeko eremua, Orvina multzoekin mugatzen duena, eta Atarrabiako etorbideak eta San Kristobal kaleak mugatzen duten hiruki formako gainerako eremua. Salbuespena izanen dira kaleetako aparkaleku-poltsak, adibidez Urroz eta Valtierra kaleetakoak, eremu laranja izanen baitira.

Arrotxapea auzoa osatzea

2020ko urtarrilean, auzoko hegoaldeko zonaldean ezarri eta urte eta erdi geroago, aparkatze-arautuak Marcelo Celayeta etorbidea gaindituko du eta 8. sektorea Arrotxapea guztira helduko da. Muga horrek iparraldeko zonaldean aparkatzeko arazoak eta okupazio handia sortu zituen, eta eremu urdina handitzeari esker, zonaldea auzoko gainerako aparkaleku-plazekin parekatuko da. Udalak egindako azterlanak erakusten zuen Ipar Arrotxapeko aparkaleku-plazen eguneko batez besteko okupazioa % 92 zela: % 96, eguneko ordutegian, eta % 89, gauekoan. Eta 09:00etatik 19:00etara, okupazioak % 100 gainditzen zuen.

Kalkuluen arabera, araudi berri horrek 1.657 aparkaleku-plazetan eragina izanen du; izan ere, aurreikusten da horietatik, 792, urdinak izatea (% 47,8) eta 865, laranjak (%52,25). Eremu laranja izanen dira honako kale hauek: Pedro de Ursúa, Ximénez de Rada, Tiburcio Redín, Barkazio Gurutzekoa, El Salvador, Artika zeharkalea, Aita Macedako zati bat, San Blas, Bernardino Tirapu eta Artika kaleen iparralderago dauden tarteak eta Burgiko aita Tomás zeharkaletik ekialderago dagoen eremua. Eremu urdina izanen dira auzoaren barnealderago dauden honako kale hauek: Nazario Carriquiri, Toda Aznárez, Agur Maria zeharkalea, Plazaolaren zeharkalea, Sueca Hiriaren kalea, Zendeen kalea, Garde, Burgiko aita Tomás, Antsoain, Juan de Goyeneche, eta baita ere Artika, Bernardino Tirapu eta Burgiko aita Tomás zeharkaleko eremu batzuk, eta auzoko iparraldeko zonalde horrekin mugatzen duten Marcelo Celayetako plazak.

Disuasioko aparkalekua doan 1. egunean, eta 3. egunetik aurrera, ordainpekoa, Cardenal Ilundáin ikastetxearen ondoan

Arrotxapea eta Txantrea auzoen artean, Iruñeko udal-mugarteak Antsoainekin muga egiten duen tokian, 300 aparkaleku-plaza dituen disuasioko aparkaleku bat dago. Cardenal Ilundain IPren ondoan dago, eta gaur egun doan aparka daiteke. Orubea arautu gabe ez uzteagatik, Iruñeko Udalak ordainpeko disuasioko aparkaleku bilakatuko du.

Asmoa da aparkalekua lehenengo 24 orduetan doan izatea, eta bigarren egunetik aurrera, ordaintzen hastea. Honako hauek dira eskuartean dauden tarifak: 1 euro, bigarren egunean; 3 euro, hirugarren egunean; 6 euro, laugarren egunean; 10 euro, bosgarren egunean, eta 10 euro egun bakoitzeko ibilgailua eremuan aparkatuta egon eta seigarren egunetik aurrera. Horrela, luzez aparkatzeko aukera eskainiko da, baina aparkalekua ibilgailu jakin batzuk etengabe aparkatuta egoteko eremu bihurtu gabe.

Ordainpeko disuasioko aparkaleku hori sortzeak azpiegituran eta instalazioan inbertsioa egitea ekarriko luke; izan ere, eremuaren perimetroa itxi beharko litzateke, sartzeko eta irteteko hesiak, argiztapena, kutxazain bat, kontrol- eta zaintza-kamera bat jarri eta pintura- eta zoladura-jarduketak egin beharko lirateke.

¿Te ha sido útil esta página?