
Emakumeen Etxeak emakumeen ahalduntzerako baliabide gisa antolatzen dituen lantegi eta ikastaroetan izena emateko epea ireki du, pertsona guztien arteko berdintasuneranzko bidean aurrera egiteko. Programazioa doakoa da eta topaketak, hitzaldiak, meditazio-lantegiak, antzerkia, argazkilaritza, zinema, feminismoak eta atzerriko emakumeendako gaztelania ikastaroak biltzen ditu, besteak beste. Ikastaroetarako izen-emateak 010 – 948 420 100 telefonoan egin behar dira, datorren urriaren 9ra arte. Emakumeen Etxeko webgunean ikusten ahal da programa honi buruzko informazio guztia.
Programa bi zatitan banatzen da: saio bakarreko jarduerak eta hainbat hilabetez egiten diren lantegiak. Ia lantegi guztietan eman behar da izena, plaza-kopurua mugatua delako; jardueretan, aldiz, sarrera librea da. Eskaria dauden lekuak baino handiagoa bada, zozketa eginen da urriaren 10ean. Gehienak gaztelaniaz dira eta emakumeei zuzenduak, nahiz eta batzuk edonorendako diren. Programazio hori Berdintasuneko Alorraren, Iruñeko Emakumeen Etxea elkartearen eta hiriko beste kolektibo eta elkarte batzuen artean koordinatuta antolatzen da.
Emakumeen Etxearen helburu nagusia da gizarteko esparru guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorrean aurrera egiten duten politika, programa eta proiektuetan eragitea eta parte hartzea. Horretarako, emakumeen parte-hartzea eta elkartegintza sustatzen ditu, eta berdintasunari eta feminismoari buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-programak zabaltzen ditu. Desberdintasunei buruzko hausnarketa eta eztabaida ere sustatzen ditu, eredu berriak eraikitzeko. Lehen lau urteetan 285 jarduera, lantegi eta jardunaldi egin ditu, eta 9.975 pertsonak parte hartu dute. Arreta ere eskaini du, 2.374 pertsonak eskatuta, eta 238 elkarte eta kolektibori utzi dizkie lekua eta aretoak
Lantegiak eta ikastaroak
Eskaintzen den lehenengo lantegia Gaztelania atzerriko emakumeendako da, astelehen arratsaldez emanen dena. Astelehen arratsaldeetan, meditazio eta adierazpen dramatikoko teknikek ere bere lekua izanen dute, eta Feminismoen Eskolako bi mailak hasiko dira. Astearteetan argazkigintzari eta ‘bestetasunaren poetikak’ deiturikoei eginen diete lekua, eta, asteazkenetan, Txinako medikuntza tradizionalaren parte den chikung lantegiari eta bokazio psikoterapeutikoko taldeari. Ostegun arratsaldetan xakea eta aro digitalarekin loturiko dinamikak landuko dira.
Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna dira urriko azken asteko gaiak, arrazakeriaren aurkako borrokarekin eta adin guztietako emakumeendako ahalduntze-modu desberdinekin batera. Urtarrilean, ekonomia pertsonala modu eraginkorrean kudeatzeko lantegi bat planteatu da. Ikastaro eta lantegi horiek guztiak solasaldi zikloekin, gaurkotasunarekin, zine-forumarekin eta irakurketa feministako klubarekin uztartuko dira.
Jarduera-programa
Jarduerei dagokienez, urriaren 18an, asteazkenarekin, basalandareei buruzko lantegi praktiko bat eginen da, bai eta emakume eta ez-bitar lesbianen eta bisexualen topaketa bat ere, 18 eta 36 urte bitarteko beste emakume batzuekin sozializatzeko. Urriaren 20an, 17:30etik aurrera, Emakumeen Etxearen laugarren urteurrena ospatuko da, musika, bisita gidatua eta mikroantzerkia izanen dituen arratsalde berezi batean.
Adineko emakumeek ere beren lekua izanen dute, genero indarkeriaren aurrean duten egoera aztertzen duen jardunaldi batean. Gai hori izanen dute ardatz, halaber, Europa feminismoaren, berdintasunaren eta sexu indarkeriaren aurrean izeneko saioan eta Sexu- eta genero-indarkeria. Europarako proposamenak topaketan.
Arteari atea irekiko diote, Encuentrolario a capella musika- eta literatura-errezitaldiak –gaiak parte-hartzaileek aukeratzen ahalko dituzte– eta Begoña Lison, Carmen. Salí de la tormenta que duró 30 años indarkeria matxistari buruzko liburuaren egilearekin eginen den topaketak. Poesiari dagokionez, Versos con faldas errezitaldiak Gloria Fuertes poeta omenduko du. Errezitaldi horretarako izena eman behar da, 25 pertsonak baizik ezin baitute parte hartu.
Beste bi topaketak itxiko dute abendua: Estela Moreno idazleak bere Pepuka y el monstruo que se llevó su sonrisa ipuina eta proiektu pedagogikoa aurkeztuko ditu, eta Ana Requena egilea feminismoari eta bere Intensas liburuari buruz mintzatuko da. Urte berriari hasiera emateko, Emakume LBT, ez-bitar eta aliatuendako DJ hastapen-lantegia proposatu dute, diskoak jartzen ikasteko eta DJ emakumeei buruz gehiago jakiteko. Otsailean, eta NUPeko Emakume, Zientzia eta Teknologia Katedraren Emakume zientzialariak erakusketari amaiera emateko, emakumeak zientzian eta teknologian parte hartzeko gakoak aztertuko dituen hitzaldi bat emanen da.
Emakumeen Etxeko hurrengo erakusketak, Ivan Benitez fotokazetariaren eta Nafarroako Kazetarien Elkartearen Errautsa mara-mara izenekoak, gerra testuinguruetako emakumeen egoera du hizpide. Otsailaren 8an, ostegunarekin, arratsaldeko 18:00etan, bisita gidatua eginen da. Bertan, egileak munduko gatazketan duen esperientzia azalduko du eta bere liburua aurkeztuko du.
Otsailaren 15ean, ostegunarekin, emakume eta ez bitar lesbianen eta bisexualen beste gazte-topaketa bat eginen da, First Dates hitzorduetarako programaren dinamikei jarraituz. Hurrengo astean aplikazio birtualen bidezko hitzorduei buruzko ikerketa bat aurkeztuko da: “Sexu-indarkeriarik gabeko appak. Hileko jarduerak amaitzeko, ‘Egin dezagun elkarrekin: fanzine feminista anti saioa eginen da otsailaren 24an (larunbata), 10:00etatik 14:00etara. Jarduera hau emakume migratu, ijito eta jatorri migratzaileko nafarrendako da, eta plazak mugatuak direnez, nahitaezkoa da izena ematea.
EMAKUMEEN ETXEKO PROGRAMAZIOA
Doako jarduerak 2023ko urritik 2024ko otsailera
- Izen-emateak: urriaren 9ra arte, 010 – 948 420 100 telefonoan
Emakumeen Etxea Agoitz kalea 9. Telefonoa: 948 110 230
- Ordutegia: 17:00 – 21:00
- Helbide elektronikoa: casadelasmujeres@pamplona.es
ERAKUSKETAK
‘Emakume zientzialariak’ Antolatzailea: Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko Alorra
- Data: abenduaren 20tik urtarrilaren 31ra
- NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren erakusketa
Errautsa mara-mara Antolatzailea: Iván Benítez eta Nafarroako Kazetarien Elkartea
- Data: 2024ko otsaila