Desgaitasun intelektuala duten hogei haur bizikletan ibiltzen ikasteko eta hirigunean barna segurtasunez zirkulatzeko gaitasuna pixkanaka lortzeko esperientzia pilotu horretan prestakuntza jasotzen ari dira. Parte-hartzaileak D-Espacio elkarteko kideak dira. Elkarteak desgaitasun intelektuala duten pertsonak, haien senideak eta lagunak biltzen ditu, haiendako aisia inklusiboko aukerak sortzeko beharraren inguruan. 5 eta 19 urte bitarte dituzte, eta bizikletan egiten dituzten joan etorrietan trebetasuna eta autonomia irabazteko prestatzen dira. Prestakuntzak, gainera, parte-hartzaileen eta beren senideen jarduera fisikoaren eta osasunaren alde egiten du, ikastaroek elkarteak bizikletaren erabilerari lotutako jarduerak antolatzea sustatzen baitute, hala nola naturara taldekako irteerak egitea.
Udalak bere gain hartu ditu ikastaroa emateko gastuak, prestakuntzan adituak diren eta pertsona guztien tratuan sentsibilitatea eta esperientzia duten pertsonak kontratatuz. Parte-hartzaile batzuek ez dute bizikletarik, eta Udalak bizikleta eman die prestakuntza-jarduera egin ahal izateko. Elkartea arduratu da familiei informazioa emateaz eta ikastaroa egiteko tokia jartzeaz, zeinak erabiltzaileek behar dituzten segurtasun- eta lasaitasun-baldintzak betetzen baititu: zehazki, Iruñeko Apaiztegiak dituen kanpo- eta kirol-espazioak, non elkarteak egoitza baitu.
Iruñeko Udalak proposatutako jarduera hastapen-mailako prestakuntza ikastaro bat da, eta bertan parte-hartzaileek bizikletan ibiltzen ikasiko dute. Ikastaroak zortzi orduko iraupena du, asteburuetan eginen diren bi orduko lau saiotan banatuta. Jardueraren begiraleak Erkuden Almagro eta Merche Etayo dira, Mujeres en Bici elkarteko kideak eta inklusio-beharrak dituzten pertsonen txirrindula-prestakuntzan adituak, eta gainera, ikasleendako eta helduendako bizieskolako lantalde teknikoaren parte dira.
Aurtengo otsailetik apirilera bitarte egin zen ekimenaren lehenengo txandan 16 lagunek parte hartu zuten, eta bi txanda egin ziren adin-tarteka banatuta: 5etik 14 urtera bitarteko talde bat eta 14tik 19 urtera bitarteko beste bat. Bizieskola inklusiboaren lehenengo esperientziak izan zituen emaitza onen ondoren, bigarren edizioa egiten ari dira egun hauetan, lehen aldiz parte hartzen duten haurrekin eta bizikletan ibiltzeko gaitasunak finkatzeko errepikatzen duten batzuekin. Bigarren txanda hiru saiotan banatuko da ekainean zehar.
Proposamena hirian segurtasunez bizikletan ibiltzen ikasteko hiriko Udalak eskaintzen dituen prestakuntza-jardueren barruan dago. Gainera, berriki idatzi den Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoaren ildo berean doa. Plana eratzeko prozesuan askotariko desgaitasunak dituzten pertsonen kolektiboetako ordezkariek parte hartu dute, Udalak antolatzen dituen prestakuntza-, kultura- eta kirol-jardueretan eta bestelakoetan integratzen direla zaintzeko eta beren beharrak kontuan har daitezen, herritar guztiek dituzten aukera, betebehar eta eskubide berberak izan ditzaten.
Jasangarritasunaren aldeko estrategiak
Iruñeko Udalak bizikletaren erabilera eguneroko garraiobide gisa sustatzeko prestakuntza-jarduerak bultzatzen ditu 2030erako Iruñeko Hiri Agendaren eta Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren 2020-2030erako Go Green Iruña estrategiaren barruan. Bi esparru-estrategia horiek mugikortasun jasangarri, osasungarri eta inklusiboa lortzera bideratuta daude eta beren balio nagusietako bat ingurumena eta hirian bizi diren pertsona guztiak, bazterkeriarik gabe, zaintzea da.
BICIESCUELA INCLUSIVA
Sesiones para aprender a montar en bicicleta y alcanzar habilidad para llegar a circular de manera segura
- Participantes: 25 personas
- Segunda edición: junio de 2023