Datorren ostiralean amaituko da, apirilak 4, haur-eskoletan behin-behinean izena emateko epea, Haur Hezkuntzako lehen ziklorako. Iruñeko Udalak 1.071 leku eskaintzen ditu 2025/2026ko ikasturterako 2023ko urtarrilaren 1etik 2025eko maiatzaren 11ra bitartean, biak barne, jaiotako haurrendako. Udalaren hamabi haur-eskoletan eskaintzen diren leku guztietatik 954 egonaldi osokoak dira (% 89), eta 117, egonaldi erdikoak (% 11). Interesa dutenek online egin behar dute behin-behineko izen-ematea, Educa atarian.
Iruñeko Udalak argibideen liburuxka bat sortu du behin-behinean izena emateko prozesuaren nondik norakoen berri emateko: epeak eta haur-eskola bakoitzaren hezkuntza-eskaintza ere azaldu dituzte liburuxkan. Aurreko ikasturtean bezala, behin-behineko izen-ematea online baino ezinen da egin, baina laguntza behar dutenek ordua eskatzen ahal dute aurrez aurre lagundu diezaieten. 948420098 telefonora deituta edo Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez eskatu behar da ordua. Aurrez aurreko arreta Ingurumen Hezkuntzak Museoan emanen da, Uztarroze kaleko 44.ean, goizez: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
Behin-behinean izena emateko prozesua bera da Iruñeko Udalaren hamabi haur-eskoletan eta Nafarroako Gobernuaren haur-eskoletan. Foru Gobernuak lau eskola ditu Iruñean, eta 2025/2026ko ikasturtean Erripagañako haur-eskola berria ere egonen da aukeran.
Educa atariaren bidez behin-behinean izena emateko, erabiltzailea eta pasahitza behar dira: Clave PINaren bidez edo NAN elektronikoarekin eskatzen ahal dira. Halaber, dokumentu hauek ere behar dira: familia-liburua edo jaiotza-ziurtagiria, 2023ko errenta-aitorpena edo diru-sarreren ziurtagiria, 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagoko errolda-agiria, Iruñekoa, lan-bizitzaren txostena, behin-behineko izen-ematea egin nahi den ikastetxean beste seme-alabaren bat dagoela ziurtatzen duen dokumentua, eta baremoetan puntuak ematen ahal duen beste edozein egoera ziurtatzeko agiriak (familia gurasobakarra, familia ugaria, desgaitasuna, genero-indarkeriaren biktima, etab.).
Lezkairun, Mendillorrin, Donibanen eta Printzearen Harresian daude leku gehien
Iruñeko Udalaren haur-eskolen hezkuntza-eskaintzaren barruan, lau ikastetxek ehun leku baino gehiago eskaintzen dituzte. Lezkairuko haur-eskolan 109 leku daude, egonaldi osokoak denak, eta bi eredu eskaintzen dituzte: gaztelaniaz eta ingelesez, eta euskaraz eta ingelesez; Donibanen eta Mendillorrin, 102na leku eskaintzen dituzte, gaztelaniaz, eta Printzearen Harresian, berriz, 101 haurrendako tokia dute, eta bi eredu eskaintzen dituzte hor ere: gaztelaniaz eta ingelesez, eta euskaraz eta ingelesez.
Gainerakoetan leku gutxiago dituzte: Hello Buztintxurin eta Mendebaldean, 86na leku; Haurtzaron, Izartegin eta Hello Azpilagañan, 82na; Goizederren, 64; Hello Egunsentin, 58, eta José María Huarten, 44. José María Huarten, toki guztiak egonaldi erdikoak dira.
IRUÑEKO UDALAREN HAUR ESKOLEK ZENBAT LEKU ESKAINTZEN DITUZTEN. 2025-2026KO IKASTURTEA
Haur Eskola | Egonaldi osoa | Egonaldi erdia | Hizkuntzak |
Haurtzaro | 82 | - | GAZT |
Mendebaldea | 86 | - | GAZT + EUSK |
Mendillorri | 102 | - | GAZT |
Fuerte el Príncipe -Printzearen Harresi | 101 | - | GAZT. + ING., EUS. + ING. |
Donibane | 102 | - | GAZT |
Izartegi | 82 | - | EUSK |
Goiz Eder | 64 | 32 | EUS.; GAZT.+ ING. |
Hello Azpilagaña | 82 | 41 | GAZT. + ING. |
Hello Buztintxuri | 86 | - | GAZT. + ING., EUS. + ING. |
Hello Egunsenti | 58 | - | GAZT. + ING. |
José María Huarte | - | 44 | GAZT. + ING. |
Lezkairu | 109 | - | GAZT. + ING., EUS. + ING. |
GUZTIRA MODALITATEEN ARABERA | 954 | 117 |
|
GUZTIRA | 1071 IKASPOSTU |
| |
EPEAK
Behin-behinean izena emateko epea:
2025eko apirilaren 4ra arte, Educa web atariaren bidez soilik.
Ordua eskatzeko aurrez aurreko laguntza behar izanez gero, Ingurumen Hezkuntzako Museoan (Uztarroze k. 44)
o 948 42 00 98 telefonora deituta edo Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez
Behin-behineko zerrenda argitaratzea:
o Maiatzak 8, osteguna
Erreklamazioak:
o Maiatzak 9 – 13
Behin-behineko beste zerrenda bat argitaratzea:
o Maiatzak 20, asteartea
Erreklamazioak:
o Maiatzak 21 – 23
Behin betiko zerrenda argitaratzea:
o Maiatzak 28, asteazkena
Matrikula:
o Maiatzak 29 – Ekainak 4
Argibide gehiago, Udalaren Haur Eskolen webgunean