COworkids programak gune berri bat estreinatu du Agoitz kaleko udal-eraikinean, non Zabalgunean programatzen diren jarduerak eginen baitira

COworkids programak gune berri bat estreinatu du Agoitz kaleko udal-eraikinean, non Zabalgunean programatzen diren jarduerak eginen baitira
Herritarren Aferen Batzordeak eremu berria ezagutu eta Emakumeen Etxea bisitatu du, zeinak aurten bere eskaintza digitala indartu baitu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeko kideek gaur goizean bisitatu dute Agoitz kaleko 9. zenbakian dagoen udal-eraikina, zeinak Zabalgunean antolatzen diren COworkids programaren jarduerak egiteko gune bat estreinatzen baitu. Eraikinean ere Iruñeko Emakumeen Etxea dago eta Udalbatzako kideek hori ere bisitatu dute. Bertan ezagutu dute berriki eskuratutako informatika-ekipamendu berria, eta horri esker, udal zerbitzu horrek teknologiaren aldeko apustua indartu ahal izanen du ikasturte honetatik aurrera.

Ikasturte berri honen hasieratik, COworkids programak Zabalgunean antolatzen dituen jarduerak Agoitz kaleko udal-eraikineko -1. solairuan dagoen espazio berrian eginen dira, non Udalaren beste entitate eta zerbitzu batzuk ere baitaude. Hori horrela, horretarako bakarrik izanen den eremu baten aldeko apustua egiten da, jarduera horietan parte hartu ohi duten haur eta gazteen beharrei modu zehatzago batean egokituko dena. Orain arte, Zabalguneko Civivoxeko hainbat gunetan egiten ziren eta horiek orain beste helburu batzuetarako erabiltzen ahalko dira.

Bereziki haurrendako eta gazteendako diren jarduerak astelehenetik ostegunera eginen dira, eta xehetasun guztiak coworkidspamplona.es/ensanche/ webgunean kontsulta daitezke. Zabalgunekoak Iruñeko hamalau auzoetako bakoitzean antolatzen direnei gehitzen zaizkie, besteak beste, sormenaren, kirolaren eta antzerkiaren inguruko askotariko proposamenekin, eta coworkidspamplona.es/actividades/ COworkids programaren webgune ofizialean kontsulta daitezke ere.

COworkids programaren instalazio berriak haurrei eta nerabeei eskola-garapenean laguntzeko eskaintzen diren jardueren kokaleku ere izanen dira. Hori horrela, ikasteko giro motibatzaile eta egokian, lagundu egiten zaie eskolako lanetan, eta kontzentrazio egokia lortzeak edo ikaskideei laguntzeak duen garrantzia erakusten zaie. Jarduera horren bidez denbora antolatzeko azturak zein lan intelektualari modu autonomoan aurre egiteko teknikak sustatzen dira. Etxeko lanik ez dutenean, edo horiek bukatu direnean, hezkuntza-gaitasunak jorratzen dira, lantalde teknikoak eta pedagogia-arloak diseinatutako jardueren bidez, Garapen Jasangarriko Helburuak eta haurren zein nerabeen eskubideak ardatz harturik. COworkidsek programa hori eskaintzen du Zabalgunean, astelehenetik ostegunera, 16:30etik 17:45era, Lehen Hezkuntzarako (6-12 urte) eta Bigarren Hezkuntzarako (13-18 urte).

Sormena, saskibaloia, antzerkia eta xakea COworkidsen gune berriaren protagonistak

Dotazio berriak sormen-laborategia eta joko anitzak eskainiko ditu astelehen eta asteartero, Lehen Hezkuntzakoendako (6-12 urte) eta astearte eta ostegunero Bigarren Hezkuntzakoendako (13-18 urte), 18:00etatik 19:00etara. Jarduera horren bidez gune jakin batzuk sortzen dira, non haurrek ongi pasa, jolastu, kezkak partekatu eta sormena garatzen baitute. Talde-proposamenen, eskulanen, partaidetza-dinamiken bidez eta beren sormen-potentziala garatuz, 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuen eta Haurren Eskubideen Hitzarmenaren inguruan lan egiten dute.

Xakea izanen da protagonista asteazkenetan, arratsaldeko seietatik zazpietara, haur eta nerabeengan erantzukizun-zentzua eta erabakiak hartzeko, arazoak konpontzeko eta planifikatzeko gaitasuna sustatzen duen kirol eta hezkuntza-tresna gisa.  Kokapen berriak antzerkia ere eskainiko du, talde osoa inplikatuko den tokia, proiektu eszenikoak aurrera egin dezan. Garrantzitsuena ez da estreinaldiaren eguna izanen, egindako bidea baizik. Horrela konfiantzaz beteko dituzte haurrak eta nerabeak, arratsaldez arratsalde, entseguz entsegu, bere burua hobetuko baitute. Jarduera hori asteazkenetan eginen da, 18:00etatik 19:30era.

Hala ere, COworkids programako jarduerak ez dira soilik Agoitz kaleko gune berrian eginen. Nafarroako Saskibaloi Federazioarekin elkarlanean, ostegunero Vázquez de Mella ikastetxe publikoko kantxan (Teobaldoen k., 13) saskibaloi saio bat programatuko da 18:00etatik 19:30etara. Kirola bultzatzea funtsezkoa da haur eta nerabeen ongizate fisiko eta emozionalerako, egunerokoan aztura osasungarriak sortze aldera. COworkidsetik saskibaloia sustatzen da enpatia eta talde-lana bultzatzeko, parekoen arteko elkartasuna garatzeko eta komunikazio-trebetasunak hobetzeko bide gisa.

Emakumeen Etxeak digitalaren aldeko apustua indartu du bere ikastaro eta lantegien eskaintzaren kalitatea hobetze aldera

Agoitz kaleko 9. Zenbakiko udal-eraikinean Emakumeen Etxea ere badago, zeinak berriki bertako areto eta dotazioetako konektibitatea optimizatu baitu erabiltzaileei ematen dien zerbitzua optimizatze aldera. Gainera, material informatikoa erosi dute, besteak beste, hamabost tableta, beste hainbeste ordenagailu eramangarri eta material osagarria, eta horien bidez jarduera osatuagoak eskaintzen ahalko dituzte. Hobekuntza hauek Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek sinatutako aurrekontu-akordioari esker jarri dira martxan.

Neurri horien bidez, formatu digitala indartzen da, honako hauekin lotutako gaiak jorratzeko: emakumeen enplegagarritasuna eta autonomia ekonomikoarekin (lanbide-trebakuntzari buruzko ikastaroak, plataforma digitalen bidez enplegua bilatzeko estrategiak), herritarren partaidetzarekin (ziurtagiri elektronikoetarako sarbidea, Administrazioaren onlineko partaidetza-prozesuak) edo emakumeen elkarteen sare eta elkarte sare feministen ahalduntzea web-sorkuntzari eta -kudeaketari buruzko prestakuntzarekin, topaketekin eta onlineko hitzaldiekin.

¿Te ha sido útil esta página?