COVID-19 Batzordeak bere azken saioa egin du, Iruñean gizarte zerbitzuak edo laguntza ekonomikoak areagotzeko neurriak ardatz izan dituzten 21 bileren ostean

COVID-19 Batzordeak bere azken saioa egin du, Iruñean gizarte zerbitzuak edo laguntza ekonomikoak areagotzeko neurriak ardatz izan dituzten 21 bileren ostean
2020ko irailean sortu zen, eta Herri Segurtasunari eta udal-zerbitzuen funtzionamenduari buruzko gaiak ere landu ditu

 

 

Iruñeko Udaleko COVID-19 Batzordeak gaur egin du bere azken saioa. Alkatetzaren ebazpen baten bidez sortu zen 2020ko irailaren 28an, bere lehen saioa urriaren 2an egin zen, eta ordutik aurrera, gaurkoa barne, beste 21 alditan bildu da. 22 bilera horietan gizarte zerbitzuak areagotzeko neurriak aztertu dira, adibidez, etxerik gabekoentzako edo osasunagatik isolatu beharra zuten pertsonentzako espazio berriak irekitzea, gizarte-premietarako edo merkataritza eta ostalaritza babesteko laguntza ekonomikoak areagotzea eta ostalaritzaren sektorean ildo ekonomiko berriak irekiko zituen araudia garatzea, urtarrilaren 7ra arte irekita egon daitezkeen aldi baterako terrazak sortuz.

Osasun krisiarekin lotutako gaiak ere jorratu dira, hala nola, Udaltzaingoaren jarduketak eta salaketa-proposamenak; pandemiaren ondorioak udal-ekonomian, kulturan eta gizarte-entitateetan; udal-zerbitzuen funtzionamendua eta COVID-19ak Udaleko langileengan eragin duen kaltea.

COVID-19 Batzordearen funtzionamendua

COVID-19 Batzordea Osoko Bilkurako izaera ez-iraunkorreko organo bat izan da, pandemiaren eta haren ondorio sozial eta ekonomikoekin zerikusia duten gaiak aztertzera, hari buruzko proposamenak egitera edo halako beste helburu batzuetara bideratuta. Batzorde hori iazko irailaren 3ko Osoko Bilkuran onetsitako mozio batetik sortu zen.

Batzordea, antolamenduari eta funtzionamenduari dagokionez, batzorde iraunkorren arauen arabera arautu da Erregelamenduan bertan jasotzen den moduan, baina bi berariazkotasunekin: osaera egungo batzorde iraunkorretarako ezarritako bera izan da, eta maiztasunari dagokionez, deialdia hamabost egunean behin egitea erabaki zen.

Udal-talde guztiak ordezkatuta egon dira. Navarra Sumatik (5) Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Anal Elizalde, María Echavarri, María Caballero eta Javier Labairu zinegotziak izan dira. EH Bilduren aldetik (3) Joseba Asiron, Joxe Abaurrea eta Eva Arangurenek parte hartu dute; Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldetik (2) Maite Esporrin eta Xabier Sagardoy, eta Geroa Baiko (1) Patxi Leuza zinegotziak osatu du organo horren osaera. Saio batzuetan ere hitza hartu dute, unean unean, gizarte eta kultura esparruetako teknikariek eta ostalaritzaren ordezkariek.

COVID-19 Neurrien I. Plana: 5 milioi euro eta gizarte laguntzen areagotzea

Batzordearen saioetan krisi ekonomikoak udal-aurrekontuetan eragin dituen kalteak aurkezten joan dira. Udalak ekintza plan sozioekonomiko bat martxan jarri zuen, krisiak gehien kaltetutako sektoreentzako ekintza zuzenekin eta karga fiskala arintzeko tributu arloko neurriekin. COVID-19 Neurrien I. Planak 15 ekintza eta 5 milioi euro barne hartzen zituen gizarte-zerbitzuak, ekonomia eta enplegua babesteko Adibidez, aurten, Udalak 2 milioi euro inguru bideratu ditu merkataritza eta ostalaritzarentzako zuzeneko laguntzetara eta PamplonUp bonuen kanpainara.

Osasun krisiak eragindako gastu igoerak ardatz izan du ere gizarte esparrua, pertsona eta familia zaurgarrienak lagundu eta babesteko. 2020an, Iruñeko Udalak eman zituen larrialdietarako laguntzek 802.876 euro jo zuten, 2019an aldiz 479.797 euro. Aurtengo lehenengo zortzi hilabeteetan 522.681 euro jo dute. COVID-19 Batzordeetan onuradunen xehetasunak eskaini ziren, 2020an gehiengoa emakumeak izanik. Informazioa eman zuten, baita ere, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroari batu zitzaizkion baliabideei buruz, hala nola, Jesús y María Aterpea, egoera zaurgarrian dauden pertsonen artarako.

Herritarren Segurtasuna: Udaltzaingoaren jarduketak eta aldaketak terrazetan

Herritarren Segurtasuneko Alorrak hainbat gairi buruzko informazioa eman du saio bakoitzean, hala nola, salaketa-proposamenen kopuruari buruz, udaltzainen jarduketei buruz arau-hausteen aurrean eta erantzukizunari eusteko gomendioak. Aldi baterako ostalaritza-terrazen instalazioarekin lotutako gaiak ere kudeatu ditu, zeinak Sarasate pasealekuan, zezen-plazan, Jito-Alain, Gurutzeko plazan, Artxiboan, Nafarroako Museoan, Navarrerían eta Caldererían kokatu baitira.

Herritarren Segurtasuneko Alorrak terrazei lotutako 1.600 eskaera baino gehiago jaso ditu; horien artean daude aldi baterako zein aldi baterako ez diren terrazak handitzea, instalatzea eta aldatzea. COVID-19 Batzordea arduratu zen Alde Zaharreko alde baterako terrazetarako irizpideak onartzeaz, eremu berezietan tarteak eta herritarren partaidetza ezarriz. Helburua izan da osasun krisiak sektorean izan duen inpaktu ekonomiko negatiboa gutxitzea.

Informazioa plantillari eta udal-zerbitzuei buruz

Bilera bakoitzean ezagutzera eman den beste informazio finko bat izan da udal-plantillan zeuden COVID-19ko kasu kopurua. Azkenik, 223 izan dira baieztatuko kasuak, beraz plantilla guztiaren % 12,74ari eragin dio. Horietatik, soilik 12 kasu izan dira lan-kontaktuengatik.

Informazio horrek ere barne hartu du lanaren eta telelanaren antolaketa; material berria lortzea, hala nola, CO2 neurtzailea espazioen aireztapena kontrolatu eta COVID-19aren zabaltzea kontrolatzeko, eta pandemiak hezkuntza baliabideetan izan duen eragina, esaterako Haur Eskoletan, Joaquín Maya musika-eskolan, Catalina de Oscáriz arte-eskolan eta Lantegi Eskoletan.

Gai ekonomikoez eta gizarte esparruko, herri segurtasuneko eta udal-antolaketako gaiez gain, 20 saioetan beste gai batzuei heldu zaie: ikastetxeak garbitu eta desinfektatzeko gastua handitzea, Domu Santu egunean hilerrira sartzeko salbuespeneko neurriak, Cáritasen tonbola Sarasate pasealekuan instalatzea eta osasun krisiaren ondorioak kulturaren sektorean.

¿Te ha sido útil esta página?