Bihar, ostiralean, Iruñeko Udalak Ikusgaitasun Lesbikoaren Eguna ekarriko du gogora, eta aniztasunaren aldeko eta bereizkeriaren aurkako neurriak bultzatzeko konpromisoa hartu du

Bihar, ostiralean, Iruñeko Udalak Ikusgaitasun Lesbikoaren Eguna ekarriko du gogora, eta aniztasunaren aldeko eta bereizkeriaren aurkako neurriak bultzatzeko konpromisoa hartu du
Harrotu zentroak argazki-erakusketa, kontzertu, photocall eta Alde Zaharrean kalejira eginez ospatuko du apirilaren 26 hau

Bihar, ostiralean –apirilak 26–, Iruñeko Udalak Ikusgaitasun Lesbikoaren Eguna ekarriko du gogora, “emakume lesbianak eremu publikoan ikusaraztearen eta gizarte-eremu guztietan ere erreferente izatearen garrantzia” aldarrikatzeko jarduera-sorta eginez. Horrela jasotzen da eguerdian Bozeramaileen Batzarrak adostutako erakunde-idazkian, non Udalak aniztasunaren aldeko eta bereizkeriaren aurkako neurriak bultzatzeko konpromisoa ere aho batez hartzen baitu. Harrotu zentroak (San Gregorio kalea, 28) hainbat jarduera antolatu ditu eguna ospatzeko: argazki-erakusketa, kontzertua, photocall-a eta Alde Zaharrean barnako kalejira.

Argazki-erakusketa 18:00etan irekiko da, eta Zoom lesbikoa proiektuko bat-bateko argazki finalistak jasotzen ditu, bihartik ekainaren 28a arte ikusgai izango den irudi-sorta. 19:00etan, Bandadaren kontzertua izango da, Marian Ruiz artista, abeslari eta olerkariarekin. Bukaeran, 20:00etan, LBT kolektiboen kalejira abiatuko da Alde Zaharreko kaleetan barna. 

Erakunde-adierazpenean Iruñeko Udalak bere konpromisoa agertzen du, “aniztasunean hezteari bultzada emateko eta bereizkeria guztiak erabat desagerrarazteko” zein “tokiko politikak bultzatzeko, ideia hauek kontuan hartzen dituzten programa eta neurrien bidez: emakumeek ez dutela nortasun zeinu bakarra, eta intersekzio askotarikoak daudela generoaren eta emakumeen aniztasunaren artean, besteak beste hizkuntza, kultura, arraza, sexu-aniztasuna, maila-ekonomikoa, dibertsitate funtzionala, eta abarrei dagokienez”.

Udalak honetarako konpromisoa ere hartzen du: “emakume lesbianendako berariazko arreta-, argibide eta aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko, eta sexu-orientazio eta -identitate arrazoiengatik diskriminazioa, estigmatizazioa eta eskubideak mugatzen dituzten egoerak saihesteko ekintzak garatzeko” zein “lesbofobia mota oro publikoki salatzeko –instituzioen zein gizartearen aldetik ematen dena– eta sexu-aniztasuna ikusgai egiteko, horrela guztiok esparru guztietan baldintza berdinetan bizitzeko aukera izango dugun gizarte baterantz aurrera egite aldera”.

¿Te ha sido útil esta página?