Bihar, larunbatarekin, Gatibu eta La Ira taldeek amaiera emango diete sanfermin hauetako Foruen plazako gaueko kontzertuei

Bihar, larunbatarekin, Gatibu eta La Ira taldeek amaiera emango diete sanfermin hauetako Foruen plazako gaueko kontzertuei
Gazte-eremuan, 20:00etatik 22:30era, musika Dj Andu eta Zumbaren eskutik, apar-festa eta umore horiko zaldaina

Bihar, uztailaren 13an, larunbatarekin, Gatibu eta La Ira taldeek amaiera emango diete sanfermin hauetako Foruen plazako gaueko kontzertuei. Gatibuk Azken indioak izenburuko lan berria aurkeztuko du, taldeak egiten duen pop rock euskalduna indartsu baino indartsuagoa den seinale; bestalde, La Ira taldeak rap musika ekarriko digu Rap save the queen lanarekin. Kontzertuak 23:30ean hasiko dira, su artifizialak jaurti ondoren. 

Gainera, Foruen plazan dagoen Gazte eremuko jarduerek azken txanpari ekingo diote, 14an, igandearekin, amaituko baitira. Bihar, 20:00etatik aurrera, hainbat jarduera egongo dira: saskiak, gladiadore-borroka eta umore horiko zaldaina. Horrez gain, 20:00etatik 20:30era, apar-festa egongo da. Hori guztia girotzeko, Dj Andu eta Zumba arituko dira musika jartzen.

Gatibu rock-banda euskalduna Gernika-Lumon (Bizkaia) sortu zen 2002an, eta zazpi album eta zuzeneko bat argitaratu ditu. 15 urte baino gehiago hauetan, rock-estiloa mantendu dute, pop kutsuarekin eta ezein jarrera abangoardistatik aldenduta, soinu naturalak bilatuz eta haien estudio-lanak hobetzearen alde eginez. Folk, country, disko edo funky musikaren ukituak txertatu dituzte abesti batzuetan. Abestien hitzetan eguneroko gaiak jorratzen dituzte batez ere, hala nola pasioa edo gogo bizia, afektua edo adiskidetasuna eta emozioak edo aldarteak. Gatibuko kideen esanetan, Azken Indioak lanarekin pausu bat baino gehiago jauzi bat eman dute, haien konfort-eremutik at. Abestiak harrotasunez konposatu dituzte, harro musikaren, rockaren eta euskal kulturaren parte izateagatik, eta jakitun gauzak aldatzeko aurrea hartu behar dela, ezinbestekoa dela ekitea, dantzatzea, abestea, mugitzea, salto egitea. Texaseko (AEB) Sonicranch estudioan grabatu dute lehen aldiz, eta Santi Garcíarekin, hainbat talderen ekoizlea: Standstill, Nueva Vulcano, Delorean, La M.O.D.A, The New Raemo edo The Unfinised Sympathy.

Hamasei urte hauetan, bandak ehun kontzertu baino gehiago eman ditu, eta hainbat talderekin batera aritu dira agertokian Bilbao BBK Live eta EHZ jaialdietan: Ben Harper & The Innocent Criminals, The Cult, The Cardigans, Lori Meyers, Ska-P eta Pendulum. Euskadi eta Nafarroako hainbat tokitan jotzeaz gain, Madril, Bartzelona, Valentzia, A Coruña eta Gijónen aritu dira, baita Londres, Belfast, Paris, New York, San Frantzisko, Los Angeles, Washington eta Mexiko DF-n ere.

Besteak beste, honako musikari hauek aritu dira Gatiburekin elkarlanean: “Robe” Iniesta (Extremoduro), “Fito” Cabrales (Platero y Tú, Fito & Fitipaldis), Iñaki “Uoho” Antón (Platero y Tú, Extremoduro), Luis Camino (21 Japonesas, Mecano, Abya Yala), Gino Pavone (Presuntos Implicados, Rosana, Pedro Guerra, José Luis Perales) eta José Alberto Batiz (Akelarre, Tapia eta Leturia Band, Fito & Fitipaldis). EITBk hiru alditan saritu du taldea.

Raissa, Medea, Sátira eta Elvirus izeneko Vallecaseko lau emakumek bultzatutako proiektu musikala da La Ira. Taldearen lehen lana 2016an aurkeztu zuten, Arte y terrorismo izenburupean. Mantenlo patriarcado singleari esker ezagutzera eman ziren 2017ko udaberrian. Iaz Rap save the queen diskoa autoeditatu zuten, zortzi abestiz osatua, haien hitzetan “gaur eguneko oinarri gogorrekoak, entzule oro ahalduntzen dutenak”, xedetzat izanik gizartea eraldatzea. Hasiera-hasieratik uko egin diote emakume-rap edo rap feministaren etiketari edo definizioari, eta azpimarratu nahi izan dute haien lanaren oinarrian dutela generoaren ezaugarririk bereizgarriena, diskurtso soziala herri-kultura bilakatzeko gaitasuna.

 

2019ko sanferminak. Foruen plaza

  • Uztailak 13
    • 20:00 - 22:30 – Jolasak: saskiak, gladiadore-borroka eta umore horiko zaldaina
    • 20:00 - 20:30 – Apar-festa
    • 20.30 - 22:30 – DJ Andu + Zumba
    • 23: 30 – Kontzertuak: GATIBU + LA IRA
  • Uztailak 14
    • 20:00 - 22:30 – Jolasak: Wipeout erraldoia eta ur-jolasak.
    • 20:00 - 21:00 – Komedia-jaialdia
    • 21:00 – Holy-festa
    • 21:15 - 22:45 – Kontzertua: JAVIER ERRO