
Iruñeko Udalak jarraipena emanen dio ‘Bertsolaritza irakaskuntzan txertatzeko’ programari, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoei zuzenduta, hiriko D ereduko 9 ikastetxeetan. 2008an abiatutako udal-ekimen hau orduz geroztik ikasgeletan egonkor mantendu da, eta xede du ikasleei bertsolaritzaren oinarrizko teknikak ezagutaraztea, ahozko adierazpena lantzea eta testuinguru ez-formaletan hizkuntza modu ludikoan erabiltzea.
Tokiko Gobernu Batzarrak asteleheneko saioan onetsi du ikasturte honetarako zerbitzuen kontratua adjudikatzea Nafarroako Bertsozale Elkarteari 45.000 euroan (BEZetik salbuetsita). Guztira 540 ikastordu emanen zaizkie 36 talderi (1.250 euro taldeko), betiere ikastetxe bakoitzeko irakasleekin koordinatuta. Kontratua onesteko eta adjudikatzeko ekitaldia aldi berean egin da saio horretan, Nafarroako Bertsozale Elkartea kontratu horren prestazioak egin ditzakeen entitate bakarra baita. Aurreikusita dago kontratuaren lau luzapen egiteko aukera, 2025/2026 ikasturtera arte.
Edizio honetan honako talde hauek parte hartuko dute: Patxi Larrainzar IPko sei talde, Hegoaldeko hiru, Etxepareko sei, San Frantziskoko lau, Amaiurreko bost, Elorriko hiru, Sanduzeilaiko bi, Buztintxuriko bost eta Mendigoitiko bi. Taldeetako bakoitzak ikasgai horretako 15 ikastordu jasoko ditu. Aurreko ikasturtean 10 eta 12 urte bitarteko 750 ikaslek parte hartu zuten.
‘Bertsolaritza irakaskuntzan txertatzeko’ programaren bidez arte-modalitate horren oinarrizko printzipioak ezagutarazi nahi dira, historiatik, doinuetatik, metriketatik eta errimetatik hasita, zeinak ariketa eta jolasen bidez irakatsiko baitira, saioen bukaeran idatzitako eta bat-bateko bertsoak konposatzera heldu arte. Hori horrela, proposatutako ariketen bidez Lehen Hezkuntzako berezkoak deiren gaitasun ugari lantzen dira : ahozkotasuna, talde-lanean aritzeko gaitasuna, norberarekiko konfiantza, sen kritikoa, ekimena, interesa, sormena eta lanak jendaurrean azaltzeko gaitasuna, besteak beste. Programa testuinguru ludikoan egiten da, eta hizkuntzaren erabileran sakontzea du xede, hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ardatz harturik.
Nafarroako Bertsozale Elkartea irabazi asmorik gabeko kultur erakundea da, eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean aritzen da Sanferminetako programako bertsolarien emanaldietan eta ‘Bertsoaroa’ programazioan, zeinak aurten 31 urte bete baititu.
Langile eta material espezializatuak
Nafarroako Bertsozale Elkarteko lau irakasle espezialista bertsolaritzaren hasi-masiak irakatsiko dituzte, eta batik bat ahozko adierazpena landuko dute, komunikazio- zein gizarte-trebetasunak ere jorratuz. Talde bakoitzak saio bat jasoko du astean, irakasleetako baten eskutik, eskola-orduen barruan eta 15 ordu bete arte.
Programaren oinarria ‘Bertsolaritzaren curriculuma’ da, 2008an argitaratutako eta HUEZIk (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea) eta Bertsozale Elkarteko irakasleek idatzitako lana. Bertsolaritzari lau arlotatik heltzen zaio: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal zein sozialak. OCDaren helburuekin bat datorren materiala da.
Halaber, ‘Mundu bat bertso I, II eta III’ ikasmateriala programa garatzeko gida da. 2018tik ikasleek zein ikastetxeek eskura dute www.bertsoikasgela.eus atari digitala, Programan lantzen diren edukiak modu digitalean jasotzeko Bertsozale Elkarteak garatutako plataforma.