Bederatzi ikastetxe publikok irakatsiko dute datorren ikasturtean ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ udal-programa eta talde-kopurua handitu eginen da

Bederatzi ikastetxe publikok irakatsiko dute datorren ikasturtean ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ udal-programa eta talde-kopurua handitu eginen da
Udalak 47.500 eurora igo du 5. eta 6. mailako ikasleak bertsolaritzan hasteko programaren aurrekontua
bertsolari


Iruñeko D ereduko bederatzi ikastetxe publikok ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ programa eskainiko dute datorren ikasturtean. 5. eta 6. mailako ikasleek bertsolaritzaren oinarrizko printzipioak ezagutuko dituzte Iruñeko Udalak antolatutako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak kudeatutako programaren bitartez. Aurrekontua 47.500 eurokoa da, iaz baino 2.500 euro gehiago, talde kopurua 36tik 38ra handitu baita.

Programaren xedea da Nafarroako ahozko kultur ondarea den bertsolaritzaren transmisioa egitea; ahozkotasuna lantzea eta testuinguru ez-formaletan hizkuntza modu ludikoan erabiltzea, eta ikasleek gizarte-trebetasunak, pertsonalak, komunikaziokoak eta hizkuntza-trebetasunak garatzea. Planteatutako saioak bertsolaritzaren oinarrizko ezagutzak ikastera bideratuta daude (historia, doinuak, metrikak, errimak…), teknikaren irakaskuntza azpimarratuz, jolasen eta ariketen bidez. Testuingurua ludikoa izaten da beti, eta hizkuntzaren erabileran sakontzen da, hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ardatz harturik.

Programa astean behin irakatsiko da, irakastorduetan, 15 ordu osatu arte. Programan parte hartzen duten D ereduko ikastetxeak honako hauek dira: Hegoalde Ikastola, San Frantzisko, Bernat Etxepare, Patxi Larrainzar, Elorri, Mendigoiti, Amaiur Ikastola, Sanduzelai eta Buztintxuri. Guztira, 570 ikastordu eginen dituzte.

Oinarria, 2008an argitaratutako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko irakasleek idatzitako “Bertsolaritzaren curriculuma” lana da. Bertsolaritza lau alderdi ardatz hartuta lantzen da: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak eta sozialak. Material didaktikoa sekuentziatan antolatuta dago, eta horietako bakoitza hiru formatutan eskuratzen ahal da: liburua, karta-jokoak eta plataforma digitala (www.bertsoikasgela.eus).

¿Te ha sido útil esta página?