Batasunaren Pribilegioa lau egunez ospatuko da aurten, eta ekitaldi hauek izanen dira, besteak beste: ganadu-feria bat, Erdi Aroko azoka berritu bat eta Karlos III.aren koroatzearen antzezpena

Batasunaren Pribilegioa lau egunez ospatuko da aurten, eta ekitaldi hauek izanen dira, besteak beste: ganadu-feria bat, Erdi Aroko azoka berritu bat eta Karlos III.aren koroatzearen antzezpena
Programa irailaren 5etik 8ra bitarte eginen da, eta hiriaren sorreraren 2.100. urteurrena eta Karlos III.aren heriotzaren 600. urteurrena ospatuko dira

 

Iruñeko kaleak Erdi Arora bueltatuko dira iraileko lehen asteburuan, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren karietara. Programa osoagoa da, lau egunekoa, eta gainera, aurten beste bi mugarri hauek ospatzen dira: hiriaren sorreraren 2.100. urteurrena eta Karlos III.aren heriotzaren 600. urteurrena; hain zuzen ere, errege horrek, 1423ko irailaren 8an, Pribilegioaren bidez agindu zuen borrokatuta zeuden hiru burguak (San Nikolas, San Zernin eta Navarrería) nukleo administratibo bakar batean bateratzeko. Hain zuzen ere, errege horren garrantzia omentzeko xedez, katedralean Karlos III.aren koroatzearen antzezpena eginen da lehen aldiz, ekitaldi-programaren barruan.

Hori ez da aurtengo Batasunaren Pribilegioaren berritasun bakarra; izan ere, Erdi Aroko azoka goitik behera berrituko dute, kontzertu-ziklo batez gozatzeko aukera izanen da, eta Nafarroako arraza autoktonoen ganadu-feria jarriko dute Runa parkean. Irailaren 5etik 7ra bitarte egonen da ‘Autentika’ izeneko azoka. Aurtengo berritasunez gain, programa tradizionalak ere garrantzia izanen du beste behin, eta hauek dira ekitaldi nagusiak: ohikoa den moduan, Udalbatzak Hiri Gorpuztuan desfilea eginen du, eta berritasun gisa, aurten ekitaldi instituzional bat eginen da katedralean, Nafarroako instituzioetako autoritateekin batera; hauek izanen dira beste ekitaldi batzuk: bisita gidatuak udaletxera, Pribilegioaren erreplika ardatz hartuta, eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren irteera. 

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Mikel Armendariz Barnechea, Sustapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte ekitaldiak. Biek ala biek aurtengo ospakizunekin lotutako efemerideak azpimarratu dituzte, eta nabarmendu dute ekitaldien agendak herritar guztien interesak hartu nahi dituela aintzat, ospakizuna kalera hurbiltzeko xedez, eta festagunea Alde Zaharrean ez ezik, beste gune batzuetan eskaintzeko. Hala, 300.000 euroko aurrekontua dute ospakizunek.

Erdi Aroko Azoka Handia: 100 postu baino gehiago eta tokiko saltokien parte-hartzea

Erdi Aroko Azoka handituko dute aurten: Erdi Aroko Azoka Handi bihurtuko da, eta artisau-produktuen 100 postu jarriko dira hiru burguen kaleetan barna. Halaber, postuen apaingarriak berrituko dira, eta Erdi Aroko Iruñearekin lotutako girotzea zaindu eta sustatuko da. Ekitaldiaren osaera berritzeko xedez, Udalak Fernando Hualderen aholkularitza jaso du: Nafarroako tradizio eta azturetan aditua da, eta XV. mendeko Iruñeko bizimoduari, lanbide eta janzkerari buruzko azterlana egin du. Hain zuzen, aurtengo proposamenak azterlan hori izan du oinarri. Animazioa ere aurtengo edizioaren indarguneetako bat izanen da: fanfarreak, gaiteroak, txirimiak, Erdi Aroko borroka-taldeak, ipuin-kontalariak eta Batasunaren Pribilegioarekin lotutako ekitaldien antzezpena azokak irauten duen lau egunetan zehar, hau da, irailaren 5etik 8ra. 

Jarriko diren 100 postuez gain, hiriko merkatariak hauspotuko dituzte ospakizunarekin bat egin dezaten, eta horretarako, proiektu pilotu bat jarriko dute abian: hainbat saltokik kalera aterako dituzte salgaiak, eta hala, Erdi Aroko estetikarekin bat eginen dute. Oraingoz, 14 establezimenduk egin dute bat egitasmoarekin, eta bakoitzak salduko duen salgaiaren arabera, Erdi Aroko pertsonaia bat ordezkatuko du. Erronkari aurre egiteko, berariazko prestakuntza jasoko dute merkatariek.

Erdi Aroko Azoka gune hauetan jarriko dute: Mercaderes kalea, Udaletxe plaza, Kale Berria, Kontseiluko plaza, San Frantzisko plaza, Eslava kalea eta Kale Nagusia. Azokaren inaugurazio-ekitaldia ostiralean izanen da, 17:00etan, Udaletxe plazan: Joseba Asiron Saez alkatearen hitzek harrera eginen diote azokari, eta harekin batera, Duguna Iruñeko Dantzariek dantzatuko dute eta tronpeten musikaz gozatzeko aukera izanen da, Muthiko Alaiak peñaren eskutik. 

Karlos III.aren koroatzea katedralean

Aurten beste berritasun bat izanen du programak: Karlos III.aren koroatze-ekitaldia antzeztuko da, erregearen heriotzaren 600. urteurrenaren karietara. Irailaren 7an (igandea) izanen da, katedralean, eta Fabaren Erregearen elkarteko eta Muthiko Alaiak peñako kideek antzeztuko dute. Ikuskizun paregabea izanen da: dozenaka figurantek Erdi Aroko bizitza eta gizartea gaur egunera ekarriko dute. 17:30etik aitzina, Erdi Aroko segizio bat hiriko kaleetan barna ibiliko da, errege-familia katedraleko atariraino lagunduta; pertsonaia hauek osatuko dute segizioa: gerrariek, jaun handiek, ezkutariek, kleroak, tronpeta-jotzaileek, neskameek eta hiribildu handietako, judutegiko eta mairu-herriko ordezkariek. Behin katedraleko atarian, pertsonaiak katedralera sartuko dira 18:00etan, eta bertan 1390ko otsailaren 13ko koroatzea antzeztuko da. Bukatzeko, erregea armarrian goratuko dute. 

Ekitaldia jende ororendako irekia izanen da, Fernando Hualdek ikuskatuta. Gainera, Iruñeko Katedraleko musika-kaperak girotuko du ekitaldia, baita Erdi Aroko beste musika-talde batzuek ere.

Azkenik, beste berritasun bat ‘Autentika, Nafarroako tokiko arrazen azoka’ izanen da, eta irailaren 5etik 7ra, Arrotxapeko Runa parkean antolatuko du Udalak, Intia eta Reyno Gourmetekin elkarlanean. Animalia hauek izanen dira azokaren parte: zaldiak (Nafarroako zaldikoak, Aurizko zaldiak eta pottokak), ardiak (Latxa, Nafarroako arrazako ardia eta sasi-ardia), Euskal Txerria arrazako txerriak, behiak (Behi pirioniotarrak, betizu behia eta nafar kasta) eta ahuntz pirioniotarra. 

Mari Ganuzak irabazi du Iruñeko Zapia, hilondoko omenaldi gisa

Batasunaren Pribilegioaren eguna irailaren 8an, astelehena, izanen da. Eta mugarri hori ospatzeko, Udalbatza Hiri Gorpuztuan irtengo da, Alde Zaharreko kaleetan barna, Erraldoi eta Buruhandien konpartsak eta Duguna Iruñeko Dantzariak taldeak lagunduta. 

Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa 17:00etan irtengo da autobus-geltokitik. Kale hauetan barna ibiliko dira: Bake plaza, Yanguas y Miranda k., Gartzia Ximenez k., Tutera k., Vínculo plaza, Sarasate pasealekua, Comedias k., Pozo Blanco k. eta Zapatería k.; Udaletxe plazara iritsiko dira ondoren, eta bertan Udalbatzarekin bat eginen dute, galazko jantziz jantzita. Udalbatza Iruñeko katedralera joanen da, eta bertan hasiko da, 18:30ean, Pribilegioaren Batasuna ospatzeko ekitaldi nagusia: Errespontsua otoiztu eta lore-eskaintza eginen da, Dugunak eta erraldoiek katedralaren alboko pasabideetan eginen dituzten dantzek lagunduta. Gainera, alkateak hitz egin bitartean, La Pamplonesaren, Katedraleko Musika Kaperaren eta Raquel Andueza sopranoaren musikaz gozatzeko aukera izanen da. Ekitaldiari amaiera emateko, lore-zentro jarriko dute Karlos III.aren eta Leonor Trastamarakoaren mausoleoaren oinetan; hain zuzen, katedralaren barruan lehentasunezko toki batean dago mausoleoa: 1413 eta 1419 urteen artean eraiki zuten, eta harzuriz eta marmol beltzez egina dago.

Aurretik, goizean goiz, Udalak Iruñeko Zapia emanen dio Mari Ganuza Senosiáini, hilondoko omenaldi gisa; ekitaldi pribatua izanen da, Udaletxeko Harrera Aretoan. Sariarekin batera, Udaletxeak egindako lana eskertu nahi dio Mari Ganuzari, hirian funtsezkoak diren entitate eta ekitaldi ugaritan egindako lanagatik, hala nola Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Olentzeroren Lagunen Elkartea eta Errege Magoen Kabalgata. Aurten, otsailean, hil zen Mari Ganuza, eta nabarmentzekoa da hiriarekin eta sanferminekin izan duen harreman sakona: Konpartsan izan zuen rolari esker, 2010eko txupinazoa bota zuen eta beste ekitaldi batzuetan parte hartu zuen Aste Santuan eta Eguberrietan. Hori gutxi balitz, Sanduzelaiko parke bati haren izena jarri zioten, eta bertan auzoko osasun-zentroa dago.

43 bisita gidatu Udaletxera, doan, irailaren 1etik 10era bitarte

Batasunaren Pribilegioaren garrantziaz baliatuta, Udaletxeko ateak irekiko dituzte herritar guztiendako: bisita gidatuen bidez, eraikinari buruzko sekretuak eta areto nagusiak ezagutzeko aukera dago. Aurreikuspenen arabera, 43 bisita gidatu eginen dira, irailaren 1etik 10era, euskaraz eta gaztelaniaz, betiere ordutegien arabera. Irailaren 1etik 5era bost bisita antolatu dira egunero; asteburuetan, berriz, irailaren 6an eta 7an, sei bisita eginen dira egunero. Irailaren 8an ez da bisitarik antolatuko, eta astearte eta asteazkenean bueltan izanen dira, hiru bisita egun bakoitzeko.

Bisitak 30 laguneko taldetan eginen dira gehienez ere, eta 45 minutuko iraupena izanen dute. Abuztuaren 26an, asteartea, izena emateko epea irekiko da, 010 (948420100) herritarrendako arreta telefonora deituta, edo udal-webgunearen bidez. 

Gazteluko plazan, egunero kontzertu bat

Musika ezin da falta Pribilegioaren Batasunaren ekitaldi-programan: 20:00etatik aurrera, kontzertuak eginen dira ostiral, larunbat eta igande arratsalde eta gauetan, Gazteluko plazan. La Pamplonesak emanen die hasiera kontzertuei: musikalak ardatz dituen kontzertu monografikoa prestatu du aurten; hain zuzen, genero hori Broadwayn, Manhattanen, sortu zen aurreko mendeko erdialdean, eta elkarrizketak, musika eta dantza uztartzen ditu. Erreferentziazko musikalen hautaketa batez gozatzeko aukera izanen da: besteak beste, West Side Story eta Les Misérables (Miserableak).

Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren txanda izanen da larunbatean: adin guztietarako programa ondu du, eta lan oso ospetsuak joko dituzte: An der schönen blauen Donau (Danubio urdina), Frühlingsstimmen (Udaberriko ahotsak), El amor brujo (Amodio sorgindua) eta El sombrero de tres picos (Hiru puntako kapela).

Azkenik, igandean, 20:00etan, Natalia Lacunza igoko da agertokira. Abeslari eta musikagile iruindarra Operación Triunfo lehiaketan eman zen aditzera, baina erabat aldatu da egoera harez geroztik. Egun erreferentea da Espainiako pop estilo berrian, haren berezitasuna eta mintzairari esker eta Espainiako pop-olatu berria gidatzeko gaitasunagatik. Iruindarrak Apego feroz eta Un Castigo kaleratu ditu dagoeneko, eta biak 2025eko amaieran argia ikusiko duen abeslariaren bigarren albumaren parte dira. Nafar artistak Mad Cool eta Sonorama jaialdietan abestu ditu bi single horiek, eta irailaren 7an haietaz gozatzeko aukera izanen da artistaren jaiotze hirian, hau da, Iruñeko Gazteluko plazan. 

Karlos III.ari buruzko kontaketak eta unitate didaktiko eta rol-joko bana

Udalak erregeari buruzko liburu bat argitaratuko du, hiriaren sorreraren 2.100. urteurrenaren eta Karlos III.aren heriotzaren 600. urteurrenaren karietara. Mikel Zuza historialari eta idazleak idatzi du liburua, eta Karlos III.ari eta hiriaren iraganari buruzko 34 kontakizun barne hartzen ditu. Fikziozko kontakizunak diren arren, oinarri historikoa dute. Liburuak 180 orrialde ditu, eta 12 euroan erosten ahalko da Navas de Tolosa kaleko Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean. 300 ale argitaratu dira.

Halaber, Udal Artxiboa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Zientzien Didaktikaren Arloarekin elkarlanean, Batasunaren Pribilegioari buruzko unitate didaktiko bat prestatzen ari da, Iruñeko ikasleek agiri horrek egungo hiria sortu ahal izateko izan zuen garrantziaren berri izan dezaten. Lehen Hezkuntzako ikasleendako unitate didaktikoa izanen da, eta gertakari historiko hori ikuspuntu anitzetatik jorratuko du. Zehatz-mehatz, gai hauek jorratuko dira: hiriko sinboloak, agiriak babestea eta akordioak lortzeko prozedurak. Batasunaren Pribilegioaren nondik norako historikoetan sakontzeaz gain, unitate didaktikoak aukera ematen du Udal Artxiboak agiri historikoak zaindu eta babesteko egiten duen lana ikusarazteko. Helburua da unitate didaktikoa ikasturte hasieran prest egotea, ikastetxeek ikasturte osoan zehar lantzeko aukera izan dezaten. 

Irailaren 5etik 6rako gauean, Game of Thrones (Tronuen Jokoa) telesaileko Erdi Aroko unibertsoan girotutako survival zombie bat eginen da Ziudadelan. Adin guztietarako jarduera da, bereziki gazteendako pentsatua. 12 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta egon beharko dute. Gauez eta kalean, aktore, agertoki eta dinamikak izanen dituzte parte-hartzaileek, eta ihes-jokoak eta eskala handiko jokoak uztartuko dira. Adrenalina, buru-argitasuna eta emozioa nonahi. Murgiltze-esperientziaren ondorioz, fantasiaz betetako Erdi Aroko apokalipsiaren agertokia izanen da Ziudadela. Sarrerak www.survivalzombie.es webgunean erosten ahal dira.

 

Batasunaren Pribilegioa. Programazioa

  • Irailak 1 – 10

    • Bisita gidatuak Udaletxera. Abuztuaren 26tik erreserbatzen ahal da tokia udal-webgunearen bidez eta 010 telefonora deituta.

  • Irailak 5, ostirala

    • Erdi Aroko Azoka Handia. 17:00etatik 21:00etara. Hiru burguetako kaleetan.

    • ‘Autentika’, Nafarroako tokiko arrazen azoka. Runa parkean.

    • La Pamplonesaren kontzertua. 20:00etan. Gazteluko plazan. 

    • Rol-jokoa. Survival Zombie. 23:00etan. Ziudadelan.

  • Irailak 6, larunbata

    • Erdi Aroko Azoka Handia. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Hiru burguetako kaleetan.

    • ‘Autentika’, Nafarroako tokiko arrazen azoka Runa parkean.

    • Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua. 20:00etan. Gazteluko plazan.

  • Irailak 7, igandea 

    • Erdi Aroko Azoka Handia. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Hiru burguetako kaleetan. 

    • ‘Autentika’, Nafarroako tokiko arrazen azoka. Runa parkean.

    • Karlos III.aren koroatzea. 17:30etik aurrera. Iruñeko katedralean.

    • Natalia Lacunzaren kontzertua. 20:00etan. Gazteluko plazan.

  • Irailak 8, astelehena

    • Erdi Aroko Azoka Handia. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Hiru burguetako kaleetan. 

    • Iruñeko Zapia entregatzeko ekitaldia. 11:00etan. Udaletxean.

    • Batasunaren Pribilegioaren ekitaldia. 17:45ean. Hiri Gorpuztuaren segizioan, Udalbatza katedralera joanen da Batasunaren Pribilegioa ospatzeko: errespontsua otoiztu, lore-eskaintza egin eta Dugunak eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsak dantzatuko dute.

¿Te ha sido útil esta página?