‘Antzerki Aroa’ zikloaren barruan, euskarazko antzerkiarekin lotutako bost hitzordu antolatu dira: urriaren 7tik azaroaren 4ra bitarte eginen dira, Nafarroako Antzerki Eskolan

‘Antzerki Aroa’ zikloaren barruan, euskarazko antzerkiarekin lotutako bost hitzordu antolatu dira: urriaren 7tik azaroaren 4ra bitarte eginen dira, Nafarroako Antzerki Eskolan
Sarrerak 8 euroan daude salgai jadanik Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean: euskara ikasten dutenek deskontua dute eta antzerki guztietara joan ahal izateko abonuak eskuratzeko aukera dago
Fitxategi
Fitxategi
Antzerki Aroa

 

Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloa hemen da berriro udazkeneko kultur programazioan; urriaren 7tik azaroaren 4ra bitarte lau antzezlan taularatuko dituzte, asteazken bakoitzean bana, eta 19:00etan izanen dira guztiak, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE). Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean eskuratzen ahal dira, 8 euroan. Euskara ikasten dutenek 5 euroko prezio berezia izanen dute; horrez gain, 25 euroko abonu bat eskuratzeko aukera dago. Sarrerak txarteldegian bertan ere erosten ahal dira, antzerkia hasi baino ordubete lehenago. 

Programazioa urriaren 7an hasiko da, hileko lehen asteazkenean: Metrokoadroka konpainiak Bi baso bat ur antzezlana taularatuko du. Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, Miren Azkaratek eta Oier Guillanek sortu dute testua, eta Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias dira protagonistak. Antzezlanean dantza-pista baten erdian geldirik dauden lau pertsona aurkezten dira, bakoitzak baso bat ur eusten duelarik. Eszena hori abiapuntutzat hartuta, antzezlanak alaitasunaren izaera soziala irudikatu nahi du, eta, horren harira, ezagutzera ematen du trauma bat bizi ondoren poza aurkitzea funtsezkoa dela atsekabea gainditzeko.

Zanbuilak da hurrengo antzezlana: urriaren 14an taularatuko da, Irene Hernando, Amaia Ortiz de Galarreta eta Esti Curiel kide dituen Lolak kolektiboaren eskutik. Hiru emakume horiek sortu eta idatzi dute emakumeen ikusgarritasunari buruzko antzezlana, eta, gainera, hirurak dira protagonistak.  Itziarren istorioa kontatzen da bertan: krisi existentzial batean murgilduta dagoen 39 urteko erizaina da Itziar, eta beste belaunaldi bateko emakume batekin topo egiteak gauzak birpentsaraziko dizkio.

Ondoren, urriaren 21ean, Las Reinas Kanpaina antzezlanak hartuko du lekukoa: La Cuerda Teatroa eta Ttipia Kultura konpainien komedia bizi eta ironikoa da, eta emakume-talde baten oporrak abiapuntu hartuta, hierarkien errepikapenari, atseden/lan binomioari eta nagusikeriari buruz hausnartuko du. Eva Redondok zuzendu du lana, eta Maider Lekunberri, Maitane Pérez eta Olatz Beobide dira antzezleak. 

Hauxe da urriaren 28rako proposamena: Horman Poster eta Dxusturi Teatroa taldeen Rikardo III eta ni antzezlana. Igor de Quadraren zuzendaritzapean, Leire Uchak, Ion Zumelagak eta Eneritz Artetxek Shakespeare-ren antzezlaneko hiru amorante interpretatuko dituzte, eta pertsonaia horiek Ricardo III tragediaren haluzinazio eszenikoa hezurmamituko dute. 

Programazioari amaiera emateko, azaroaren 4an (asteazkena), Xake Produkzioak taldeak Sidari taularatuko du, eta Iholdi Beristain, Hodei Arrastoa, Getari Etxegarai eta Kepa Errasti izanen dira protagonistak. Hogeita hamar urte inguruko bikote baten istorioa kontatzen du: Jone eta Jokinek Europan intererrail moduko bidaia bati ekitea erabakitzen dute elkarrekin dauden zortzigarren urtea ospatzeko.


2026KO ANTZERKI AROA. NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA. 19:00

  • Sarrerak txarteldegian (San Agustín kalea 3) eta www.laescueladeteatro.com/eus webgunean

    • Sarrera orokorra: 8 euro

    • Euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako euskara-ikasleendako sarrerak: 5 euro

    • Abonua: 25 euro

  • Programa:

    • Urriak 7, asteazkena: BI BASO BAT UR (Metrokoadroka)

    • Urriak 14, asteazkena: ZANBUILA (Lolak kolektiboa)

    • Urriak 21, asteazkena: LAS REINAS KANPILA (La Cuerda Teatroa eta Ttipia Kultura)

    • Urriak 28, asteazkena: RIKARDO III ETA NI (Horman Poster eta Dxusturi Teatroa)

    • Azaroak 4, asteazkena SIDARI (Xake Produkzioak)

¿Te ha sido útil esta página?