Euskaltzaindiak gaur egin du bere osoko Bilkura Iruñeko Udalaren Osoko Bilkuren Aretoan. Erakundeak euskararen gramatika-arauak ikertu eta formulatzen ditu, eta, gainera, euskararen erabilera sustatu eta eskubide linguistikoak defendatzen ditu, eta, Jon Sarasua Maritxalar izendatu du euskaltzain oso, Mikel Zalbide Elustondo hizkuntzalari donostiarraren ordez.
Osoko bilkuraren atsedenaldietako batean, Aitziber Campion Gamboa, Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak eta Udalbatzako beste kide batzuk, Garbiñe Bueno Zabalza lehen alkateordea buru dutela, Andrés Urrutia Badiola buru duen erakundearen hogei bat kideri harrera egin diete. Harrera-ekitaldian zinegotziak eta lehendakariak hartu dute hitza, bi instituzioek euskararen normalizazioa sustatzeko egiten duten lana balioan jartzeko.
Osoko bilkuran Euskaltzaindiaren zuzendariak eta euskaltzain osoak biltzen dira euskararekin lotutako auziei buruz eztabaidatzeko. Euskaltzaindiak ordezkaritza bat du Iruñean, eta bertan hizkuntza-aholkularitzako zerbitzua ematen du; izan ere, Nafarroan aplikagarriak diren hizkuntza-arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala da. Halaber, hizkuntzari buruzko txostenak egin eta ziurtagiriak ematen ditu, baita kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak antolatu ere.
Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966) euskaltzain oso berria, Informazio Zientzietan doktorea da EHUn eta askotariko argitalpenak egin ditu sozioekonomiaren, kulturaren eta euskararen arloetan. Mondragón Unibertsitatean hasi baino lehen kultur sorkuntza eta sustapeneko proiektuetan aritu zen lanean. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean eginkizunak izan ditu kudeaketan, ikerketan eta irakaskuntzan. Irakaskuntzari dagokionez, Hezkuntzako eta Komunikazioko graduetan eskolak ematen ditu, bai eta graduondokoetan ere; halaber, Amerikako eta Afrikako hainbat herrialdetan hizkuntza-lankidetzan aritzen da. Besteak beste, honako lan hauek argitaratu ditu: Biziaren hizkuntzaz: Txepetxekin solasean (1997), Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak (2001) eta Hiztunpolisa: Euskaltasunaren norabideaz apunteak (2013).