Kalonjeen bigarren atea eta egoera onean dagoen txanpon islamiko bat aurkitu dituzte Barbazán Apezpikuaren ingurabidearen indusketetan

Kalonjeen bigarren atea eta egoera onean dagoen txanpon islamiko bat aurkitu dituzte Barbazán Apezpikuaren ingurabidearen indusketetan
Urriaren 3tik aurrera abiatuko dira berriz lanak, antolatutako bisita gidatuak egin ondoren

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko katedralaren atzeko aldean dagoen Barbazán Apezpikuaren ingurabideko indusketen fase berriak agerian utzi du Kalonjeen bigarren atea: iaz aurkitutako Erdi Aroko atetik beherago dagoen substratu batean eraiki zen. Ate are zaharragoa da eta aurkitu zen horren azpian eraiki zen. Eraikuntza osatugabea da, izan ere, parte bat kendu zuten goiko atea ireki zutenean, eta ez dago harekin guztiz lerrokatuta, baizik eta pixka bat desbideratua, Barbazán Apezpikuaren dorrea eta Nabarreria hiriko Erdi Aroko harresi zaharra behin eta berriz hedatzerakoan gertatu ziren eraikuntza-arazoen ondorioz. 

Ateak 2 metroko altuera eta 1,4 metroko zabalera ditu, gutxi gorabehera. Dorre berria altxatzeko, zapata nabarmen indartu zen eta ate zaharra baliogabetu eta hainbat betegarri jarri zituzten; VI. eta VIII. mendeen artean gertatu zen sute baten estratuko materialak, besteak beste, erabili zituzten betegarri gisa.

Hura ez da indusketa-lanetan egindako aurkikuntza bakarra. Erromatar garaiko hainbat elementu ere agertu dira, hala nola terra sigillatazko ontzien aztarnak eta txanponen bat. Dena den, pieza harrigarrienetako bat ongi kontserbatuta dagoen txanpon islamiko bat izan da. Gestión Cultural Larrate da indusketaren enpresa arduraduna, eta dagoeneko abiatu du txanponaren azterketa, datazioa egin ahal izateko; enpresa horrekin lankidetzan arituko dira Ricardo Ros Arrogante, Nafarroako Erdi Aroko txanponetan espezialista, eta Fátima Martín Escudero, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko numismatika islamikoko espezialista. Adituen arabera, xehe-xehe garbitzea falta den arren, txanpona VIII. eta IX. mendeen artekoa izan daiteke.

Pieza, antza denez, hiriaren zati hori erabat suntsitu zuen sute bortitz bati dagokion lur-estratu batean aurkitu da. Sutearen mailaren datazioa VI. mendetik VIII. mendera bitartekoa da. 

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea gaur, asteazkena, aurkikuntzak bisitatu eta bertatik bertara ezagutu ditu Hirigintza Gerentzia eta Batzordearekin batera. Iñaki Sagredo Garde arkeologoa da indusketaren arduraduna eta berak eman ditu ezagutzera lehenengo aurkikuntzak eta horiek denboran kokatzen saiatu da. Sagredok azaldu duen bezala, aurkitutako aztarnen parte bat erromatarrak hirian egon ziren lehenengo uneetakoa da; izan ere, dorrearen zapatan bertan erromatar garaiko Campaniako zeramika zati bat agertu da. Hala ere, pieza hori eta beste material batzuk zimendua indartzeko erabilitako betegarrien parte direnez, arkeologoak kontuz interpretatu behar direla azpimarratu du. Dena den, estratuak ez daude kutsatuta, ezta nahastuta ere, gainjarrita baizik. Horrez gain, indusketan ez da estratu horiei lotutako Erdi Aro Beteko ebidentziarik agertu.

Indusketa-lanei esker, eraikuntza- eta substratu-geruzak aztertu ahal izan dira lurra kendu eta gero, 10 metro luze eta 5 metro zabal dituen eremu ireki batean, eta indusketak bost metroko sakoneraraino heldu dira zero kotarekin alderatuta. Lanek 2025eko irailean mugitutako eremuaren hedapena izan dute ardatz, baita ondoko eremua ere, Barbazán Apezpikuaren dorrearen ondoan ikusten ahal den arku itsuaren zatian, ‘Kalonjeen atetik’ Barbazán Apezpikuaren kaperaraino. Lurrak mugitzeko lanak irailaren 7ko astean hasi ziren eta, zehazki, 14tik aurrera abiatu ziren arkeologia-lanak, topografiaz eta fotogrametriaz eta erregistro arkeologikoa egin eta materialak kudeatze aldera bertan ezarri den laborategi batez lagunduta. 

Herritarrei aurkikuntzak erakusteko bisita gidatuak antolatu dira irailaren 26an eta urriaren 3an (larunbatak), bi egunetan 10:30ean eta 12:00etan, baina dagoeneko lekuak beteta daude. Bisita gidatuak egin ondoren, indusketa-lanei ekinen diete berriz, baita eremua babesteko lanei ere, eremua estali gabe dagoen bitartean euria egitekotan kalterik egon ez dadin. Hala ere, Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusia – Vianako Printzea Erakundearekin hartutako konpromisoari jarraikiz, eremua berriz ere estaliko da lanak amaitzean. Lehen aldia da soilik ikerketa-lanei lotutako indusketak egiten direla, lan horiek obra zibilekin zerikusirik izan gabe. Xedea da Nabarreria hiriko harresiak eta Nafarroako Erresumaren parte izan ziren gotorleku eta eraikuntzak hobeki ezagutzea. Aurkikuntzei buruzko ondorioak erakusketa batean jarriko dira ikusgai, eta aurkezpen-jardunaldia urriaren 26an eginen da, 19:00etan, Kondestable Civivoxean.

Ondoz ondoko eraikuntzak

Bigarren fase honetako aurkikuntzek agerian uzten dute hiriaren historian etengabe hazteko eta eraikitzeko politika beti indarrean egon dela; izan ere, aurreko geruzak baliatzen ziren eraikin berriak eraikitzeko edo lehendik zeudenak handitzeko. Batez ere katedraleko eremuan gertatu izan da hori: mendeetan zehar hiriko jarduna pilatu da bertan eta kulturen arteko elkargunea izan da. Aztarna erromatar eta islamikoak horren erakusle dira. 

2025ean Barbazán Apezpikuaren kaperaren ondoan agertu zen lehenengo atea Erdi Arokoa zen: 1,3 metroko zabalerako arku eskartzano bat zuen ateburuan eta 3 metro inguruko altuera. 

¿Te ha sido útil esta página?