
Bartolomé de Carranza kalea guztiz eraberrituko da datozen bost urteetan, Nafarroa etorbidearen eta Ermitagañako kalearen artean, Andre Maria elizaren eta kiroldegiaren ingurunean: proiektuak gunea birnaturalizatzea barne hartzen du, eta, aurreikuspenen arabera, Iruñeko Udalak 218.055,47 euro inbertituko ditu guztira. Datozen egunetan, obraren lehenengo faseko lanak hasiko dira: Ermitagañako kiroldegiaren atzealdearen ondoko gunean eginen dira, eta irailera bitarte iraunen dute.
Lanek helburu dute hiri-espazio horretako segurtasuna, jasangarritasuna eta ingurumen-kalitatea hobetzea. Horretarako, espazioa birdiseinatuko da berdegune berriak sortuta eta baldosa-zoladura zati bat kenduta. Zehatz-mehatz, pasealekua iragazgaitza ez izateko neurriak hartuko dira: beraien artean bereizitako hiru berdegune sortuko dira pasealekua kontserbatu eta jadanik dauden espaloiei jarraitutasuna emateko. Berdegune berri horiek sortzeko, dagoen zoladura kenduko da, eta hala, tenperatura hobeki doitzen ahalko da eta zuhaixkak eta landare bizikorrak landatzeari esker biodibertsitatea handituko da. Horri guztiari esker, uraren zikloa hobeki doituko da drainatze naturaleko sistemak sortzearen bidez. Gainera, hiri-altzariak berrituko dira banku eta luminaria berriak jarrita.
Aurreikuspenen arabera, lehenengo fasean, eraberrituko den eremuak hartzen dituen 1.428 metro karratuetatik 300 metrotan eginen dira lanak. Espazio guzti horretan 350 zuhaixkatik gora landatzea eta 13 eserleku jartzea aurreikusten da. Hasteko, lehen jarduketa honetan lau eserleku jarri eta 90 zuhaixka baino gehiago landatuko dira aurreikuspenen arabera. Lanak abian daude dagoeneko, gunean zeuden zortzi makal kendu baitira. Horien ordez, espezie desberdinetako zortzi zuhaitz landatuko dira: besteak beste, parrotia pérsica (burdin-zuhaitz izenaz ere ezaguna), lutèce zumarra eta paradisuko melia (melia azederach) landatuko dira, ingurura hobeki egokitzen baitira haztean eta zahartzean dituzten ezaugarriengatik.
Orain kendu diren zuhaitzek agortua zuten bizitza erabilgarria. Makalen hainbat ale dira (populus alba pyramidalis), eta joan den mendeko 80ko hamarkadan landatu ziren, gunea urbanizatu zenean. Bartolomé Carranza kaleko tarte horretan zuhaitz hoien 175 ale daude, jadanik zahartuak eta ahultze sintomekin. Izan ere, zuhaitz horiek bizirik dauden azken urteetan oso arriskutsuak dira, adarrak erortzen zaizkielako, eta hortaz, berrikusketa-lanak eta jarduketak etengabe egin behar dira arrisku hori kontrolpean izateko. Hori dela eta, Udalak hamarkada bat darama dagoeneko zuhaitz horien bilakaera aztertzen eta istripuak saiheste aldera aleak pixkanaka-pixkanaka kentzen. Zuhaitz horien zuhaitz-txorkoak hutsik geratzen ziren gunearen urbanizazio-lanak bukatu bitartean. Dena den, ipurditik moztutako ale horien ordez espezie berriak landatzea da helburua, kontserbazio- eta segurtasun-baldintza hobeak izan ditzaten.