
Hirigune Historiko Bizigarrien I. Topaketa urriaren 8an eta 9an eginen da Kondestablearen jauregian, eta ekitaldi horren barruan, hirigune historikoak bizirik mantentzeko funtsezko gai batzuk jorratuko dira, hala nola etxebizitza, hiri-berroneratzea eta energia-trantsizioa. Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SAren (PCH-IB) XXV. urteurrenaren esparruan egin da topaketa, Iruñeko Alde Zaharreko Etxebizitza eta Hiri-Berroneratze Planaren (2025-2035) aurkezpenarekin bat eginez. Iruñearekiko antzekoak diren hiriak –Girona, Santiago de Compostela eta Gasteiz– ordezkatzen dituzten arduradun politikoak bilduko ditu ekitaldiak, baita hiri horietako talde teknikoak, eta etxebizitzetan eta hirigintzan espezializatutako eragileak ere. Hauek dira helburu nagusiak: esperientziak partekatzea, tresnak kontrastatzea eta hirigune historikoen bizitegi-berroneratzean aplikatzeko moduko ikaskuntzak sortzea.
Topaketaren programa
Joseba Asiron Saez alkatea arduratuko da jardunaldiei harrera instituzionala egiteko eta ongietorria emateko ekitaldiaz, eta, horren ondoren, mahai-inguru bat eginen da: alkateak berak hartuko du parte, eta gaia testuinguruan jarriko du hirigune historiko bizigarriak lortzeko erronkei, politikei eta irtenbideei helduta. Programarekin jarraitzeko, ibilbide gidatu bat eginen da enpresa abian egon den 25 urteetan Alde Zaharrean egin diren proiektuak eta jarduketak zeintzuk izan diren erakusteko, besteak beste, gai hauekin lotutakoak: etxebizitza, berroneratzea, ondarea eta hiri-espazioa.
Hitzaldi batek emanen dio hasiera arratsaldeko saioari: Ondarea eta bizigarritasuna. Iraupenaren eta aldaketen inguruko hausnarketak hiri historikoan du izenburu, eta Agustín Azkarate Garai-Olaun UNESCOren ‘Paisaia Kulturalak eta Ondarea’ katedraren zuzendariak emanen du. Jarraian, tokiko bi ekimen –Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SA eta Iruñeko Alde Zaharreko Etxebizitza eta Hiri-Berroneratze Plana (2025-2035)– hurrenez hurren aurkeztuko dituzte honako hauek: Uxua Domblás Ibáñez Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorreko zuzendariak eta Idoia Madariaga López Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SAko zuzendari kudeatzaileak.
Urriaren 9an, ostiralean, eginen den jardunaldiak izaera teknikoagoa izanen du, Hirigune historikoak bizitzeko, birgaitzeko eta zaintzeko irtenbide partekatuak izenburupean. Metodologia labur-labur aurkeztu eta gero, saioa gaien araberako bi bloketan banatuko da, batetik ‘Bizitzea eta birgaitzea’ eta, bestetik, ‘Zaintzea eta aktibatzea’; biak ala biak lau lan-mahai desberdinetan landuko dira goizean zehar. Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak emanen die amaiera jardunaldiei.
Webgune berria
Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen SA izaera instrumentaleko udal-sozietatea da, eta helburu du pertsonak erdigunean jartzen dituen hiri-garapen jasangarriagoa eta orekatuagoa bultzatzea. Hauek dira udal-sozietatearen funtzio nagusiak: lurzorua, hirigintza-aprobetxamenduak, etxebizitzak, eraikinak eta azpiegiturak eskuratzea, besterentzea, kudeatzea eta sustatzea. Gainera, bere gain hartzen ditu Iruñearen hiri- eta gizarte-garapenerako beharrezkoak diren hirigintza-jarduketa guztiak, hau da, sustapenarekin, eraikigintzarekin, kudeaketarekin eta hiri- ekonomia- eta gizarte-berroneratzearekin lotutakoak.
25. urteurrenarekin bat eginez, entitateak webgune berria estreinatu du: herritarrei entitateak egiten duen lana hurbiltzeaz gain, etxebizitzarekin era birgaitzearekin lotuta Iruñean aribidean dauden aukeren berri emanen da. Azpimarratzekoa da webguneak duen diseinu argia: erabiltzaileek esperientzia ezin hobea izateko dago pentsatuta eta edozeinek du eskuragarri. Edukia lau ataletan dago banatuta: Jarduketa-eremuak; Etxebizitza-sustapenak; Lizitazioak; eta Birgaitzeko laguntzak. Guztiek erabiltzaileek gehien eskatzen duten informazioa modu erraz eta intuitiboan eskuratzeko aukera emanen dute.