Datorren astelehenean ia bi kilometroko bizikletendako tarte berri bat egiteko lanak abiatuko dira, Sarasate pasealekua eta Europako plaza lotuko dituena, bi noranzkoko bidegorrien bidez, Yanguas y Miranda kalean eta Armada eta Baiona etorbideetan barna. Esku-hartze taktikoak izanen dira, zirkulazioari ia apenas eraginen diotenak eta kostu baxukoak; pintura, kautxuzko bereizgailu eta bi koloretako oztopo-zutoinen bidez eginen dira, tartearen arriskuaren arabera. Lanak tartez tarte eginen dira, behar diren materialak jaso ahala.
Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Maribel Gómez Udaleko Mugikortasuneko arduradunak aurkeztu dute jarduketa hau, aukera emanen duena Iruñean bizikletendako ardatz berri bat segurtasunez gaitzeko, ekialdetik mendebaldera, hiriaren erdialdea Donibane auzoarekin lotzeko, trafiko handiko bideen bidez, hau da, Armada eta Baiona etorbideen bidez. Esku-hartze hori Udalak hiri berde, ekologiko eta klimarekin engaiatuago bat lortzeko Udalak egiten duen apustuaren baitan dago, herritarrak garraiobide ez kutsakorrak erabiltzea errazteko, GoGreen Estrategiak jasotzen duen bezala –estrategia hori Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko alorraren jarduketetarako orientabide da–.
Mugikortasunaren arloari zehazki helduta, helburu horiei gehitu behar zaizkie, gainera, gaur egun dagoen beharra joan-etorri seguruetarako alternatibak eskaintzeko zein osasun-gomendioak betetzea errazteko; gainera, “Berriz ere atera garen honetan, ez sartu autoan” lelopean martxan jarritako komunikazio-kanpaina betetzea erraztu nahi da. Horregatik guztiagatik, azkeneko hilabeteetan, distantzia gordetzen laguntzeko beharra dela-eta, premiazko esku-hartzeak egin izan dira Sarasate pasealekuan, Nafarroako Gorteen kalean, Amaia kalean eta Bergamín kalean: eremu batzuk oinezkoentzat jarri dira, esku-hartzeak egin dira oinezkoendako pasabideetan eta erraiak murriztu dira ibilgailuendako, eta horrekin lortu da oinezkoen eta bizikleten joan-etorriei lehentasuna ematea eta ibilgailuen zirkulazioa baretzea.
Behin behineko esku-hartzea izanen da, eta astelehenean abiatuko da ekialde-mendebalde norabideko ardatzetan. Nagusiki pinturaren eta kautxuzko bereizgailuen bidez eginen da. Horretaz gain, oztopo-zutoin malguak jarriko dira ibilbide horren puntu jakin batzuetan, bizikleta eta autoendako segurtasuna edo horren pertzepzioa areagotzea beharrezkoa den lekuetan (ibiak, elkarguneak, bidegurutzeak). Oztopo-zutoinak bi koloretakoak izanen dira: beltzak, tarte zuzenetan, eta gorriak, puntu kritikoetan, mugikortasunaren parte diren pertsona eta ibilgailu guztien arreta eskatzea beharrezkoa den horietan. Horretaz gain, saneamendu-sistemen birgaitzea eginen da zenbait puntutan; autobus-geraleku aurreratuak, bidegorrirako sarreretarako aldapak eta ertz-erretenak eginen dira. Halaber, aparkaleku-lerroak mugituko dira Baiona etorbidean, edukiontziak ere mugituko dira, eta horrek ekarriko du edukiontziak mugatzen dituen metalezko topeak ere mugitzea.
Errei bat gutxiago Armada etorbidean
Lanak Yanguas y Mirandan hasiko dira, eta han bi noranzkoko bidegorriak bat eginen du Gipuzkoako etorbidetik - Trinitariosetik eta Navas de Tolosatik datozen ibilbideekin. Bidegorriak dagoen zerbitzuendako bandatik jarraituko du, ekialdeko espaloiaren ondoan (etxebizitzen eta merkataritza eremuaren aldea). Hain zuzen ere merkataritza eremuaren parte horretan edukiontziak kenduko dira, eta Yanguas y Mirandako tartea berregituratuko da, Lizarra kalearen eta Sarasate pasealekuaren artean.
Jarduketa hori baliatuko da, baita ere, autobus-geltoki berriaren atzealdea egokitzeko eta Gaztelugibelekin bizikletendako lotura berri bat ezartzeko ofitazko bide batzuen bitartez.
Armada etorbidean, aldaketa nagusia da zirkulaziorako errei bat galduko dela Iturramatik Donibanerako noranzkoan (Pio XII.erantz eta Baiona etorbiderantz), bertan bi noranzkoko bidegorria paratzeko, zeina paralelo joanen baita Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioarekin mugakide den espaloiarekin. Lehentasunak ere egokituko dira, Julián Arteaga kaleko bidegurutzeetan, bai eta loturak ere Pio XII.aren etorbideko zein Joan XXIII.aren plazako elkarguneetan. Txirrindularien segurtasuna bermatzeko, bidegorria oinezkoen pasabideekin lotuko da; bizikletek, hala ere, ibilbide luzeagoa egin beharko dute bidegurutzeetan eta biribilguneetan (esate baterako, Joan XXIII.aren plazan).
Aparkalekuak mugituko dira Baionako etorbidean
Gauza bera gertatuko da Baionako etorbidean, ibilgailu motordunendako zirkulazio-errei bat kenduko baita Europako plazaranzko norabidean. Erreia espaloiari lotuta joanen da, Azueloko monasterioaren plazaren ondoan, eta gero gurutzatuko du eta Baiona etorbidean ibiliko da, Belateko monasterioaren etorbidean dagoen bizikletendako pasabide bat aprobetxatuta. Baionako etorbidean autoendako aparkalekuko marra mugituko da, baina ez da kenduko, eta bidegorria espaloiaren eta aparkatzeko marra horren artean geratuko da, esate baterako Pio XII.aren etorbidean dagoen bezala. Bidegorria bi noranzkokoa izanen da han ere, eta Europako plazaraino iritsiko da.
Lan horiek egiteko dirua maiatzaren 28an onetsitako aurrekontuen aldaketatik etorri da. Bertan 343.000 euroko partida bat gaitu zen, Armada eta Baiona etorbideetan eta Labrit kalean bidegorriak egiteko. Astelehenean abiatuko dira lehenengo lanak, Yanguas y Mirandako loturako tartean egitekoak diren obrekin; horiek 193.000 euroko aurrekontua dute, gutxi gorabehera. Espero da bigarren fase batean antzeko ezaugarriak izanen dituen esku-hartze taktikoa egitea Labrit kalean, 2019ko urrian eskatutako eta 2020ko martxoan zenbait parte-hartze bileren ostean onetsitako aurreproiektutik abiatuta.