Jazz zikloak asteazkena eskainiko die nafarren presentzia duten musika-proiektuei. Javier Colinak eta Albert Sanzek Brasilgo konpositoreen eragina duen Sampa lan berria aurkeztuko dute 23:45ean. Arratsaldean, Javier López Jaso eta Marcelo Escrich Quarteten txanda izango da. Haien bigarren laneko –Aporía– kantak joko dituzte, 20:00etatik aurrera. Bi emanaldiak Compañía plazan izango dira.
Caetano Velosok Sao Paulo hiriari eskaini zion kantari omenaldia egiten dio Sampak. Albert Sanzek eta Javier Colinak pianoa, kontrabaxua eta akordeoia fusionatzen dituzte lan honetan, Brasilgo konpositoreen kanten bertsioak egiteko, baina ez bosanovako topikoenak, baizik eta swing-eran, buleria-doinuan edo jazz ballads delakoetan. Sanz eta Colina duela jada zazpi urte elkartu ziren laukote formatu batean, zeinarekin birak egin baitzituzten mundu osoan barna. Atsedenaldi tarteetan Albert Sanzek O qué será diskoa proposatu eta grabatu zuen Colinarekin batera eta Miles Davisen bandako kide Al Foster bateria-jotzaile famatuarekin batera. Proiektu hartan jada jazz-erako garapenak antzematen ziren, baina Brasil koloretsueneko abestien gainean.
Javier Colina egungo kontrabaxu-jotzaile onenetariko bat da. Musika-tresna hori era autodiktaktan jotzen hasi zen, pianoa, akordeoia eta gitarra ikasi ondoren. Jazzeko eta flamenkoko musikaririk ospetsuenekin batera jo du, hala nola George Cables, Tete Montoliú, Chucho Valdés, Jerry González, Perico Sambeat, Jorge Pardo, Tomatito, El Bola, Pepe Habichuela, Diego El Cigala eta Enrique Morenterekin. Soinu kubatarrekin esperimentatu du, Compay Segundo, Pancho Amat zein Bebo Valdési kontrabaxu-akonpainamendua eginez. Colina Miralta Sambeat CMS Trío delakoarekin bi disko kaleratu eta kontzertuak eman ditu mundu osoan barna. 2010ean Colina- Serrano Project diskoa aurkeztu zuen Antonio Serrano harmonika-jotzailearekin, non Latinoamerikako fusioa eta erritmoak biltzen baitziren berriz ere. Silvia Pérez Cruz abeslari katalanarekin Si te contara diskoa argitaratu zuen, jazza eta Kubako soinuak nahasten dituen lana, tres izeneko musika-tresnaren maisu den Pancho Amat lagunduta. Josemi Carmona gitarra-jotzailearekin egindako De cerca 2016ko disko onenetarikotzat hartu zen.
Albert San valentziarrak musika izan du inguruan beti, ama abeslari eta konpositorea baitu, eta aita, orkestra-zuzendaria, piano-jotzailea eta konpositorea. Influentzia horiekin, gaztetatik, emanaldiak eta prestakuntza –kontserbatorioan eta Bartzelonako Taller de Músics eskolan– uztartu zituen. Berkleen lizentziatu ondoren, Sanz New Yorkera joan zen, non musikaren munduan murgildu baitzen –Kurt Rosenwinkel, Chris Cheek eta Joe Martinen taldeekin jotzera heldu zen– eta Jazz Galleryan buru eta konpositore gisa estreinatu zen Larry Grenadier, Jeff Ballard eta Chris Cheekekin osatutako talde batekin. Kurt Rosenwinkel, Chris Cheek eta Mark Turner-ekin birak egin ditu, eta Silvia Perez Cruz, Jorge Rossy, Antonio Serrano eta Perico Sambeat artisten ohiko kolaboratzailea da.
Javier López Jaso eta Marcelo Escrichen bigarren lana
Arratsaldean Javier López Jaso eta Marcelo Escrich Quartet izango dira Compañía plazako agertokian, elkarrekin egin duten bigarren lana aurkezten: Aporía. Jazzaren eta musika inprobisatuaren ikuspegitik, musika klasikoaren eta Argentina zein Frantziako musikaren eragina nabari zaio, eta euskal folklorearen ukituak ditu.
Izan ere, Aporía sentsazioen labirinto bat da eta erritmoen zein influentzien amalgama bat, hasiera batean bateraezinak diruditenak baina elkartu eta bat egiten dutenak, osotasun bat eratuz. Harmoniaz eta isiltasunez betetako lan bat, probabilitateen eta inprobisazioa menderatzearen ondorio, diskoa osatzen duten bederatzi konposizioetan islatzen dena, bederatziak ere López Jasok eta Escrichek konposatuak.
Asteazkeneko kontzertuan haiekin batera izango dira Alberto Arteta (saxo tenorra), Luis Giménez (gitarra) eta Daniel Lizarraga (bateria). Haien lehen lanarekin –Pagoda– herrialde osoko jaialdi eta aretoetan jo zuten, eta jada orduan agerikoa egin zuten batetik bere proposamenaren orijinaltasuna eta bestetik Javier López Jaso akordeoi-jotzaile nafarraren eta Marcelo Escrich kontrabaxu-jotzaile argentinarraren musika-tresnak uztartzearen ezohiko emaitza.
2019ko sanferminak. Compañía plaza. Jazza eta munduko musika.
Arratsaldez |
Gauez |
|
Uztailak 10 |
JAVIER LOPEZ JASO & MARCELO ESCRICH QUARTET. APORÍA |
ALBERT SANZ ETA JAVIER COLINA. SAMPA |
Uztailak 11 |
YSI KALIMA |
MICHELE HENDRICKS QUINTET |
Uztailak 12 |
LAS HIJAS DE LA CUMBIA |
MISS BOLIVIA |
Uztailak 13 |
R DE RUMBA. WORLD, JAZZ & FUNK SESSION |
LONDON AFROBEAT COLLECTIVE |