Afrika behar-beharrezkoak Ziudadelara ekarri du kontinente beltzeko arte tradizionalaren erakusketa bat, etnien eta kulturen ikuspegi zabala ikusgai jartzeko

Afrika behar-beharrezkoak Ziudadelara ekarri du kontinente beltzeko arte tradizionalaren erakusketa bat, etnien eta kulturen ikuspegi zabala ikusgai jartzeko
Afrika izen propioaz erakusketa urtarrilaren 12a arte bisitatzen ahalko da Ziudadelako Mistoen Eraikineko lehen solairuan
Esposición África


Saharaz hegoaldean. Afrika behar-beharrezkoa ekimenaren 19. edizioak Afrika izen propioaz erakusketa aurkeztuko du aurten Ziudadelan. Kontinente beltza delakoaren artea biltzen du erakusketak, 200 pieza baino gehiagotan, hala nola maskara, fetitxe, zinginarri, txanpon, bitxi eta bestelako objektuetan, Afrika beltzeko kultura, etnia eta tradizioen ikuspegi zabala eskaintzeko asmoz.
 

Goizean, Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak eta argitaratzaile, afrikar artearen bildumagile eta erakusketako komisarioa den Jorge Montoro Bayónek aurkeztu dituzte hala erakusketa zabal hau nola horren harira garatuko diren jarduerak. Haiekin batera, erakusketaren aurkezpenean aritu dira, baita ere, Andrés Carbonero Martínez Nafarroako Gobernuko Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendaria eta Javier Fernández Valdivieso Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia.
 

Arte-proposamena gaika antolaturik dago, eta bertan etnietako erritu-piezen ale batzuk topa daitezke, edo etnia bakoitzeko sortzaileek egindako artelanak, bildumazaleen merkaturako zizelkatuak. Badira azpimarratu beharreko sormen-lan batzuk, hala nola Kota herriaren erlikia-ontzi bat, oromotarren ezteietako buru-euskarri bat (Etiopia), namjien emankortasun-panpin bat (Kamerun) edo bidjogoen zirkunzisio-maskara bat (Ginea Bissau). Horrez gain, pieza tradizionalen erakusketan bi atal berezi daude: bat Dogon etniari eskainita dago, jakin izan baitu bere erritu eta ohiturak kanpoko presioetatik urrun mantentzen, eta besteak aukera ematen du ezagutzeko herri afrikar askok zeinen modu bitxian ulertu duten gaur egungo munduan oso garrantzitsua den gauza bat: dirua.
 

Erakusketa Ziudadelako Mistoen eraikineko lehen solairuan egonen da ikusgai urtarrilaren 12ra arte. Ziudadelako erakusketa-aretoen ordutegia 18:00etatik 20:30era da, asteartetik ostiralera; 12:00etatik 14:00etara eta18:00etatik 20:30era, larunbatetan, eta 12:00etatik 14:00etara, igandeetan eta jaiegunetan.
 

Ezagutu balioetsi ahal izateko

Nafarroan garapenaren aldeko hezkuntzan 19 urtez ari direnak bat datoz: ezin da Afrika modernoa ulertu bertako historia aipatu gabe. Tradizioak abiapuntu hartuta eratzen dira era askotako identitateak, eguneroko bizitza, sinesmen-sistemak eta egungo gizartearen antolamendua. Testuingurua ezagututa bakarrik hel dakioke askatasun politiko eta sozialen eza edo giza-eskubideen urraketa salatzeari, edo emakumeen protagonismoak ulertu (feminismo afrikarrak), bai eta, halaber, afrikarren energiari, sormenari eta aldaketa-gaitasunari antzeman ere. Gure esparruari dagokionez, ekimen honen xedea da hemengo herritarrak gai izan daitezen Afrikatik etorrita Iruñean bizi direnak ulertzeko eta balioesteko.
 

Afrika izen propioaz erakusketa Afrika behar-beharrezkoa ekimenaren hamar jardueretako bat da. Jarduera horiek, hala nola hitzaldiak, zine-emanaldiak, solasaldiak eta erakusketa gehiago banatuta daude Iruñearen, Burlataren eta Tuteraren artean.
 

Programa honek, sentsibilizazioaren arloko antzinakoenak, erro sendoak ditu.  Afrika behar-beharrezkoa partzuergoa zazpi erakundek osatzen dute: Tau Fundazioa, Bakerako Lankidetza Batzarra, Medicus Mundi, Oxfam Intermón, Proclade Yanapay, SED (Elkartasuna/Hezkuntza/Garapena) eta REDO Espazioa. Azken horrek koordinazio-eta kudeaketa-lanak egiten ditu. Horrez gain, zenbait erakunderen babesa ere jasotzen du, besteak beste bi udal-alorrena (Kultura eta Berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuak, Komunitate Ekintza eta Kirola, Iruñeko Udalaren Garapenaren aldeko Lankidetza Programaren bidez), bai eta Nafarroako Gobernuarena, Nafarroako Kutxa Fundazioarena, Filmotekarena eta Nafarroako Ateneoarena ere.
 

Iruña eta Afrika behar-beharrezkoa

Afrika behar-beharrezkoa programak 19 edizio egin ditu, eta horietako guztietan jaso du Iruñeko Udalaren laguntza. Edizio honetan, 8.000 euroko dirulaguntza jaso du Udaleko Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetza Programatik, eta Kultura eta Berdintasuneko Alorrak bere gain hartu ditu erakusketaren kostuak, 5.000 euro.
 

2019. urtean, udal-ordezkariek udal-aurrekontuen 1,49 milioi euro gorde dute garapenaren bidean diren herrialdeetako komunitateen alde erabiltzeko. Kopuru horrek tokiko erakundearen aurrekontuaren % 0,76 jotzen du. Udalak, hura baita herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea, elkartasunezko lankidetza bultzatzen du, beste herrialdeetako komunitateen arazoek eragiten diotelako, baita ere, tokiko esparruari. Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetza Programak lan-ildo batzuk garatzen ditu, besteak beste, Garapen bidean dauden herriekin lankidetza proiektuak gauzatzeko dirulaguntzen deialdi publikoa (Hegoko herrialdeetan egitekoa) eta Garapenaren aldeko Sentsibilizazio eta Hezkuntza Proiektuetarako deialdia (Iruñean egitekoa).

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia