Adituen batzordeak Erorien Monumentuan Oroimenezko Museo bat egitea proposatu du, kupulari protagonismoa kendu eta inguruarekin koherenteak diren eraikin berriak txertatuta

Adituen batzordeak Erorien Monumentuan Oroimenezko Museo bat egitea proposatu du, kupulari protagonismoa kendu eta inguruarekin koherenteak diren eraikin berriak txertatuta
Azpimarratu dute eraikinaren eraldaketa sakonak eraikinak adierazten dituen balio antidemokratikoekiko erabateko haustura dela
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Adituen batzordeak gaur, ostegunarekin, aurkeztu du Erorien Monumentua eraldatzeari buruzko txostena, estatu mailan eta nazioartean oroimenezko monumentuen kudeaketa eta ikerlan historikoen inguruan izandako esperientziak aintzat hartuta. Izen handiko 14 adituk osatu dute batzordea, eta haien iritziz, monumentuan eginen den Oroimenezko Museoa hiriko proiektu anbiziotsu eta esanguratsuena izanen da epe ertainean eta luzean. 

Oroimenezko Museoari esker, Oroimenezko Museoen eta Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarraren Nazioarteko Gutunean jasotako printzipioak gauzatuko dira, aurre eginez frankismoaren apologiaren isla den eta jazarleak, hiltzaileak eta beste giza-eskubide batzuen urratzaileak goresten dituen monumentu horri. Batzordeak nabarmendu du eraikinaren eraldaketa sakona higiezinak adierazten dituen balio antidemokratikoekiko erabateko haustura dela; izan ere, eraikina estilo horretako handienetariko bat da, bigarren handiena Espainiako estatuan, lehenengoa Madrilgo Cuelgamuros monumentua baita.

Eraisteak jazarleen memoriari eginen lioke mesede
Txostenaren abiapuntua monumentuaren eraldaketa sakona da, bai barrutik, bai kanpotik, duela gutxiko iragan hori eraikina eraikitzeko orduan indarrean zeuden balioekiko guztiz desberdina den perspektiba batetik irudikatzeko. Txostenaren arabera, higiezina eraisteak jazarleen memoriari eginen lioke mesede, jazotako gertakarien frogak suntsituko bailirateke. Izan ere, errepresioaren lekuko materialak oso baliagarriak dira memoria historikoa eraikitzeko. Hala, bizikidetza, giza eskubideekiko errespetua, historiari buruzko hausnarketa kritikoa eta zorrotza lekukotzeko gune bat sortu nahi da, errepresioaren biktima izan direnek egia, justizia eta ordainarekiko duten eskubidean sakondu dezaten.

Erronka hauxe da: totalitarismoa gurtzen duen monumentu hori eraldatu eta pentsamendu kritikoa, 1936ko estatu-kolpearen ondorioen, testuinguru historikoaren eta sustraien ezagutza historikoa eta balio demokratikoak sustatzeko kultur ekintza eta ekintza politikoa bultzatzeko gune bihurtzea. Erronkak barne hartzen du gunearen erabilerak goitik behera eraldatzea, ondarea museo bihurtzea eta hiri-bilbearen barruan hezkuntza-ikuspuntu pedagogikoa duen ekipamendua eraikitzea.

Txostenean jasotako gomendioak arkitekturako nazioarteko lehiaketan txertatuko dira, eta lehiaketa hori abiapuntu hartuta behin betiko proiektua sortuko da Erorien Monumentua faxismoaren aurkako memoria-zentro gisa birdefinitzeko. 

Kupulak eta kupula-danborrak protagonismoa galdu beharko lukete
Erorien Monumentua eraldatzeak eragina izanen du eraikinaren edukietan eta arkitekturan: kupulak eta kupula-danborrak protagonismoa galdu beharko dute, bai kanpoalderantz, bai barrualderantz, eta ezinbestekoa izanen da barrualdeko solairuetatik osagai horiek bahetzen eta ezkutatzen dituzten elementuak jarri eta bisita gidatuak egin eta interpretatzeko gune egoki bat diseinatzea. Honako estrategia eta elementu hauek proposatzen ditu batzarrak: besteak beste, kapsulatzea, sabai-leihoak, irudietan oinarritutako arkitektura, begiratokia eta ispilua.

Kupula eta kupula-danborra goitik behera eraldatzeak, halaber, eragina izanen du kupula barruko freskoan: elementu horren esku-hartzea eta interpretazioa egin behar da; horrez gain, kriptan ere eragina izanen du eraldaketak: hilobi-elementu guztiak kentzea eta sakratutasuna gal dezatela proposatzen da, gunearen erabilerak beste helburu batzuetarako baliatzeko, hala nola arte garaikideko proiektu eta lanen instalazioak antolatzeko. Terraza leku egokienetako bat da aisialdiarekin lotutako erabilera berriak abian jartzeko, baita terraza museorako sarbide berri bihurtzeko ere.

Arkuteriari dagokionez, plaza 0 kotaraino kentzearen ondorioz, hiri-bilbea eta gune publikoa lotuko dira, baina horren ondorioz, eraikina altuagoa izanen litzateke eta desberdintasun-pertzepzioa, handiagoa. Kentzeko lanak egin eta gero, orain ikus ezin daitezkeen egiturak azaleratuko lirateke, hala nola Kristo Erregearen parrokiatik kriptara sartzeko tunela; hain zuzen ere, oso sinbolikoa da tunel hori, urteetan zehar kripta nola erabili den eta herritarren begiradatik kanpo egon dela kontuan hartuta.

Oroipen-testuak, erakusketa iraunkor bat eta ondoko eraikina
Oroipen-testuei eta ikonografia faxistari dagokienez, gurutzadarekin eta nazionalkatolizismoarekin lotutako elementu sinbolikoen interpretazio-museo moduko bat sortzea proposatzen da, batez ere elementu horiek Nafarroako karlismoarekin duten loturan enfasia jarrita. Akordio politikoak ezartzen duen moduan, horrek erorien zerrenda eta beste inskripzio batzuk dituen marmolen jatorrizko gunea kentzea ekarriko luke. Adituen iritziz, elementu horiek gorde edo museo bihurtu behar dira, aztertu eta interpretatzeko.

Egitura arkitektoniko berriak aintzat hartu beharko ditu proiektuak barne hartzen dituen guneak eta beharrak, hala nola ekipamenduaren harrera eta sarbidea, erakusketa iraunkorrak, aldi baterako erakusketak, hezkuntza-guneak, ekitaldi- eta hitzaldi-aretoa, bilera-aretoak, artxiboa eta liburutegia, baita administraziorako, aisialdirako eta beste batzuetarako guneak ere. Horretarako, batzarrak egokitzat jo du ondoan eraikin bat edo batzuk eraikitzea, egun dagoen eraikinarekin batera multzo arkitektoniko koherentea osatzeko, jarduera horietako batzuk garatzeko xedez. 

Esku-hartzeak kontuan izan beharko du ez bakarrik eraikinak hiri osoan izanen duen eragina, baita berariaz ondoko inguruan izanen duena ere, hala nola Bake plazan, Karlos III.a Noblearen etorbidean eta Agoitz kalean. Txostenak bi ideia aurreikusten ditu plazarako: batetik, plaza, parke eta urmaela dagoen moduan uztea, eta, bestetik, guztiz eraldatzea, aurretik aipatutako eraikin osagarriak eraikita edo elementu txikiak txertatuta. Halaber, Jorge Oteizaren Korearra eskultura tokiz aldatu eta eraikin berrian sartzea proposatzen du. 

Edukiei modu integralean heltzea herritarren parte-hartzearekin
Memoria demokratikoko eta faxismoaren aurkako interpretazio-zentro berriko edukiak ikuspegi global batetik abiatuta diseinatuko dira, kontu museologikoak eta museografikoak, eta hirigintzakoak eta kudeaketakoak kontuan hartuta. Proiektuaren sendotasuna bermatzeko, batzordeak diseinuaren, proiektu museografikoaren eta arkitektura-proiektuaren arteko osagarritasunaren eta instituzioen eta entitateen arteko elkarlana azpimarratzen du. Museoa Nafarroako gune memorialekin koordinatuko da, bereziki Nafarroako Memoriaren Institutuak sustatutako Memoria duten Eskolak programarekin.

Proiektuaren garapenak eta ondorengo kudeaketak herritarrek parte hartzeko mekanismoak garatu behar ditu, batez ere memoriaren aldeko elkarteekin. Batzordeak komenigarritzat jotzen du eraikinean egindako esku-hartzearen erregistro arkeologiko bat egitea, eta lanek irauten duten bitartean herritarren bisitak ahalbidetzea. 

Oroimenezko Museo berriak hainbat gune izanen ditu giza eskubideen urraketei eta mugimendu neofaxisten egungo gorakadari lotutako aldi baterako jarduerak antolatzeko. Nolanahi ere, eduki nagusia erakusketa iraunkorrean egonen da, eta hiru ildo nagusitan egituratuko da: lehenengoa eraikinaren historiarekin lotuta egonen da, diseinatu zenetik egungo eraldaketara bitarte; bigarrenak modu kritikoan aztertuko du “eroriak” kontzeptuaren eraikuntza eta frankismoaren biktimen errealitatea; eta hirugarrenak, gurutzadaren kontzeptuari buruzko gerra-kulturari eta kultur politika belizisten kalteei buruzkoa, giza-eskubideen errespetuan eta elkarrizketa bidezko gatazken konponketan oinarritutako bakearen kultura sustatuko du.

Hezkuntza-tresna eta kontzientzia demokratikoaren laborategia
Hezkuntzaren ikuspegitik, txostenak oroimenezko museoa lehen mailako hezkuntza-tresna bihurtu beharko litzatekeela defendatzen du, kontzientzia demokratikoaren laborategi gisa, eta behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko lituzkeela estrategiak eta programak sustatzeko, era guztietako jendea erakarri eta haiekin lotura parte-hartzaileak garatu ahal izateko. Programaren abiapuntua eraikinak sorreratik duen esanahiari buruzko gogoeta izan behar da, esanahi hori ez baitator bat memoria demokratikoaren sustapenarekin eta giza eskubideen defentsarekin. Dialektika hori agertu beharko litzateke, batzuetan, modu esplizituan, eta beste batzuetan, inplizituki, museoan antolatzen diren hezkuntza-jarduera iraunkorren zein aldi baterakoen programetan. 

Gune horretan, halaber, memoria-gailuak egon behar lirateke eskuragarri, edozein gizarte-taldek erabili eta eskuratu ahal izateko, hezkuntza-esparru formalean zein informalean. Txostenak aipatzen du Oroimenezko Museo berriak hezkuntzako esku-hartzeari ekiteko ez dela zertan itxaron proiektuaren behin betiko gauzatzeari. Eta egungo elementuetara eta eginen diren eraldaketetara bisita gidatuak egitea proposatzen dute, horien asmoa azaldu eta elkarrizketarako eta eztabaidarako guneak zabaltzeko.

Monumentua birdefinitutakoan, hezkuntza-edukiek argiak, egituratuak eta zehatzak izan beharko dute eta aldi baterako erakusketekin batera konbinatuko dira, besteak beste, irakasleendako prestakuntza-jarduerak, diziplina anitzeko lantegiak, memoriari eta giza eskubideen defentsari lotutako sorkuntza artistikoko jarduerak eta belaunaldiarteko topaketarako eta eztabaidarako guneak.

Ezagutza historikoa hedatzeko, plataforma digital bat sortuko da, erraz topatzen ahal dena, erabilerraza, intuitiboa eta dibulgaziozkoa eta atalka egituratutakoa, honako hauek islatuta: jatorrizko proiektua, testuinguru historikoa, dauzkan elementuen interpretazioa eta bertan hobiratuta egon diren pertsonaien esanahia, zehazki, Mola eta Sanjurjo jeneralen garrantzi berezi eta apartekoa azpimarratuta. Halaber, Foru Komunitatean dauden memoriari lotutako beste gune batzuekin lotuta egon beharko luke, hala biktimekin nola jazarleekin, kausazko hari narratibo bat ezartzeko errepresio-politiken eta haren ondorioen artean.

Iruña “memoria duen hiri” gisa
Adituen batzordearen txostenak Iruña “memoria duen hiri” gisa jotzen du, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak garatutako memoria demokratikoko politika publikoen esparruan. Erreferentziazko legediak, besteak beste, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko 29/2018 Foru Legea barne hartzen du. Lege horri esker, Nafarroako memoria historikoaren 28 toki izendatu dira, horietatik lau Iruñean: Germán Rodríguezen hilarria eta Gogoan eskultura; Iruñeko espetxe probintzial zaharraren oroimenezko gunea; Gaztelugibelen dagoen 1936ko kolpe militarraren ondoren eraildako Iruñeko bizilagunen memoriari eskainitako monolitoa eta plaka, eta Emilio Arrieta eta Aralar kaleen elkargunean dagoen Nafarroako hiriburuko “presoen hiria” atxilotze-zentroei eskainitako oroigarria.

¿Te ha sido útil esta página?