Udaleko Lehendakaritza Batzordeak gaur (asteartea) bisitatu du Sanduzelai Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoko IkasNOVA gela, Juaristi Doktorearen kalean. Zuzkidura berria Nafarroako Gobernuak eta Europako Plus Gizarte Funtsak batera finantzatutako Gizarte Enpleguko udal-programako lanetako eta pinturako lantaldeak atondu du. Lanak ikasturte amaieran abiatu ziren, ekainaren 22an, eta dagoeneko amaituta daude, elektrizitate-egokitzapenen bat falta bada ere. Lanen aurrekontuak 25.139 euro jo du.
Lanetako lantaldeak honako hauek egin ditu: eraiste-lanak, kartoi-igeltsuzko trenkada berriak eraikitzea, paramentu bertikalak zarpiatu eta luzitzea, egur laminatuzko zoladura berria jartzea eta eskaiolazko sabaiaren ordez kartoi-igeltsuzko paxaz inguratutako 60x60-ko plakazko sabai aizun modulatua jartzea. Horiez gain, beharrezkoak ziren elektrizitate-lanak egin dituzte. Pinturako lantaldeak birgaitutako guneetako paretak eta sabaiak margotu ditu.
IkasNOVA gela Lehen Hezkuntzako eraikinaren bigarren solairuan dago, korridore amaierako bi areto txiki, ondoko gela eta korridorearen parte bat elkartu ondoren sortu berri den espazio batean. Zuzkidura liburutegia eta informatika-gela izanen da, eta DILE proiektua –zentroan hizkuntzak integratzeko dagoeneko ezarrita dago– erraztera eta liburutegiaren erabilera sustatzera –liburuen maileguaren digitalizatuta– bideratuta dago.
Liburutegia gune dramatiko bihurtuko da, antzezpenetarako egokia, eta IkasNOVA gelak aukera emanen du DILE proiektuaren edukiekin irrati-programa bat egiteko eta hainbat arlori lotutako hezkuntza-podcastak egiteko. Produktu digitalak sortzeko ere erabiliko da, hala nola audiogidak eta blogak hezkuntza-egoeren barruan; eta proiektu digitalak egiteko, patioa jolasen eta bizipenen agertoki eta landare eta animaliak aztertzeko leku gisa berriz kontzeptualizatu ondoren..
Gune berriei esker patioari buruzko datuak jasotzen ahalko dira eta irakaskuntzaren praktika eta ikasleen ikaskuntza hobetuko duen hausnarketa eragin, INTERREG SUDOE 2024 deialdiaren barruan dauden NBEren garapen jasangarrirako helburuen eta Klima-aldaketara egokitzeko eskola-eraikinak, -patioak eta -bideak birnaturalizatzeko COL3NATUR proiektuaren esparruan. Proiektuak agerian uzten du ikastetxeetako patioak birlandatzeak duen eragin handia zientifikoki aztertzeko garrantzia eta beharra.
Sanduzelai HLHIPko IkasNOVA gelaz gain, Udalak beste hiru egin ditu Amaiur, Azpilagaña eta Patxi Larraizar ikastetxeetan, Nafarroako Gobernuak eskola eremuak berritzeko plazaratutako deialdiaren barruan.