
16 urtetik gorakoei zuzendutako Mintzakide doako euskarazko mintzapraktika programak berritasunak ditu ikasturte honetan. Lehenengoz, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A2 mailan euskaraz ulertzeko gai direnek Iruñeko Udalak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak lankidetzan antolatutako programan parte hartzen ahalko dute.
Ekimenak xede du hitz-jarioa hobetzea eta hitz egiterakoan konfiantza irabaztea, bai eta harremanak euskaraz eraikitzea ere. Gaur aurkeztu dute egitasmoa prentsaurrekoan Aitziber Campión Gamboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotziak eta, Emma Arrizabalaga Hernández eta Naiara Urkixo Zarrantz Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko ordezkariek. Programaren xedea da hirian euskara erabiltzeko aukerak erraztea.
Mintzakide programak 20 urtetik gorako ibilbidea du Iruñean eta euskaraz hitz egin nahi duten pertsonak biltzen ditu astean behin, ordubeteko edo ordu eta erdiko saioetan eta, lau eta sei lagun bitarteko talde txikietan. Tokia parte hartzaileek berek aukeratzen dute. Euskara praktikatu nahi dutenak ‘bidelariak’ dira eta laguntzen dieten euskaldunak ‘bidelagunak’.
Denek borondatez parte hartzen dute eta talde bakoitzak bere ordutegi eta dinamikak ezartzen ditu, kideen erritmo eta beharretara egokituta, harreman eroso eta berdinzaleak errazte aldera. Malgutasun horri esker euskararen erabilera sustatzen da egunerokoan eta dagoeneko 500 mintzalagunek baino gehiagok osatutako komunitatea sortu da hirian. 2025-2026ko ikasturteari buruzko Udalaren datuen arabera 516 pertsonak parte hartu zuten Mintzakiden.
Programa aberasteko jarduera osagarriak egin ohi dira, besteak beste: Mintzapraktika saio bereziak; Mendi Taldea; Mintzakide Txirrindularitza; Antzerki Taldea eta Mintza Hitzorduak, baita modu malgu batean eta ordu zehatzik ezarri gabe ere, hala nola mahai-jokoak Laban, saioak Iruñeko peñetan, poteoak, Mintzodromoak eta euskaraz aritzeko joskintza-taldeak. Izena emateko epea zabalik dago jada Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren webgunean eta, aurrez aurre, auzoetako euskaltegietan. Argibide gehiago jasotzeko mintzakide@taupamugimendua.eus helbidera idatzi.
Iruñeko Udala eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak lankidetza-kontratu bat sinatu zuten 2025eko urrian euskarazko elkarrizketa-taldeak kudeatu eta dinamizatzeko, eta aurten luzatu egin da 2026ko urriaren 1etik 2027ko ekainaren 30era arte. Kontratuak 27.661 euroko zuzkidura du (BEZa barne).
MINTZAKIDE 2026
Izena emateko epea zabalik dago Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren webgunean
Gutxieneko euskara maila: A2
Adina: 16 urtetik gorakoak
Tokia: taldeek erabakitzen dute zer gune publikotan bilduko diren astean behin
Jarduera osagarriek aberasten dute programa
Argibide gehiago, hemen: mintzakide@taupamugimendua.eus