45 egunez loreontziak hiriko 10 biribilgunetan lurperatuta: Iruñeko Udalak kutsaduraren aurkako herritarren zientzia ekimenarekin jarraitzen du

45 egunez loreontziak hiriko 10 biribilgunetan lurperatuta: Iruñeko Udalak kutsaduraren aurkako herritarren zientzia ekimenarekin jarraitzen du
Esku-hartzeak metal astunen eta partikulen mailari buruzko bi urteko azterketa osatuko du, konposatu horiek landareetan finkatzen baitira
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak hiriko 10 biribilgunetan loreontziak lurperatuko ditu, airearen kutsadura-maila neurtzen diharduen “herritarren zientziaren” azterketan laguntzeko. Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzua Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (IdAB-CSIC) Agrobioteknologia Institutuarekin lankidetzan ari da duela bi urtetik, airearen kutsadura maila auzoka neurtzea sustatuz, etxean landare bat jarri eta zaindu duten pertsonei esker.

Landareek metal astunak eta partikulak metatzen eta finkatzen dituzte; gehienak trafikoak eragindako kutsaduratik datoz eta horien kontzentrazioa CSICeko laborategietan aztertzen dute. Esperientziak zifrak jartzen dizkio airearen kutsadura-mailari; horrela, ezagutza hori partekatuz, Iruñeko bizilagunak sentsibilizatu ahal izanen dira egunero hiri-ingurunean egiten diren jardueren –batez ere mugikortasunarekin lotutakoak– eta bizi diren lekuaren ingurumen-kalitatearen artean dagoen loturaz.

Bi urteko ikerketaren eta herritarren zientziaren bi edizioren ondoren, CSICeko ikerketa-taldeak, Iruñeko Udaleko Lorategi Zerbitzuko langileen laguntzarekin, esku-hartze bat eginen du hiriko biribilguneetan, eta llollobelar landareekin (Lolium multiflorum) ereindako 50 loreontzi inguru jarriko ditu ikerketa-taldeak berak aukeratutako puntuetan. Honako hauek izanen dira biribilguneak: Zaragoza etorbidekoa, Pio XII.aren etorbidekoa, Iturramakoa, Vianako Printzearen plazakoa, Foruen plazakoa, Merindadeen plazakoa, Sanduzelaikoa, Donibanekoa, Mendillorrikoa, Takonerako lorategietakoa, Yamaguchi parkekoa, Joan Paulo II.aren monumentukoa, Amaya kirol-hirikoa. 45 eguneko esperimentuaren ondoren, laborategiaren eta ondorengo datuen analisien txanda iritsiko da. 

Izan ere, Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuarekin 2022an eta 2023an airearen kalitatea aztertzeko egindako lantegietan, Iruñeko auzo batetik bestera alde handia ikusi da metal astunen edukiari dagokionez. Analisiek hainbat eremu identifikatzeko aukera eman zuten metal astunei (beruna, burdina, zinka, aluminioa...) dagokienez, eta horien edukia handiagoa zen Zaragoza etorbideko, Iturramako, Sanduzelaiko, Donibaneko eta erdialdeko eremuetan. Metal astun gutxien zuten laginketa-puntuak kanpoaldeko auzoetan (Mendillorri, etab.) eta trafiko-dentsitate txikiko lekuetan eta/edo etorbide handietan zeuden.

Amaitzeko, behin datu guztiak eskuratuta, jardunaldi bat antolatuko da, eskura dauden emaitza guztiak aurkezteko eta espiritu kritikoa eta emaitzak zehatz-mehatz interpretatzeko gaitasuna sustatzeko.
 

¿Te ha sido útil esta página?