3.800 pertsona baino gehiagok bisitatu dute Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena gogoratzeko erakusketa; azaroaren 30era arte zabalik egonen da, Kondestablen

3.800 pertsona baino gehiagok bisitatu dute Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena gogoratzeko erakusketa; azaroaren 30era arte zabalik egonen da, Kondestablen
A vida de paz et concordia erakustetarako bisita gidatuak 010era deituta erreserbatzen ahal dira, eta katalogoa dagoeneko salgai dago
EXPOSICION

3.800 pertsona baino gehiagok bisitatu dute dagoeneko A vida de paz et concordia erakusketa, Batasunaren Pribilegioa sinatu zenetik 600 urte bete direla jasotzen duena. Udal Artxiboaren edo Udaletxearen izaera ezberdineko 36 pieza (pergaminoak, zigiluak, panelak) eta Iruñeko Katedraleko Artxiboaren pergamino bat daude ikusgai Kondestablearen jauregiko Areto Gotikoan, panel grafikoekin irudiztatutako hamaika beira-arasatan zehar egitekoa den ibilbide batean. Erakusketa herritar orori zabalik egonen da azaroaren 30era arte.

Erakusketa nork bere kabuz bisitatzen ahal du astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Horrez gain, Udalak doako bisita gidatuak eskaintzen ditu azaroko asteburuetan, aurrez izena emanez gero 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan. Bisiten iraupena ordubetekoa da, gutxi gorabehera, eta gehienez ere 20 laguneko taldeetan eginen dira. Heldu den larunbatean 12:00etan eginen den euskarazko bisita gidaturako erreserbak egiten ahal dira, eta horrez gain, gaztelaniazko bisitak eginen dira larunbatetan 18:00etan eta igandeetan 12:00etan. Erakusketaren azken egunean, azaroaren 30ean, ostegunarekin, bisita gidatu bat eginen da 12:00etan.

Momentuz 11 bisita gidatu egin dira, eta horietan 219 lagunek parte hartu dute. Horietan guztietan Batasunaren Pribilegioaren garrantzia ezagutu ahal izan da, hiria baketzeko eta bateratzeko tresna egokia izan zelako eta Iruñeko hiri modernoaren sorrera ere ekarri zuelako. Berez, erakusketako elementu nagusia Batasunaren Pribilegioa bera da; haren inguruan antolatuta dago erakusketa guztia.

Erakusketaren katalogoa dagoeneko salgai dago, 6 euroan, Kondestable Civivoxean –bertan eskudirutan ordaindu behar da–, eta baita Casa Marceliano etxean ere, non txartel bidez ere ordaintzen ahal den. Katalogoak 100 orrialde baino gehiago ditu, eta horiek, koloretan eta edizio elebidunean, erakusketako elementu adierazgarrienak erreproduzitzen dituzte, balio historiko eta testigantza-balio nabarmenekoak.

Batasunaren Pribilegioaren seigarren mendeurrena hiri osoan barna egin diren ekitaldi ugariren bidez ospatu da, eta oraindik ere bat geratzen da, larunbat honetan, musika ardatz hartuta: La Pamplonesak aparteko kontzertu bat eskainiko du, Iruñeko Udalak enkargatutako konposizioetan oinarrituta, besteak beste, Saül Gómez Solerren Pribilegioak elkartuta martxa eta J. Rafael Pascual-Vilaplanaren Privillegio Et Union obraren estreinaldi absolutua, Iruñeko Orfeoiaren parte-hartzearekin. 

 

BATASUNAREN PRIBILEGIOAREN 600. URTEURRENA

A vida de paz et concordia erakusketa

  • Azaroaren 30era arte
  • Ordutegia: astelehenetik igandera, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.

Doako bisita gidatuak (erreserbak, 010 telefonoan)

  • Azaroak 4, larunbata: 12:00etan, euskaraz
  •  Azaroak 4, 11, 18 eta 25, larunbatak: 18:00etan, gaztelaniaz 
  • Azaroak 5, 12, 19 eta 26, igandeak: 12:00etan, gaztelaniaz
  • Azaroak 30, osteguna (azken eguna): 12:00etan, gaztelaniaz

La Pamplonesaren aparteko kontzertua

  • Azaroak 4, larunbata: 20:00. Gayarre antzokia
  • J. Rafael Pascual-Vilaplanaren Privillegio Et Union obraren estreinaldi absolutua, Udalaren enkarguz egina eta Iruñeko Orfeoiaren parte-hartzearekin
     
CATALOGO


 

¿Te ha sido útil esta página?