Urtero bezala, Gaztediaren Etxeak Korrespontsal Berriemaileen programa abiatu du. Ikastetxeetan beka, laguntza, bidaia, truke eta abarrei buruzko informazioa hedatzeko puntu bat da, Iruñeko Udala eta beste instituzio batzuk ikasleekin lotzeko balio duena, ikasle horiek ikastetxe publiko zein itunduetakoak izan, ikastetxe nagusietakoak zein ikasle-egoitzetakoak, baita gazte-aisialdiko lokaletan parte hartzen dutenekin ere.
Duela jada 22 urte, ikastetxeek eurek aukeratutako gazte bikote bat informazio hori bere gisakoen artean hedatzeaz arduratzen da, preskriptore gisa jardunez. Horrez gain, gazteenen zaletasunak instituzioari helarazteko bide ere badira. Ikasturte amaieran, ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen dituzten bikoteek beka bat jaso ohi dute dirutan, eta haien jardun onagatik nabarmendu direnei aparteko sari bat ematen zaie. Berriemaileei gehien laguntzen dieten ikastetxeei ere sari bat eman ohi zaie. Aurreko urteetako emaitza positiboek, parte hartzen duten ikasle eta ikastetxeen artean duen harrera onak, eta partaidetza urtez urte mantendu izanak lortu dute programa hau oinarrizko jarduera bat izatea Gaztediaren Etxearen barruan.
COVID-19 protokoloa
Aste honetan berriemaileei harrera egin zaie Etxean, baina osasun-egoeragatik eta COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-neurriengatik, topaketa bi saiotan egin da. Halaber, pandemia dela-eta, berariazko prebentzio-neurri batzuk ezarri dira programaren garapenean. Hala, berriemaileak ordutegi zabalago baten barruan joaten ahalko dira Etxera informazioa jasotzera, eta bi bikote baino gehiago ezin direla bertan egon aldi berean aurreikusi da.
Informazioa biltzen duten karpetak fisikoki maneiatu behar ez izateko, ikasturte honetan berriemaileek, Gazteendako Informazio Bulegoko iragarki-taulatik haien entitateari hobe egokitzen zaizkion edukiak hautatu eta gero, autokontsultarako ordenagailuetan zabaldu ahalko dute informazioa, eta fitxategiak haien helbide elektronikoetara bidali. Etxeko erabiltzaile guztiek bezala, gazteek ezarri diren gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dituzte: tenperatura neurtzea, maskara, gel desinfektatzailea, distantziak...
“Lehen eskutik”, etenda
Berriemaileen programa funtsean mantentzen den arren, egungo osasun-egoerak zaildu, edo erabat galaraziko ditu duela lau ediziotik hona “Lehen eskutik” programan laguntzen zuten entitateekin batera egiten ziren jarduerak (bisita gidatuak, adibidez). Hala ere, berriemaileen sarea haien esanetara egonen da azarotik aurrera, entitate horiek hedatu nahi duten informazioaren berri emateko, bereziki gazteei zuzentzen zaien hori. Programa honen bidez, normaltasun egoeran, berriemaileak doan joan ohi ziren honako entitate hauen ekitaldi batzuetara: Gaztediaren Etxea, Gayarre antzokia, Nafarroako Filmoteka eta Nafarroako Gazte Txartela, Baluarte eta Nafarroako Antzerki Eskola.
Urtero Nafarroako Unibertsitate Publikora eta Nafarroako Unibertsitatera egiten dituzten bisitak ere kolokan daude. Bisita horiek Gaztediaren Etxeko Gazteendako Informazioaren gaineko Berriemaileen Topaketa izeneko jardueraren barruan egiten ziren. Topaketa horietan jardueraren ebaluazioa egin eta elkarrekin bazkaltzen dute.
2020-2021eko berriemaileak
Ikasturte honetan 37 ikastetxetako 74 gazte arduratuko dira informazio-lanetaz. Zentroak honako hauek dira: Nafarroako Down Sindromearen elkartea, Eunate BHI, Nuestra Señora del Huerto Ikastetxea, Nekazaritza eta Basogintzako II, Cuatrovientos II (BLH), Donibane II, Hezitzaileen Eskola IILH, Donapea IIP, Virgen del Camino IIP eta María Ana Sanz II (BLH).Beste hauek ere badaude: Escolapios, Larraona, Redín, La Compasión, Santa Catalina Labouré, Teresianas, Santo Tomás (Dominicas), Liceo Monjardín, Jesuitinas, Vedruna, San Cernin, Creanavarra Arte Eskola (BLH), Nafarroako Eskola Politeknikoa (LH) eta Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala. Elkarte Fundazioak eta Nafarroako Secretariado Gitano Fundazioak osatzen dute zerrenda, bigarren hezkuntzako institutu hauekin batera: Biurdana, Basoko, Iturrama, Julio Caro Baroja, Mendillorri, Navarro Villoslada, Padre Moret-Irubide eta Plaza de la Cruz. Horiez gain, Francisco de Jaso ikastola, Iparralde DBH eta Camplus ikasle-egoitza daude.
Berriemaileen zereginen artean daude astean behin Gaztediaren Etxera joatea, informazio-guneko kontsultei astean bi ordu eskaintzea, eta informazio-gune birtuala abiatzea eta eguneratuta mantentzea (Ziberberriemaileak). Interesgarri jotzen duten informazioa ere eman beharko dute beste ikastetxe batzuetako berriemaileen artean eta Gaztediaren Etxean hedatzeko, Gazteendako Informazio Bulegoan dagoen taularen bidez, eta haien ikastetxean dagoen taula eguneratuta mantendu beharko dute.