Iruñeko Udalak 1.529 langile ditu. Tokiko Gobernu Batzarrak 2025erako plantilla organikoaren proiektua onetsi du aste honetan. Egonkortze-prozesuen amaiera eta kudeaketa estrategikoko alorren alde apustua egitea dira proiektuaren ezaugarri nagusiak, alor horiek langile gehiagorekin sendotuko baitira. Aurreikuspenen arabera, plantilla organikoaren proiektua datozen asteetan eztabaidatuko da batzordean, azaroaren 28ko Osoko Bilkuran onespena emateko.
2025erako udal-langileen plantillak bere egiten du orain arte eta urte askoan behin-behinean bete diren lanpostu asko funtzionario-araubidekoak bihurtzeko zeregina. Funtzionario-araubidera bihurtzea plantillaren betearazpen-arauetan jasotzen da, eta, beraz, enplegua egonkortzeko prozesuen izendapen osagarriak egin ahala aplikatzen jarraituko da datorren urteko lehen asteetan. Plantilla organikoaren proiektuak 270 plaza egonkortzea jasotzen du. Horrela, behin-behinekotasuna % 19 murriztu da Iruñeko Udalean, % 33tik % 14ra.
Iruñeko Udalaren plantilla organikoaren proiektuak ikuspegi estrategikoa du datorren urteari begira, udal-kudeaketan funtsezkoak diren alorrei dagokienez. Proiektuan lanpostu berriak sortzea aurreikusten da hiri-kontserbazioan, gizarte-ekintzan eta auzoen arretan eraginkortasuna hobetzeko, eta esparru horietan kritikoak diren profilak eta mailak berrikustea. Era berean, etxez etxeko arreta-zerbitzuko zainketen sektorea indartuko da, eta arreta egiteko ahalmena handituko lanaldia luzatuta. Azkenik, Berdintasun Batzordearen gomendioei jaramon eginez, ordainsariak hobetzea erabaki da kolektibo horren lan-baldintzak duintzeko,oso feminizatuta baitago.
Proposatutako aldaketak gauzatzean, kontuan hartuta aurrekontu-egonkortasunaren helburua , asmoa izan da lanbideen eta lanbide-gaitasunen bilakaeraren ondorioz zaharkituta geratu diren lanpostuak bestelako lanpostu bihurtzea, egungo toki-administrazio publikoan funtsezko jardunbideak indartzen lagunduko duten lanpostu hain zuzen ere.
Aldaketarik nabarienak
Kudeaketaren eraginkortasunaren printzipioari men eginez, 2025erako plantilla organikoaren proiektuan jasotako aldaketa nagusiek zenbait zerbitzu indartzen dituzte. Etxez etxeko arretan, lanaldi partzialeko 18 lanpostu lanaldi osokoak bihurtuko dira, eta lanpostuaren osagarria % 3,5 igoko da. Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako alorrean izaera teknikoko lana sustatzeari dagokionez, euskara-teknikari, euskara-itzultzaile eta komunitate-teknikari plaza bana sortuko dira, azken hori Haurtzaroko programa kudeatzeko.
Bestalde, profesionalizazioaren eta administrazio-langileen baldintzak bateratzearen aldeko apustua egin da, administrari laguntzaileen lanpostuak ofizial administrarienak bihurtuta. Era berean, udal-eraikinak mantentzeko eta kontserbatzeko gaitasun teknikoa bultzatuko da, arkitekto-plaza bat sortuz eta ikastetxeen zerbitzuko burutza B mailako teknikariaren lanpostu bihurtuz, hezkuntza-azpiegiturak hobeto kudeatu ahal izateko. Hiriko azpiegitura handiei ematen zaien arreta indartzeko, azpiegitura handietako ingeniari-plaza bat sortuko da, bide-ingeniaritzako edo ingeniaritza zibileko sarbide-profila duena. Azkenik, administrazio elektronikoari bultzada emanen zaio, ‘herritarrendako arreta bulegoko arduradunaren’ lanpostuaren profila aldatuz.