Ostalaritzako terrazek bide publikoaren okupazioaren tasa ordaindu gabe jarraituko dute eta Udaleko Haur Eskolak doan izaten jarraituko dute datorren ikasturtean. Urte honetarako onartutako proposamenetako bi dira, 2022ko ordenantzen eta prezio publikoen aurreproiektuarekin bat. Gainera, berrikuntza nagusi gisa, energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemetan egindako inbertsioetan hobariak ezarri dira, hala lurren gaineko kontribuzioan, nola EIOZean.
María Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu aurreproiektu horren ildoak, zeinak tarifa eta prezio publikoak mantentzen baititu, tasa berri batzuk berrantolatzeaz eta beste batzuk berregituratzeaz gain. Gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du aurreproiektuaren izapideak egiten hastea, kontsulta, entzunaldi eta informazio publikoaz bezainbatean, eta irailaren 17ra bitarte Udalaren webgunean argitaratzea iritziak jasotzeko. Urtero, aldaketa horiek hainbat helbururekin egiten dira, administrazioa hobetze aldera, kudeaketan eragimen eta eraginkortasun handiagoz jokatze aldera, Udaleko baliabide eta zerbitzuak antolatze aldera eta udal-fiskalitatea erregulatze aldera.
Besteak beste, honako hauek dira aurkeztutako aurreproiektuaren helburuak: araututako diru-sarrera erregulatuak kudeatzeko eta biltzeko prozedurak garatzea, hobetzea eta osatzea; 2030erako Energia Eraginkortasunerako eta Klima Aldaketarako Estrategiaren esparruan zerga-pizgarriak ezartzea, eta administrazio elektronikoa eta administrazioen arteko elkarreragingarritasuna bultzatzea, zerga-kudeaketa errazteko. Horren ondorioz, neurri batzuk proposatu dira, hala nola hutsik dauden etxeetako karga-tasak ahalik eta gehien murriztea; aldi baterako neurrien jarraitutasuna –terrazak tasak ordaintzetik salbuestea, adibidez, 2021ean dagoeneko aplikatutakoa, ekonomia suspertzen laguntzeko–; Udalaren kultur programazioa beste erakunde batzuen kultur programazioarekin batera egoteko joera, eta t kirol-instalazioak erabiltzeko eta eskola-instalazioak erabiltzeko bereizitako tarifen araudia berregituratzea.
Energia berriztagarriei lotutako hobaria
Ordenantza fiskal orokorrean (0 Ordenantza) aldaketak egin dira artikuluak, besteak beste, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legean jasotako arauetara egokitzeko. Alderdi teknikoen artean, besteak beste, likidazioen edo autolikidazioen aitorpenak epez kanpo eta aldez aurreko errekerimendurik gabe aurkezteagatik errekarguak aldatuko dira. % 1eko errekargua gehituko da, hurrengo hilabetean aurkezten bada. 12 hilabete igaro ondoren, errekargua % 15ekoa izanen da.
Lurren gaineko kontribuzioan (1. ordenantza) energia berriztagarriei lotutako hobari baten arautzea txertatuko da. % 50eko hobaria ezartzen da eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu diren ondasun higiezinetarako, gehienez ere hiru urtez, diru-sarreren, baldintza objektiboen eta egikaritze materialaren kostuaren % 30eko hobariaren mugarekin. Karga-tasa eguneratzea proposatzen da kontribuzioaren guztizko bilketa mantentzeko.
Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko zergan (EOIZ), 3. ordenantzan, energia berriztagarriekin lotutako hobarien aldeko apustua egiten da ere. EOIZren kuotan % 95eko hobaria izanen dute autokontsumorako eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarrien aprobetxamendu tekniko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten eraikuntza, instalazio eta obrek. Hobari hori sistema horien gauzatze materialaren kostuaren zatiari soilik aplikatuko zaio.
Kendu egiten da 2. Ordenantzan Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (EJZ) alta emateko unean emandako autolikidazio lagundua, zeina jada ez baita aplikagarria foru lege bidez onartutako salbuespenaren ondoren, eta ezabatu egiten da bingo-jokoaren gaineko zergari buruzko 5.
Ordenantza, zerga indargabetu baita.
Hutsik dauden etxeetako zergen kargak ahalik eta gutxienera murriztu dira
Okupatu gabeko etxebizitzen gaineko zerga arautzen duen 6. Ordenantzan, tarte bakoitzaren karga-tasak ahalik eta gehien murriztu nahi dira, indarrean dagoenaren erdira. Tarte horiek % 0,25ean, % 0,5ean eta % 1ean kokatzen dira, baldin eta lehen urtea, bigarren urtea edo hirugarren urtea eta haren ondorengoak diren. Horrela, hutsik dauden etxebizitzen jabeen zerga-betebeharra arintzen da.
20. Ordenantzak, ibilgailuak espaloietan barna sartzea arautzen duenak, tarifen koadroan hiru zati aldatzea aurreikusten du, garaje-edukieraren arabera: 150 eta 250 plaza bitartekoa, 251 eta 400 bitartekoa eta 400 plaza baino gehiago dituztenena. Modu horretan tarifak garaje mankomunatuen errealitate fisikora egokituko dira.
Azkenik, berriz ere ostalaritza-terrazak bide publikoan instalatzeko tasa etetea proposatzen da, 2021erako onetsitako ordenantza fiskalek jasotzen duten neurria mantenduz. Hiriko jabari publikoko lurzoruaren erabilera pribatiboko 21. Ordenantzan ezartzen den salbuespen horrek Udalak 581.000 euro inguru ez jasotzea dakar. Aurreproiektuan aurreikusitako beste neurri bat, udal haur-eskolen doakotasuna (8. prezio publikoen arauan jasoa), 800.000 euroan kuantifikatzen da, eta Udalak kopuru hori ere ez du eskoletako matrikulen bidez bilduko.
Beharrezko agirietan ofiziozko egiaztapenak egitea
Prezio publikoen arauei buruzko proposamenak aldaketa orokor bat sartuko du ofiziozko egiaztapenak egiteari dagokionez, familia-tipologiari, diru-sarrerei, desgaitasunei, terrorismoaren biktimei eta genero-indarkeriaren biktimei lotutako murrizketei heltzeko aurkeztu beharreko agirien kasuan. Kasuan kasuko kudeaketa-arloek ezarritako kasuetan, ofizioz egiazta badaiteke, eskatzaileak aurkeztu behar duen egiaztagiriaren ordez, egiaztapen horretarako nahitaezko baimena emanen da. Udalak aurrera egin nahi du beste administrazioekiko elkarreragintasun-zerbitzuen digitalizazioan eta garapenean.
Prezio publikoen arauen berrikuntza nagusia kirol instalazioak eta eskoletako aretoak eta instalazioak bereizteko banaketa proposamenarekin zerikusia du. Kirol instalazio kontzeptua definitu da, zeinak kiroldegiak, futbol-zelaiak eta udal-kirolguneak edo Iturramako bainuetxea barne hartzen baititu, eta erabiltzeko baimena eta onartzen ez diren erabilerak jasotzen dira, bai eta beste alderdi batzuk, hala nola, prezioen salbuespenak, tarifak eta ordainketak. Premia soziosanitario handiena duten pertsonendako (Udalak zehaztu beharrekoa) doako sarrera ezartzen da, eta murrizketa bat gizarte-bazterketako egoeran dauden adingabe migratzaileentzat, 30 urte bete arte. 10 eguneko (naturalak, ez segidakoak) abonamendu berri bat sortuko da kirolguneetarako eta berariazko epigrafe bat definitu da Iturramako Civivoxeko bainuetxeko tarifendako.
Eskoletako lokal eta instalazioei dagokienez, eskola-orduetatik kanpo hezkuntza-, gizarte-, kultura- eta kirol-jarduerak garatzeko erabilera baimendua arautzen da, foru-araudiaren arabera, ikastetxeek beraiek lehentasuna dutelarik. Ezarritako tarifak mantenduko dira eta Musika Eskolako Areto Nagusiaren lagapena –elementu teknikoekin– gehituko da.
Udalaren aretoen eta espazioen erabilera erregulatzen duen arauari dagokionez (1. Araua), honakoa jasotzen da: ez dutela Arma aretoaren erabilera-prezioa ordaindu behar herritarrei irekitako eta irabazi-asmorik gabeko jarduerak programatzen dituzten kultura-erakundeek. Halaber, zenbait terminologia aldaketa eta artikuluen bateratze txertatzen dira Musika Eskolari (7. Araua) eta ikastaro eta jarduerei buruzko (9. Araua) arauetan.