Iruñeko Udalak gazte ekintzaileendako dirulaguntzen deialdia egin du aurten ere, hirian jarduera ekonomikoak eta negozioak sortzea bultzatzeko. Hau da deialdiaren berritasunetako bat: JEZean lehen aldiz alta emateko epea urtebetekoa izanen da, 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era arte. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da dagoeneko, eta bihar (ostirala) irekiko da eskabideak aurkezteko epea, urriaren 10era arte. Aurrekontua 60.000 euroan mantenduko da.
Aurreko deialdietan bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eskatzen ahalko dute dirulaguntza, JEZean alta noiz eman eta egun horretan. Halaber, honako hauek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak: sozietate zibilek, irregularrek, kolektiboek edo komandatario sinpleek, baldin eta bazkideen bi herenek gutxienez 18 urtetik 35era bitarte badituzte; eta kapitaleko merkataritza-sozietateek, lan-sozietateek eta kooperatibek, baldin eta kapitalaren bi heren 18 urtetik 35era bitarteko gazteek jarri badituzte. Gainera, dirulaguntza eskatzen duten jarduera ekonomikoek Iruñean eduki behar dute egoitza fiskala.
Jarduera ekonomikoa sortzeko eta abian jartzeko gastuen % 70erainokoa izaten ahal da dirulaguntza, 2.000 euroko mugarekin pertsona fisiko, sozietate zibil eta sozietate irregularren kasuan, eta 3.000 euroko mugarekin nortasun juridikoa duten sozietateen kasuan. Diruz laguntzen ahal diren gastuak dira, besteak beste, negozioa eskualdatzea, alokairua, Gizarte Segurantzako kuotak, nominak eta elektrizitate-kontsumoa. Elektrizitate-kontsumoarekin lotutako gastua kalkulatzeko, jarduera egiten den lokalen ur- eta elektrizitate-kontsumoa hartuko da kontuan, salbu eta jarduera ohiko etxebizitzan egiten bada.
Diruz lagundutako 28 lanpostu sortu zituzten iaz
Iazko deialdira 27 eskabide aurkeztu zituzten. 2024an martxan jarri ziren diruz lagundutako negozioek 28 lanpostu sortu zituzten: horietatik 14 emakumezkoek bete zituzten, eta beste 14, gizonezkoek. Mota guztietako jarduerak lagundu ziren diruz: hala nola mandatarien zerbitzuak, komunikazio-zerbitzuak, argazkilaritza, tatuajeak egiten ikastea, ile-apainketa, estetika, berrikuntza-lanak eta apainketa.
Interesa dutenek eskaerak aurkezten ahal dituzte hala telematikoki Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoan, nola aurrez aurre Udaleko edozein erregistrotan, edo legeak aurreikusten dituen beste edozein bidetatik. Nortasun juridikoa duten entitateek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute nahitaez. Finantzaketa arin eskuratzea eta ekimenaren hedapena errazte aldera, partida hiru ebazpenen bidez banatzen da urtean zehar, hala, gazteek denbora gehiago izan dezaten urtean zehar haien negozioak prestatu, eratu eta dirulaguntzetara modu mailakatuan aurkezteko.
Gazte ekintzaileendako deialdiari buruzko informazio guztia martxoaren 6ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsultatzen ahal da, baita udal-webgunean sortu den berariazko gunean ere; izan ere, bertan daude eskuragarri dirulaguntzei buruzko informazioa, eta eskabidea egin ahal izateko esteka.