Zer Jan Iruñan?

Eta zer eskaintzen du gure jaki-tokiak? Erriberako barazki apartak, besteak beste: kardua, orburua, potxak, zainzuriak edo pikillo piperrak. Horrez gain, foiek, onddoak, eta zapore handiko haragiak ematen ditu, eta horri laguntzeko, osagarri ezin hobeak ditugu: ardo beltzak, gorriak eta zuriak, Nafarroako eta Errioxako J.D.rekin. Eta, noski, postreak ere baditugu. Gazta, mamia, tututxoak eta esne frijitua probatu behar dituzu, eta, amaitzeko, digestioari laguntzen dion patxaran likore tipikoa har dezakezu.

Iruñeak jatetxe-sorta zabala eskaintzen du, gustu eta poltsiko guztietara egokituak, baita gutiziak miniaturan jateko aukera ere: pintxoak.

Irudia
La carta de Pamplona ! (1).jpg

Hasierakoak

  • Tuterako kukuluak. Urte osoan zehar landatuak, antxoa edo olibekin batera aurkeztu ohi dira platerean, edo bigarren plateren hornigai gisa. Pikillo-piperrak Zapore berezi-berezia dute, eta Nafarroako baratzeko “urre gorria” izenaz dira ezagun. Piper-uztak udazkenean biltzen dira, eta jatorrizko deitura propioa dute. Hasierako platera direnean, olio eta berakatzarekin onduta kontsumitzen dira. Bigarren platera ere izan daitezke, haragiz edo arrainez beterik.
  • Zainzuriak. Berariazko deitura dute, eta udaberrian egiten da bilketa.
  • Frijituak. Aperitiboan jan daitezke, edo bazkari bateko hasierako platerean. Kroketa baten antzeko geruza bat dute, eta bexamelez eta osagai nagusi batez beterik daude. Aldaera asko daude: urdaiazpikoa eta gazta, piperra, onddoa, arrautza, tigreak (muskuilua).


Lehen platerak

  • Kardua nafar erara, zeina baratxuria, irina eta urdaiazpikoa dituen olio erre batekin jaten baita, baina bestelako aldaerak ere egin daitezke. Negukoa.
  • Orburuak. Bertako barietatea “Nafarroako Zuria” da, eta egosita, frijituta eta barazki-menestraren osagai nagusi gisa zerbitzatu daiteke. Negukoa.
  • Borraja. Patatarekin kozinatzen da, edo barazki-menestraren osagai gisa. Udakoa.
  • Barazki-menestra. Batez ere lau osagairekin egiten da: zainzuriak, orburuak, ilarrak eta babak, baina beste barazkiren bat ere eduki dezake. Nafarroako baratzearen plater nagusia da.
  • Potxak. Udan, heldu baino lehen, biltzen diren babarrunak dira, eta piper berde, tipula eta urdaiazpikoa dituen olio errearekin batera jaten dira.


Bigarren platerak

  • Arkumea txilindronean. Berakatz, piper, ardo zuri eta piper lehorrez osatutako saltsa batekin.
  • Txerrikume errea. Egur-labean erretako txerrikumea da.
  • Betegarria. Odolki zuri gisako bat da, eta odola beharrean, arroz egosia, arrautza eta azafraia ditu
  • Ajoarrieroa. Bakailao papurtu gisatuko errezeta tradizionala da, piper berde eta gorri, tomate, tipula eta patatarekin.
  • Amuarraina nafar erara. Urdaiazpiko serrano frijituarekin.


Postreak

  • Erronkari eta Idiazabal gaztak. Idiazabalgoa ardi latxaren esnearekin egiten da; arraza hori Pirinioetakoa da eta buru beltza du. Zapore bizia du, eta zertxobait mina da. Idiazabalgoa bezala, Erronkarikoa ere mina da, baina bere testura gantzatsu samarra da.
  • Mamia. Ardi-esne eta gatzagiarekin egiten da, eta zapore oso berezia du, izan ere, mamia egiteko harri bero bat sartzen da, eta horrek nolabaiteko zapore ketua ematen dio.
  • Goxua. Nata, bizkotxo eta pastel kremarekin egindako azkenburukoa, tarta erara edo egurrezko kaikuetan, banaka, zerbitzatu daiteke.
  • Pantxineta. Pastel kremaz betetako hostore-pastela, arbendola zatikatuekin estalia.
  • Txantxigorri opila. Txerri hiltzearekin lotuta daude; txintxorta, gantz eta kanelarekin egindako opilak dira, eta epel jan ohi dira.


Edari eta likoreak

  • Ardoa. Nafarroak ardoendako jatorri-deitura propioa du. Gure Komunitateak egoera aparta du ardoak egiteko, bertan bat egiten baitute klima kontinentalak, atlantikoak eta mediterraneoak. Nafarroako ardo gorria ezaguna da, baina eskaintza zabala dago: ardo beltz gazteak, onduak eta erreserbakoak; Chardonnay zuriak eta, azkenik, ukitu goxo bat duen moskatela.
  • Patxarana. Nafarroako likore tradizionala. Tokiko basaranekin eta anisarekin egiten da.
  • Sagardoa. Batez ere Nafarroako iparraldean ekoizten da. Tradizionalki, sagarren prentsaketa kirikoketaren soinuarekin bukatzen zen, prentsatzeko xafla eta mazoz osatutako lanabesarekin; hura herriko plazan jotzen zen kanta herrikoi bat abesten zen bitartean.

Informazio Praktikoa

Km0 Produktua

Reyno Gourmet Nafarroako Gobernuak 2007an sortutako marka bat da, Foru Erkidegoaren kalitate ziurtagiria duten nekazaritzako elikagaiak babesten dituena: Jatorrizko Deitura Babestuak (JDB), Adierazpen Geografiko Babestuak (AGB), eta beste kalitate ziurtagiriak, hala nola, artisau elikagaiak, ekoizpen ekologikoa eta ekoizpen integratua. 

 

Garaiko produktuak

Udaberrian: Nafarroako Zainzuria, Etxauriko eta Milagroko gereziak, babak, Tuterako Orburuak, ilarrak.
Udan: Tuterako tomatea, Sartagudako mertxika, letxuga, potxak, babarrun berdea, lekak.
Udazkenean: Lodosako Pikillo Piperra, mahatsa (moskatela, biura eta garnatxa), onddoak.
Neguan: Kardua, Tuterako Orburua, aza, boilurra, azalorea, lonbarda, brokolia, borraja...

 

Errezetak

Non Erosi