OMENALDI GASTRONOMIKOA
Gure tradizioek, jaiek eta Nafarroako produktu gastronomikoek liluratu zuten Ernest Hemingway nobelagilea. Modu artisauan eta tradizionalean egindako elikagaiak, gehienak, oraindik ere Hemingwayk ezagutu eta gozatu zituen bezala mantentzen direnak.
Zalantzarik gabe, Hemingway Iruñetik pasa den bisitari ospetsuenetako bat da. Ongi jatea gogoko zuen, hortaz, berari omenaldi gastronomiko bat egiteko asmoz, hiriak bere hanburgesarik gogokoena berreskuratu zuen. Duela hamarkada bat baino gutxiago aurkitu zuten Habanan zuen etxean hanburgesa horren errezeta, “Papa's favorite hamburguer” izenekoa, zeinetan zehazten ziren nobelagilearen platerik gogokoenaren osagaiak eta hori egiteko modua.
ERREZETA
Haragia sardexka batekin bereizi eta baratxuria, tipula eta ongailu guztiak gainetik zipriztindu; jarraian, dena haragiarekin nahasi, aurrenik sardexkarekin, eta ondoren, eskuekin.
Utzi hozkailutik kanpo jalkitzen 10 edo 15 minutuz. Gehitu India relish-a, kaparrak eta gainerakoa, baita jereza ere. Utzi dena marinatzen 10 minutuz.
Behin amaituta, hanburgesa itxura eman, komeni da lodiak izatea, gutxi gorabehera bi zentimetro eta erdiko lodierakoak, ez daitezela gogor geratu eta ez dezatela likidorik bota. Berotu olioa, zartaginera bota eta utzi su motelean lau minutuz.
Kendu zartagina sutik, eman buelta hanburgesei eta jarri zartagina berriz ere sutan, potentziarik altuenera minutu batez; jaitsi potentzia eta kozinatu beste hiru minutuz. Hanburgesaren bi aldeek kurruskari eta ongi eginda egon behar dute, baina erdikoa urtsuago egon behar da, puntu-puntuan. Behin hanburgesak eginda, sartu ogitan eta ondu.
Jateko prest! Hemingwayren platerik gogokoenean aditua zara jada!
OSAGAIAK
-500 g txahal-haragi xehaturik
-Bi baratxuri-ale xehaturik
-2 tipula txiki xehaturik
-Koilarakadatxo bat perrexil xehaturik
-Koilarakadatxo bat India Relish
-Koilarakada bat ozpin-pepino xehaturik
-Bi koilarakada kapar
-Ontziko salbia koilarakadatxo bat
-Koilarakadatxo erdi Beau Monde ongailu (horren ordez gatz, tipula-hauts eta apio-hauts nahasketa bat erabil daiteke)
-Koilarakadatxo erdi Mei Yen piperbeltz (horren ordez gatz, azukre, glutamato eta soja-saltsa nahasketa bat erabil daiteke)
-Gatza eta piperbeltza
-Arrautza irabiatu bat
-Katilukada bat jerez-olio lehor edo katilukada bat ardo zuri
-Koilarakada bat kozinatzeko olio