Zurrumurru xenofobo eta arrazistei modu aktiboan aurre egiten ikastea: Udalak lantegi azkar bat antolatu du maiatzerako zurrumurruen aurkako eragileak prestatzeko

Zurrumurru xenofobo eta arrazistei modu aktiboan aurre egiten ikastea: Udalak lantegi azkar bat antolatu du maiatzerako zurrumurruen aurkako eragileak prestatzeko
Maiatzaren 27an izanen da ikastaroa, doan: leku kopurua mugatua da, eta online eman behar da izena

Iruñeko Udalak eta Zurrumuruen aurkako Nafarroako Zaska Sareak zurrumurruen aurkako doako prestakuntza ikastaro bat antolatu dute: 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendua da, eta maiatzaren 27an izanen da, asteartearekin, Gaztediaren Etxean. Helburua da bai nork bere bizitzan eta bai gizartean arrazakeria eta xenofobia borrokatzeko estrategien, esperientzien eta tresnen inguruan ikastea.

Izena emateko epea zabalik da dagoeneko: ikastaroa egin nahi duenak online formulario bat bete behar du maiatzaren 22a baino lehen. 20 leku daude, eta izen-ematearen ordenaren arabera beteko dira. Argibide gehiago behar izanez gero, idatzi diversidadcultural@pamplona.es helbide elektronikora.

Ikastaroaren helburua da herritarren artean zurrumurruen, estereotipoen eta diskurtso baztertzaileen aurkako ikuspegi kritiko eta konprometitua sustatzea, eta Iruñeko Kultur Aniztasunaren eta Herritartasun Inklusiboaren 2023-2026 aldirako Planaren barruan antolatu dute. Hainbat jatorritako gazteen artean elkarbizitza sustatuko duten programak garatzea du xede plan horrek. 

Zurrumurruen aurkako sareen egitasmoa Bartzelonan sortu zen, 2010ean, eta pixkanaka Espainiako Estatu osoan zabalduz joan dira: hala nola ZAS! Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarea, Stop Rumores Andalucía eta Red Ciudades Estatal antirumores.com sortu dituzte. 2018an Iruñean egin zuten Zurrumurruen aurkako III. Gazte Topaketa, eta 2019an sortu zuten zurrumurruen aurkako sarea ofizialki. Nafarroako Zurrumurruen aurkako Sarea 30 erakundek eta kolektibok osatzen dute, eta helburu bera dute denek: estereotipo eta zurrumurru xenofobo eta arrazistak suntsitzea. Horretarako, informazio egokia zabaltzen dute zurrumurruak gezurtatzeko.

Udala eta zurrumurruen aurkako sarea elkarlanean aritzen dira sarea sortu zenetik, prestakuntza emateko nagusiki, bai herritarrei eta bai Udaleko langileei ere. Finean, helburua da herritarrei tresnak ematea espiritu kritikoa eta sentsibilizatua garatu ahal izateko, horrek bide emanen baitie diskurtso baztertzaile eta xenofoboei aurre egin eta arrazoibide alternatiboak garatzeko. Hala, herritarrek kultur aniztasunari dagokion balioa ematen dioten arrazoibideak garatzen ahalko dituzte, eta horrek mesede eginen dio kulturen arteko elkarbizitzari, eta inklusioa bermatzen lagunduko du.

GORROTO DISKURTSOEI AURREA HARTU ETA ARRAZAKERIA ETA XENOFOBIA BORROKATZEA
•    Eguna: 2025eko maiatzaren 27a
•    Ordua: 17:30etik 20:30era
•    Tokia: Gaztediaren Etxea
 

¿Te ha sido útil esta página?