Zuriz eta gorriz jantzitako 562 iruindarren aurpegiak izanen dira aurtengo sanferminen irudia. “Aurten bai, azkenik, bizi itzazu!” kanpainak jaietan herritarrek duten funtsezko eta ezinbesteko zeregina aitortu nahi du, eta ospakizunaren protagonista bihurtu nahi ditu, COVID-19aren pandemiagatik bi urteko hutsunearen ondoren. Gaur Enrique Maya Iruñeko alkateak aurkeztu duen ekimen honek hiriko puntu nagusietara eramanen ditu pertsona horien erretratuak, Iruñearen irudi adeitsu, familiarteko, dibertigarri eta alaia zabaltzeko. Argazki horiek hiria jantziko dute nazioarteko oihartzun handieneko egunetan.
Kanpainak ekainaren hasieran egindako argazkiez hornitzen da; izan ere, ekainaren 11n, larunbatarekin, Udaletxeko ezkaratzea photocall bihurtu zen nahi zuen orok zuriz eta zapi gorria jantzita, bakarka edo bikoteka, argazkia egiteko. Sei ordu eskasean, adin guztietako 562 lagunek erantzun zioten deiari. Orain, haien irudiez beteko da hiria. Zehazki, argazkiak paratuko dira aparkaleku publikoen sarreretan, autobus-geltoki zaharraren kanpoko aldean, Udalak hirian sakabanatuta dituen pantaila digitaletan eta kaleetan, Udalak dituen 52 mupietan.
Kartelak gaur goizean hasi dira jartzen. Ekintza honetako parte-hartzaileek www.sanferminespamplona.es webgunean egiaztatzen ahalko dute bere irudiaren kokapen zehatza, aurrez aurre ikustera joan ahal izateko. Alkateak parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie hiriaren irudi bat eskaini nahi izateagatik, non irribarrea funtsezko elementua baita, hari nagusia. “Uste dut hiri osoarendako ekimen oso polita dela. Irribarre horiekin gure hiriaren irudirik politena eskainiko diogu mundu guztiari”, aitortu du Enrique Mayak.
Ekimen hau sanferminik gabeko bi urteren amaiera da, non #BizikoDitugu mezua ilusio eta esperantzaren hitza bihurtu baitzen. Osasun egoera kritiko baten ondorioz, zeinak eragin baitzituen Nafarroan 1590 hildako eta Espainian 108.000, jaiak ezin ospatu izanak areagotu zituensanferminen inguruko batasun sentimendua eta jaiak ospatzeko nahia. Horregatik, 2020ko uztailean Iruñeko Udalak keinu bat egin zien herritarrei. Ordu hartan, iruindarrei zuriz eta gorriz jantzita argazkiak bidaltzeko eskatu zitzaien. Haiekin korporeo bat paratu zen Gazteluko plazan #BizikoDitugu hitzez osatua. “Azkenik iritsi da egun hori eta, nola ez, azkenean biziko ditugun jai hauek iruindarren argazkiek jantziko dituzte”, azpimarratu du alkateak.