“Zuri Madame… liburuak hesien kontra” dokumentalaren proiekzioa, astelehenean, Kondestablen, haur-literaturaren bidez errefuxiatu siriar adingabeekin egindako proiektu bat hizpide hartuta

“Zuri Madame… liburuak hesien kontra” dokumentalaren proiekzioa, astelehenean, Kondestablen, haur-literaturaren bidez errefuxiatu siriar adingabeekin egindako proiektu bat hizpide hartuta
Proiekzioa Bikoteka 2020 lantegiaren hasierarekin batera dator, non zortzi idazle- eta ilustratzaile-bikotek prestakuntza jasotzen baitute euskarazko liburu grafikoak sortzeko
Zuri Madame… liburuak hesien kontra

“Zuri Madame… liburuak hesien kontra” da Lapurdiko Kiribil konpainiako kideen esperientzia biltzen duen dokumentalaren izenburua. Libanon errefuxiatuta zeuden siriarren kanpaleku batera bidaiatu zuten, liburu grafikoen bidez hango neska-mutikoei zuzendutako proiektu bat abian jartzeko. Euskarazko dokumentala astelehenen honetan proiektatuko da, 19:30ean, Kondestableko Civivoxean. Sarrera librea da, aldez aurretik gonbidapena hartuta.
 

Jarduera hau Bikoteka 2020 lantegiaren hasierarekin batera dator, eta bertan datorren astean 8 idazle- ilustratzaile-bikoteri prestakuntza emanen zaie euskarazko liburu grafikoak eta album irudidunak sortzeko. Proiekzioaren ondorengo solasaldian Markotz Hiribarne dokumentalaren zuzendariak eta Paxkal Indo Kiribil konpainiako kideak parte hartuko dute. 
 

Artea larrialdi-egoeretan lagungarri izan daitekeen konbentzimendutik sortu zen dokumentalak kontatzen duen bidaia. Haur-literatura, album irudidunak eta arte-esperientzia baliatuz garatu zuen konpainiak Siriako haur errefuxiatuekin batera “Liburuak hesiaren kontra” ekimena. Dokumentala testigantza bat da, artea eta kultura gerrak zauritutako pertsonak sendatu eta berrosatzeko balia daitezkeela erakusten duena. Muturreko edozein gatazka egoeratan arte- eta kultura-jarduketarako eremu bat ireki dezakeen ikuspegi berezi bat erakusten du, umiltasunez. Irudiek une iheskorrak proiektatzen dituzte, non barreak, irakurketak eta sorkuntzak liskartsuegia den errealitatea alboratzen laguntzen duten. 
 

Lau urte euskarazko album irudidunen prestakuntzan
 

Astelehenean hasiko da Galtzagorri Elkarteak Udalarekin lankidetzan laugarren aldiz antolatu duen Bikoteka 2020 lantegia, ostiralera arte ilustrazio- eta narrazio-ikastaro trinkoa egiteko hautatuak izan diren zortzi idazle- eta ilustratzaile-bikote elkartuko dituena. Lantegia Descalzos kaleko udal aretoan eginen da eta euskarazko liburu bat pentsatzen, idazten, sekuentziatzen, marrazten eta argitaratzen jardunen dira.
 

Lantegiak haurrendako euskarazko liburu grafiko edo album irudidun berriak sortzeko akuilu izatea du xede, baita dinamika berriak barneratzea ere, hautatuak izan diren idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu dezaten eta batera egin dezaten liburu grafiko bat. Horregatik, izangaiak hautatzerakoan egile berriei eman zaie lehentasuna. Lantegiaren helburua da parte hartzen duen bikote bakoitzak haurrei zuzendutako bere album irudidunari ekitea. Hori horrela, hasierako ideia bat eskatu zaie abiapuntu modura. Aurten Yolanda Arrietak eta Aitziber Alonsok emanen dute prestakuntza.
 

Edizio honetan parte hartzen dutenek lehen eskutik ezagutu ahal izanen dute euskarazko album irudidunen argitalpenaren mundua. Karla Fernandez Gamboa album irudidunetan adituari lantegira etortzeko gonbita egin zaio idazleekin eta ilustratzaileekin hitz egin dezan abian jarri nahi dituzten proiektuez eta argitalpen ilustratu horien eta didaktikaren artean dagoen harremanaz.
 

Galtzagorri Elkarteak 2017ko martxoan egin zuen lehen Bikoteka tailerra, Etxepare saria antolatzen duten entitateen ekimenez.  Urte horretan eratu zen bikoteetako batek, Ainara Azpiazu “Axpi” eta Paula Estévezek osatutakoak irabazi zuen 2017ko saria.  “Arraroa” album irabazleaz gain, lantegian abiatutako beste lan batzuk ere aurkeztu ziren sariketara. 2018ko eta 2019ko edizioek ere uzta ona utzi zuten, lantegietan parte hartu zuten bikoteen lanek irabazi baitzituzten bi edizioetako Etxepare Sariak: Daniel Martirena eta Ana Ibáñezen "Cosimoren katiuskak" albumak 2018an, eta Asier Iturralde eta Aintzane Usandizagaren "Etxe honetan" lanak 2019an.