#ZureKonpartsaAtera lehiaketako sariak banatu zaizkie hiriko erraldoi eta buruhandiekin maitemindutako bederatzi artistari, gaur goizean, Kondestablearen jauregian

#ZureKonpartsaAtera lehiaketako sariak banatu zaizkie hiriko erraldoi eta buruhandiekin maitemindutako bederatzi artistari, gaur goizean, Kondestablearen jauregian
Haurrei zuzendutako eskulan- eta pintura-sariketa hori Iruñeko Udalak konfinamenduan abian jarritako ekimenetako bat izan zen
Irudia
Irudia
Irudia



Gaur eguerdian, Kondestablearen jauregian, sariak jaso dituzte Udalaren #ZureKonpartsaAtera marrazki- eta eskulan-lehiaketaren karietara konfinamenduan saridun izan diren haurrek. Bertan zituzten zain Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irudia duten askotariko produktuak. Konfinamenduan, haurrek 200 marrazkitik gora aurkeztu zituzten aisia-denbora sormenez eta modu dibertigarrian igarotzeko abiatu zen lehiaketara, Iruñeko Udalak #ZurekinZureEtxean lelopean egindako jarduera eta proposamenen barruan.
 

Lan horiek guztiak Instagram sare sozialeko profilen bidez kudeatu ziren, eta argazki-galeria batean egon dira ikusgai, www.pamplona.es-en. Horrez gain, hiriko artxibora eramanen dira laster. Gaur, hamaika haur saridunetako bederatzi, 1 eta 10 urte bitartekoak, Kale Nagusiko 2ra etorri dira, gurasoek edo tutoreek lagundurik, Enrique Maya alkateak sariak eman ziezazkien. Honako hauek ziren sariak: jostailuak txukun gordetzeko kutxak, katiluak, planoak, txanoak, bizkar-zorroak, kamisetak, mahai-zapi indibidualak eta irakurketan trebatzeko liburuak. Zozketan parte hartu zuten profiletako haur hauek jaso dituzte sariok: Belén Carnicero, Álvaro eta Lucía Ilundain, Noa Ávila, Egoi eta Anne Apecechea, Enaitz Robles eta Martín eta Telmo Cabañas. Yago Díaz eta Leire Recio ezin izan dira sari-banaketara etorri.
 

Orain, zehazteke dago Iruñeko Udalak emanen duen sariaren bigarren zatirako data: haurrek une berezi bat bizi ahal izanen dute haien pertsonaia gogokoenekin, eta hala, lehiaketari buru emanen zaio, Konpartsarekin argazkia aterata. Pintura- eta eskulan-sariketak ez zuen norgehiagokako izaerarik, eta sariak parte hartzen zuten profilen artean zozketa eginez esleitzen ziren, astez aste, lau astetan; horrela, profil irabazlearen familia-unitateko haur guztiak ziren saridun.
 

Lehiaketak irudi asko utzi dizkigu: kartoizko tutuez edo eva-gomaz egindako erraldoiak, jolasteko eraikuntza-piezez egindako udaletxeak, plastilinaz edo pixel-art teknikaz egindako figurak, kartoi mehean egindako konposizioak, koloreztatzeko zaldikoak, kiliki ebakigarriak, irakiteko pastaz egindako collageak eta etxean egindako cookieak apaintzeko konpartsa-pertsonaien figurak, besteak beste. Hori guztia hiriaren ondare dokumentalaren parte da dagoeneko. Halaber, herritarrek COVID-19ak eragindako konfinamendu-garaian zituzten denbora-pasen lekukotasuna utziko dute, etorkizunerako.

¿Te ha sido útil esta página?