‘Zurekin hazten’ udal-programaren barruan, familia-laguntzako eta gurasotasun positiboko 23 talde osatu ziren joan den ikasturtean, eta guztira 280 lagunek hartu zuten parte

‘Zurekin hazten’ udal-programaren barruan, familia-laguntzako eta gurasotasun positiboko 23 talde osatu ziren joan den ikasturtean, eta guztira 280 lagunek hartu zuten parte
Tokiko Gobernu Batzarrak programa horren laugarren luzapena onetsi du, eta 75.474 euroko aurrekontua du
parentalidad

 

2024-2025eko ikasturtean familia-laguntzako eta gurasotasun positiboko 23 talde osatu ziren Zurekin hazten udal-programan, eta 280 lagunek hartu zuten parte. 117 lagunek parte hartu zuten aurrez aurre egin ziren hamalau ikastaroetan eta 110 online egin ziren bederatzietan. Aurrez aurreko ikastaroak zentro komunitarioetan eta Udalaren espazioetan egin ziren, Arrotxapean, Iturraman, Santa María la Realen, Alde Zaharrean eta Zabalgunean.

Taldeak Iruñean bizi diren eta haurren, nerabeen eta gazteen heziketari eta hazkuntzari lotutako guraso-gaitasunak indartu nahi dituzten familiei zuzenduta daude. Aurreko ikasturtean taldeetan parte hartu zutenek batez beste 10etik 8,9 puntuko balorazioa eman zioten ikastaroari. Irailetik aurrera irekiko da izena emateko epea datorren ikasturteko taldeak osatzeko.

Gainera, hainbat auzo-unitatek sustatutako sei talde antolatu ziren, erabiltzaileengan hauteman zituzten beharretatik abiatuta. Talde horietan 62 lagunek hartu zuten parte eta aurrez aurre egin ziren Etxabakoitzen, Ermitagañan, Buztintxurin, Sanduzelain eta Mendillorrin. Auzo-unitateetako teknikarien zein parte-hartzaileen batez besteko balorazio orokorra 10etik 9 puntukoa izan zen.

Tokiko Gobernu Batzarrak Zurekin hazten udal-programaren laugarren luzapena onetsi du: Agintzari S. Gizarte Ekimeneko Koop. enpresak kudeatzen du, eta 2021etik, lau luzapenen ostean, 2026ko ekainaren 30ean amaituko den kontratuaren adjudikazioduna da. Aurrekontuak 75.474 eurokoa da. 

Esperientziak partekatzeko taldeendako guneak
Taldeetan parte hartzen duten gurasoek beren zalantzak eta ardurak partekatzen ahal dituzte eta profesionalen laguntza jaso, emozioen, hezkuntzaren edo familia-elkarbizitzaren inguruan. Beraz, bakoitzak bere seme-alabekin dituen eguneroko esperientziak partekatuz ikasteko aukera bat da, bai eta maitasuna, errespetua eta lankidetza nagusi diren familia-giroa eraikitzen joateko ere. 

Gurasotasun positiboa, tratu ona eta zaintzak lotuta doaz, eta segurtasuna, enpatia eta errespetua dituzten haur zoriontsuak hezteko oinarrizkoak dira. Balio horiek familiei on egiteaz gain, gizarte bidezkoago eta baketsuago bat ere eraikitzen dute. Zurekin hazten programan 1,5 orduko 7 saio eginen dira astean behin ikasturte osoan zehar. Taldeak seme-alaben adin-tarteen arabera antolatu dira, eta 0-6 urte bitarteko, 7-12 urte bitarteko eta 13-18 urte bitarteko taldeetan izena emateko aukera dago. Abiapuntu gisa, talde bakoitzean sortzen diren intereseko gaiak landuko dira, hala nola pantailak, mugak, komunikazioa eta sexualitatea. 

¿Te ha sido útil esta página?