Zur gainean egindako The Rewood grafiti-lanak estaltzen ditu Ziudadelako Labeko hormak, Arte Hiritarreko FAUNA Jaialdiko grafiti-puska koloristak bilduta

Zur gainean egindako The Rewood grafiti-lanak estaltzen ditu Ziudadelako Labeko hormak, Arte Hiritarreko FAUNA Jaialdiko grafiti-puska koloristak bilduta
Erakusketa berri honek joan den azaroan egin zen ekimenaren esangura eta garapenari buruzko argazkiak eta bideoak ere jasoko ditu

Gaurtik hasita eta uztailaren 1era arte, arte hiritarreko adierazpenek txoko bat izango dute Ziudadelako Labean. Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Cantamañanas kolektiboko Jabi Landa "Corte" eta Javi Roldán "Pin" ordezkariek gaur goizean aurkeztu dute The Rewood erakusketa, joan den azaroan Arte Hiritarreko FAUNA Jaialdian parte hartu zuten hamaika artistaren beste hainbeste lan biltzen dituena. Grafiti-puskez gain, ikusgai paratuko dira hiru egun iraun zuen jaialdiko zenbait une erakusten dituzten argazki eta bideoak. Erakusketaren aurkezpenean, artistek gogora ekarri nahi izan dute Guillem "TREZE", FAUNA jaialdian parte hartu eta bere azken obra pintatu zuen egile katalana.

Atzera begirako erakusketa hau hainbat udalerritako artisten lanen sorta bat da, tokiko artistak ere barne hartzen dituena, honako hauez osatutako talde anitza eta heterogeneoa sortuz: CORTE, CHAPU, IMSE, NENU, DINO, JEDIS, SAOKA, ZURIK, TEGOS, AL eta PIN. FAUNA jaialdian zehar, zuzenean erakutsi zuten beren artea, eta bertatik bertara ikusarazi zituzten beren sormen-prozesuak, xede horretarako paratu ziren bi gainazal handitan margotuz. Erakusketaren lan guztiak jaialdiaren hiru egunetan sortu ziren, eta pintura horietako xehetasunak jarri dira ikusgai, bere garaian 150 m2 inguruko gainazala estaltzen zuten pinturen zatiak. Orain, The Rewooden bitartez, horma-irudi horren puska koloristak bildu dira, eta nolabaiteko elkarrizketa sortu da estiloen artean, betiere ikusleak interpelatu asmoz.

Hori horrela, erakusketa honek FAUNAren jarraipena izan nahi du; izan ere, urte askoren ostean Iruñean egin den hiri-kulturako lehen ekitaldia izan da, hip hoparen zenbait diziplina uztartu dituena ikuskizun, lantegi eta erakustaldien bitartez. Egileen ustetan, orain jaialdia aberastutako da, denbora-tarte baten ondoren egindako berrirakurketari esker, eta ekimenari balioa eransten dion erakusketari esker.

Cantamañanas elkartea izan da erakusketaren sustatzailea eta jaialdiaren antolatzaile-laguntzailea, eta xede du arte-hiritarra ikusaraztea eta horren barruko esperientziak eta sorkuntzak transmititzea; aldi berean, elkarteak aintzat hartzen ditu, aberasgarri dituelako, aldaketa eta gizartearen parte-hartzea sustatzeko artea eta kultura tresna gisa baliatzen dituzten gazteen ideiak eta sorkuntzak.

The Rewood

  • Datak: Maiatzak 17 - Uztailak 1
  • Lekua: Ziudadelako Labea
  • Edukia: arte hiritarreko lanak
  • Bisita-ordutegia: asteartetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara
¿Te ha sido útil esta página?