Gaur Zuhaitzaren Eguna ibai-parkearen ingurunean izan da, Sadar errekaren ertzetan zehazkiago, Azpilagañako ingurabidearen parean. Udalbatzako ordezkari eta lorazain batzuen laguntzaz, Azpilagañako HLHIPko Lehen Hezkuntzako 6. mailako berrogeita hamar bat ikaslek 25 bat zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte, bertoko pago, haltz, hurritz, elorri beltz, eta hainbat usain-belar. Ikasleek, oroigarri gisa eta etxeetan landatzeko, loreontziak eraman dituzte, dragoi-muturrak, gordetxak, ahuntz-prakak eta oroiloreak loretan daudela.
Haiekin Mikel Baztán zegoen, Iruñeko Udaleko Parke, Lorategi eta Berdeguneetako Zerbitzuko zuzendari teknikoa, hiri batean zuhaitz-eremuek duten funtsezko zeregina azaldu diena. Ikasleek gaurko saioaren aurretik landu dute gaia, ikasgelan; eta ikasi dute hirian zuhaitzek mikroklima sortzen dutela, aire-kalitatea eta, hortaz, bizi-kalitatea hobetuz, hiriko itxuraz gain. Ingurumen-hezkuntzan, ikasleak engaiatzeak landare-ondarea ezagutu eta gozatzea ahalbidetzen du, eta, hortaz, gerora ere zaindu eta mantentzea.
Gainera, Iruñeak badu abantaila bat: 17,5 kilometrotan dauka ibai-parkea, eta bertan, ibai-ertzeko berezko basoari lotutako zuhaitzak, landare eta animaliak. Kilometro horietako 11 Arga ibaiaren ertzean daude, eta 6,5 Sadar eta Elortzenetan. Bi hamarkada eman ditu hiriak gune horietako eremuak leheneratu eta egoera onean mantentzeko lanetan, baita ere, ibai bakoitzean, ertzetan zehar irisgarritasuna erraztu eta etenik gabeko ibilbidea ahalbidetzeko, ertzen arteko pasabideak barne.
Ingurumen-ikuspegitik, Udalak ibaiertzen bilakaera naturala lagundu nahi du, berezko ekosistemek garatzen jarrai dezaten, hiri-ingurunean igarobide natural bilakatu eta hiriko jasangarritasun-adierazleak ugaritzen baitituzte. Adibidez, hiri-ingurune berdea den ibai-parkeari lotutako landareak eta animaliak babesteko eta hedatzeko udal-estrategia gauzatzen ari da saguzar arruntak, hirian bereziki ugariak diren larre-orkideak eta horrelako espezie zaurgarriak babestu eta bultzatzeko planetan. Hiri-bioaniztasun hori hiriko bizi-kalitatearen adierazle bat da.
Iruña igarobide-azpiegitura berde bat garatzeko lanean ari da, hiriko ibaiek lotu ditzaten natura-ingurunea eta hiri-eremua. Gainera, parkeak, lorategiak eta kale zuhaitzdunak elkarri lotuko dizkion sarearen abiapuntua izango dira ibaiak, bizigarritasuna, osasuna, aisia, tenperaturen igoeraren arintzea eta bizi-kalitatea, oro har, hobetze aldera. Azpiegitura berdea herritarren eta hiriko jasangarritasuna helmuga duten entitateen parte-hartzeaz eta elkarlanaz garatu nahi da.