Zortzi kartel finalistak aurkeztu dira, eta Iruñeko herritarrek jada hautatu ahal dute aurtengo sanferminak iragarriko dituena

Zortzi kartel finalistak aurkeztu dira, eta Iruñeko herritarrek jada hautatu ahal dute aurtengo sanferminak iragarriko dituena
Apirilaren 30a arte bozkatu ahalko da, www.pamplona.es-n, zazpi Civivoxetan eta 010 edo 948420100 telefonoan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko herritarrek jada hartu ahal dute parte aurtengo sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko bozketan. Eguerdian, Kondestablearen jauregian, Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta Maitena Muruzabal Alorreko zuzendariak ezagutzera eman dute zeintzuk diren 2019ko Sanferminetako Nazioarteko Kartel Lehiaketako zortzi finalistak. Horiekin batera, epaimahaikide batzuk ere izan dira prentsaurrekoan, epaimahaikide aritu direnak honako hauek direlarik: María Tellechea, komunikazioan aditua, Nafarroako Komunikazio-Enpresen Elkarteak izendatua; Marisa Mantxola, diseinatzaile grafikoa; María José Recalde, artista plastikoa; Carlos Cenoz, hiri-artista eta ilustratzailea; Javier Eguiluz, artista plastikoa; eta Javier Manzanos, arte plastikoetako udal-teknikaria. Saria 3.600 eurokoa izango da.

Hauek dira zortzi finalistak:

  • 1. zk. 37 – Artea kalean dago
  • 2. zk. 90 – Bateratasuna
  • 3. zk. 105 – Atzo uztailaren 6ren batekin amestu nuen
  • 4. zk. 143 – Zure atzetik
  • 5. zk. 217 – Sentimendu- uholdea
  • 6. zk. 233 – Zerumuga 
  • 7. zk. 234 – Zaldiko
  • 8. zk. 270 – Txist-jazz, Yeah!

Bozkatzeko aukera, jada webgunean, 010an eta aurrez aurre
Iruñean erroldatuta daudenek apirilaren 30eko 19:00ak arte bozkatu ahal dute kartel irabazlea hautatzeko. Webgunean, aurrez aurre edo telefonoz. www.pamplona.es webgunearen hasiera-orrian nabarmendutako bost gaien artean esteka bat gaitu da, xede horretarako. Hortik botoa emateko orrira iristen da, non zortzi kartelen irudiak agertuko baitira, bai eta botoa emateko argibideak ere. Karteletan klik egiteko aukera egongo da, horiek handitu eta xehetasunak arretaz begiratu ahal izateko. Halaber, www.sanferminoficial.com-tik ere bozka daiteke.

Era berean, kartel finalistak aurkeztu bezain laster 010 edo 948420100 telefonoaren bidezko zenbaketa ere hasi da. Zerbitzuaren ohiko ordutegian bozkatu ahalko da; astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era. Aste Santuko jaiegunetan, ostegunetik astelehenera, 010a ez da erabilgai izango.

Azkenik, bihar, asteazkenean, zazpi Civivoxetan abiatuko da bozketa: Kondestable, Zabalgunea, Iturrama, Juslarrocha, Mendillorri, Milagrosa eta Sanduzelai. Udalak prestatutako txartelak eskuragai izango dira guztietan. Hauxe da Civivoxen ordutegia: astelehenetik larunbatera 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Aste Santuko bost jaiegunetan Civivoxak itxita egongo dira, Iturrama eta Kondestablea izan ezik –larunbatean ohiko ordutegian irekiko baitute–. Gainera, Kondestablen ordenagailu bat gaituko da Interneten bidez ere bozkatu ahal izateko.
Botoa emateko baldintza bakarra da Iruñean erroldatuta egotea. Izena eta lehen abizena eta NAN, AIZ edo pasaporte zenbakia eman beharko dira, datuen egiazkotasuna eta botoaren baliozkotasuna egiaztatu ahal izateko.

Kondestablearen jauregian kartelak ikusgai
Hautatutako kartelak Kondestablearen jauregiko patioan daude ikusgai, eta bertan egongo dira hautaketa-egunera arte. Bozketaren emaitza jakitera emango da maiatzaren 2an, ostegunarekin, behin emandako botoak zenbatu eta gero. Lehiaketaren oinarriekin bat, lehiaketa-prozesua egiten den bitartean ezin izango da, inoiz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den. 

Gaur ezagutzera eman diren 8 artelanak apirilaren 5ean hautatutako 20ren artean aukeratu dira, behin euskarri fisikoan aurkeztuta. Aurten Udalak berritasun bat sartu zuen lehiaketan: parte-hartzaileek hasieran kartela jpg formatuan aurkeztu behar izatea, eta, aukeran, lanaren azalpen teoriko batez lagunduta. Aurten 277 kartel aurkeztu dira; horietako 106 (guztizkoaren % 38) Iruñetik datoz eta 56 (guztizkoaren % 20), aldiz, Nafarroako beste toki batzuetatik. Horrez gain, beste probintzia batzuetako 113 artelan daude (guztizkoaren % 41), eta 2 beste herrialde batzuetakoak (ia % 1).

Iaz kartel irabazlea Iruña, argien hiria izan zen, Adriana Eransus Azpilicueta iruindarraren lana. 2.200 boto jaso zuen, emandako 6.511ren % 33,8. Iruña aldarrikatzen zuen argien, aniztasunaren eta harmoniaren hiri gisa, eta Oscar saridun La La Land filmeko protagonistak City of stars dantzatzen nola, hala agertzen zitzaizkigun Toko-Toko eta Braulia hiriaren erdian.

¿Te ha sido útil esta página?