Ziudadelako Mistoen eraikinak arte plastikoen erakusketa bat hartuko du bere bi solairuetan: naturari buruzko 36 ikuspegi ezberdin dira, udaberrian artistek, gainerako herritarrek bezala, bizi izan zuten itxialdiaren ikuspuntutik egindakoak. Artista bakoitza konfinamenduaren eta urteko garai horretan faunak, florak eta klimak leiho eta balkoiez bestaldean duten indarraren arteko kontrapuntua bilatzen saiatu da. ‘Artea eta natura’ erakusketa datorren irailaren 13ra arte egonen da ikusgai.
Martxoan herritarren konfinamendu orokorra ezarri zenean, Iruñeko Udala, Nafar Ateneoarekin elkarlanean, arte plastikoen erakusketa kolektibo bat prestatzen ari zen artista-talde honekin. Ideia baztertu beharrean, panorama berria aitzakia izan zen ideia berriz planteatu eta etxetik ateratzeko eragozpena aukera gisa ikusteko, eta horrela patxada, monotonia eta denbora librearen ikuspuntutik irudikatzeko naturak duen indarra eta hori arte bilakatzeko eskaintzen dituen aukerak.
Erakusketa honetan parte hartzen duten 36 artistek ibilbide luzea dute, eta naturak indar handia izan du beti ibilbide horietan. Fauna eta florarekiko harremana defendatzen dute, gaurko gizartean gero eta ohikoagoak diren bestelako errutina batzuen aurrean: “Teknologiarekiko mendekotasuna handitzen ari den honetan, gero eta gehiago, bizitza pantailen bidez ikusten dugu; bitartean, artista asko hiritik kanpora doaz, hango espazio ireki, soro eta bideen bila, haiez bost zentzumenekin gozatzera. Era berean, badira funtsean hiritarrak diren artistak, baina haiek ere hiriko bizimodua atseginago egiten duen beste natura "etxekotu" hori dute mintzagai beren sorkuntzetan”, diote erakusketa kolektiboaren aurkezpenean.
Nafarroa, naturaren indarra eta aniztasuna islatzeko lurralde egokia
Erakusketa honen ideiak are garrantzi handiagoa du Nafarroan, kontuan hartuta bertako paisaia- eta natura-aniztasuna. Horrela, ikusgai dauden obren artean ikus daitezke Erkidegoko iparraldeko basoak zein Bardeako lurretako basamortu latza, bai eta Nafarroako geografia ia osoan ditugun ibai eta mendiak ere.
Errealitate hau talde-erakusketa planteatu zen lehenengo unetik hartu da kontuan: “Obretan, hiria desagertuz doan heinean Pirinioak, Bardea, inguruan ditugun era guztietako basoak irudikatuta agertzeak erakusten du sosegatzeko eta airearekin eta argiarekin, eguzkiarekin eta euriarekin harremanean jarriko gaituzten inguruetatik gertu sentitzeko dugun beharra”, diote artistek erakusketaren aurkezpenean.
Nafarroako Komunitateko inguru naturala modu artistikoan ezagutzera emateaz gain, erakusketako sustatzaileek guztiona den ondasun bat aldarrikatu eta babestu nahi dute, modu batean edo bestean guztiok disfrutatu beharko genukeen ondasuna: “Bizileku dugu, errespetua zor diogu, eta artista asko etortzen da hura birsortu eta hari begiratuz gozamena hartzera”, defendatzen dute Nafarroan dugun naturari buruz ari direnean.
Ziudadelako erakusketa-aretoen ordutegia luzatu da udan
Ziudadelako erakusketa-aretoen jendaurreko ordutegia luzatu da udan. Lehen aldiz sasoi honetan, lanegunetako goizetan ere irekiko dituzte, asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30era. Horrela, aretoak astero ohi baino zortzi ordu gehiagotan daude irekita, hiriko kultur eskaintza zabaltzeko.
Horrela, irailaren 30era bitarte, Ziudadelako Arma aretoko, Bolborategiko, Mistoen eraikineko eta Labeko bilduma, instalazio eta erakusketak bisitatzen ahalko dira asteartetik igandera eta jaiegunetan goizez, 11:30etik 13:30era, eta arratsaldez, asteartetik larunbatera, 18:30etik 21:00etara. Astelehenetan aretoak itxita egonen dira.
Erakusketan parte hartzen duten artistak
- Luis Garrido
- Alicia Irigoyen
- Conchita Bardají
- Julio Pablo
- Javier Sueskun
- Miguel Ángel Eugui
- Pedro Osés
- Carlos Puig
- Juan José Lazkano
- Tomás Sobrino
- Marta Loredo
- Pello Azketa
- Fermín Alvira
- Ignacio Muro
- José Ignacio Agorreta
- Carlos López
- Cristina Cidriain
- Ángel Presencio
- Iker Serrano
- Alfonso Ascunce
- Juan Belzunegui
- María Jiménez Moreno
- Marijose Recalde
- Teresa Sabaté
- Virginia Santos
- Carmen Salgado Amado
- Sagrario San Martín
- Juan Sukilbide
- Celia Eslava
- Ángela Moreno
- Elena Goñi
- Pedro Salaberri
- Carlos Cánovas
- Miguel Bergasa
- Koldo Badillo
- Elena Moreno Jordana